Feminismoarekin lotutako euskarazko edukien bilduma: hitzen definizioak edo idatzizko zein ikus-entzunezko edukiak. Elhuyarren egitasmoa da, eta Leiho morea du izena. Gaur aurkeztu dute Elhuyarren Usurbilgo egoitzan (Gipuzkoa), eta ikusgai dago erabiltzaile guztientzat. EHU eta Deustuko Unibertsitatea dira proiektuaren babesle nagusiak, eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen laguntza ere jaso dute. Erakunde eta eragile hauen edukiak agertzen dira webgunean: BERRIA, Jakin, Elkar, Katakrak, Emakunde, Emagin, Lisipe (Susa), Udako Euskal Unibertsitatea, Argia, EITB, Hamaika, Iñurri eta Txalaparta.Â
Elhuyarrek Feminismoa eta Berdintasuna hiztegia aurkeztu zuen 2020an, eta orain jarraipena eman dio feminismoaren inguruko edukiak gehituta. Besteak beste, artikuluak, liburuak, podcastak eta jardunaldi feministak agertzen dira plataforma horretan, Itziar Cortes Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaileak azaldu duenez.
Cortesek nabarmendu du webgunea «berrikuntza nabarmena» dela beste corpusekin alderatuta: «Ohiko corpusek idatzizko edukiak izaten badituzte ere, guk ikus-entzunezkoak ere sartu ditugu». Izan ere, idatzizko eta ikus-entzunezko edukiak uztartzen dituen euskarazko lehen bilduma da Leiho morea. Hala, atariaren helburu nagusietako bat «erreferentziazko webgune» bihurtzea dela onartu du Cortesek: «Proiektuak denboran irautea nahi dugu, eta eragile gehiagok parte hartzea». Izan ere, Elhuyarrek eraikitako leihoa irekita dago oraindik, eta hitz gehiago sar ditzaten iradokitzeko aukera ere badago webgunean.
Halaber, Cortesek azpimarratu du bilduma feminista «edonork» erabiltzeko baliabidea dela: profesionalek, kazetariek, hezkuntzako langileek, mugimendu feministako kideek... Eta gehitu du «feminismoaren alorrerako edukiak ulertzeko, erabiltzaileek edukiak sortzeko eta eta diskurtso feminista bat garatzen jarraitzeko» balio duela.Â
Gela bat
Amaia Astobiza Uriarte hizkuntzalariak ere hartu du parte aurkezpenean, eta gehitu feminismoaren alorreko edukiek «gela bat» behar zutela: «Orain gela horrek leiho bat izan behar du, gelatik kanpora begiratzeko ikuspegi feministatik».
Azaldu duenez, webgunean kontzeptu bat bilatzerakoan, hitz horren definizioa agertzen da lehenengo, eta bilduma atalean agertuko dira hitz horrekin lotutako idatzizko eta ikus-entzunezko edukiak. Adibidez, sexismo hitza bilatuta, BERRIA FM podcasteko bi pasarte agertzen dira. Laster, BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek elkarrekin egindako Aleka bildumako liburuen erreferentziak ere agertuko dira.Â
Astobizak azaldu du Leiho morea bilduma «bizia» dela: «Proiektua eguneratuz joango gara, bildumako edukia hornituz eta hiztegia aberastiuz». Feminismoarekin lotutako hitzak bila daitezke lau hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. 150 kontzeptu inguru agertzen dira webgunean.
«Beste mundu bat»
Margaret Bullen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasunerako zuzendariak hizkuntzaren eta maskulinitatearen inguruan hausnartu du: «Generoak inpaktua du mundua izendatzeko moduan, gaitasun hori maskulinitateari egotzi izan zaiolako gizarte patriarkaletan». Hori dela eta, feminismoak literaturan eta kulturan egindako ekarpenek «beste mundu bat» eraiki dutela uste du.
Bullenen iritziz, hizkuntza «errealitate bat eraikitzeko tresna» da, eta azaldu du «feminismotik gureganatzen ari direla» tresna hori. Oroitu du hizkuntza «giza sorkuntza eta sorkuntza kulturala» dela, eta hizkuntzak «errealitatearen pertzepzioan eta bakoitzaren jokabidean» eragiten duela.