Sakon lo egiteko, azazkalak indartzeko eta ilea sendotzeko, muskuluak puzteko; ahalik eta beranduen zahartzeko. Erabil daitezke defizit bat orekatzeko edo intentsitate handiko kirol batean hobeto jarduteko. Askotarikoak izan daitezke elikadura-osagarri gisa saltzen diren produktuen funtzioak, eta askotarikoak herritarrak horiek hartzera bultzatzen dituzten helburuak eta desirak. Sinple esanda, elikadura-osagarriak nutrienteak dituzten produktuak dira, hala nola D bitamina, kreatina, omega 3 eta zuntza. Norberaren elikadura osatzeko har daitezke, eta errezetarik gabe erosi. Naturalak izanagatik ez dira kaltegabeak, ordea, ezta beharrezkoak ere.
EB Europako Batasuneko biztanleen %51k kontsumitu dituzte inoiz elikadura-osagarriak; are, horietatik %62k egunero hartzen dituzte hauts, pilula edo tanta formako bitaminak, AESGP Europako Autozaintza Industriaren Elkarteak urte hasieran egindako ikerketa baten arabera. Ikerketan parte hartu zuten hamar pertsonatik zortzik uste dute elikadura-osagarriak funtsezkoak direla beren osasunerako. Eusko Jaurlaritzako elikadura osasuntsuari buruzko Elika erakundeak, baina, argi dio: «Dieta orekatu batek, fruta eta barazki ugarikoak, beharrezkoak diren nutriente guztiak eman ditzake; hortaz, ez dago zertan inolako osagarririk hartu».
Iritzi berekoak dira Izan Nutrizioa Errenteriako (Gipuzkoa) nutrizio zentroko langile Alazne Mindegia eta June Ibarguen: «Halako osagarriek ez dute elikadura orekatu bat ordezkatzen, eta pertsona guztiek ez dute halakoak hartu beharrik». Halere, aipatu dute zenbait kirol egiteko lagungarriak izan daitezkeela. Haien hitzetan, kreatinak edo kafeinak entrenamendu mota jakin bat indartu dezakete, eta karbohidratoak eta elektrolitoak ere lagungarriak izan daitezke denbora luzez esfortzu fisiko handia egiten dutenentzat. Halere, nabarmendu dute garrantzitsuena entrenamenduetara egokitutako «elikadura egokia» izatea dela, eta «atseden hartzea».
«Halako osagarriek ez dute elikadura orekatu bat ordezkatzen, eta pertsona guztiek ez dute halakoak hartu beharrik»
ALAZNE MINDEGIA ETA JUNE IBARGUEN Izan Nutrizioa zentroko kideak
Entrenamendua, elikadura eta atsedena bezalaxe, elikadura-osagarriak zenbait aldagairen arabera neurtu eta kontsumitu behar dira; hau da, bakoitzaren bizi estiloaren eta beharren arabera. Alabaina, Ibarguenek eta Mindegiak kontsultan artatzen dituzten herritar askok ez dakite zergatik hartzen dituzten: «Elikadura-osagarri bat baino gehiago kontsumitzen duen jendea dator. Gehienek diote ‘lagun batek hartzen duelako’ hartzen dutela haiek ere». Eta badago profil jakin bat: emakumeak eta menopausiadunak, «prozesu fisiologiko horretan gertatzen diren aldaketak gelditu edo hobetu nahian».
Informazio falta arriskutsua izan daitekeen arren, Ibarguenek eta Mindegiak uste dute are arriskutsuagoa dela «informazio egokia» ez izatea: «Badirudi osasuntsuago egoteko, energia gehiago edukitzeko, azala hobetzeko eta hobeto lo egiteko ezinbestekoak direla elikadura-osagarriak. Halakoen onuren inguruan hitz egin ohi da, baina ez da esaten norentzat izan daitezkeen onuragarriak eta zeinentzat kaltegarriak; zer dositan kontsumitu behar diren; zer ebidentzia zientifiko dagoen horien inguruan…».
Elikadura-osagarriak osagai naturalekin egin ohi dira: landareak, bitaminak, aminoazidoak; eta edonork eros ditzake, medikuaren errezetarik izan gabe. Halere, produktua egokia dela ziurtatzeko, zenbait ezaugarri agertu behar dira etiketan: egunean kontsumitu beharreko dosia eta produktua osatzen duten nutrienteen edo substantzien kategoriak, besteak beste. Oro har naturalak eta eroserrazak izan arren, ohartarazpena egin dute Ibarguenek eta Mindegiak: «Askotan pentsatzen da osagarri bat naturala denean edo errezeta gabe erosi daitekeenean ez dela kaltegarria izango. Baina nutriente batzuk kopuru handiegian hartzea kaltegarria izan daiteke osasunerako».
Autozaintzaren industria
Elikadura-osagarrien merkatuko enpresak ez ezik, supermerkatu handiak ere hasi dira zaintzarako elikadura-osagarriak eskaintzen. Adibidez, Mercadonak proteina gehigarria duten jogurtak eta galletak merkaturatu ditu bere-berea duen Hacendado markaren bidez. Halakoak ez dira «deabrutu» behar, Ibarguen eta Mindegiaren arabera, baina ez lukete ohiko elikadura arrunta ordezkatu beharko: «Produktu batzuk aukera onak izan daitezke, baina beste batzuk gehiago saltzeko egiten dituzte. Elikagai bat ez da osasuntsuagoa izango proteina kantitate handiagoa duelako». Proteina gehitu arren txokolatezko galleta bat horixe baita, funtsean: txokolatezko galleta bat. «Eta galleta bat gure elikaduraren parte izan daiteke osasuntsuagoa bihurtzen saiatu gabe», azpimarratu dute.
«Elikagai bat ez da osasuntsuagoa izango proteina kantitate handiagoa duelako»
ALAZNE MINDEGIA ETA JUNE IBARGUEN Izan Nutrizioa zentroko kideak
Supermerkatuetan soilik ez, sare sozialetan ere gero eta ohikoagoa da elikadura osasuntsuaren eta errezeta osasuntsuen inguruko edukia aurkitzea. Kontuz ibili behar da halako mezuekin, ordea, «obsesio» bilakatu baitaitezke: «Ondo dago osasunari garrantzia ematea eta kirola, elikadura orekatua eta atsedena sustatzea, horrek jendea motibatu baitezake. Baina erraz bihur daiteke obsesio, eta zure gorputza, bizi estiloa eta jateko modua gutxiestera bultza zaitzake».
Edonola ere, hazkundea ez ezik, Izan Nutrizioa kontsultako kideek uste dute «ikuspuntu aldaketa handi bat» ere egon dela nutrizioaren sektorean. Haien arabera, orain «garrantzi txikiagoa» ematen zaio pisuari, eta elikadurarekin ezartzen den harremana ez da ez murrizketan, ez debekuan oinarritzen. Hitza hartzean, pantailaren aurrean zein beste aldean, kontuz ibili behar dela ohartarazi dute, ordea: «Informazio asko dago, eta edozeinek hitz egin dezake nutrizioaren inguruan, beste aldean zein dagoen eta informazio edo mezu horrek hartzaileari nola eragin diezaiokeen jakin gabe. Horrek arazo handiak sor ditzake».