Nafarroako Gobernuak 2022ko urrian abiarazi zuen Eliza katolikoaren esparruko biktimen aitortzarako batzordea, 24/2022 foru legearen arrimura. Erakunde horren egitekoa da sexu abusuak salatu dituzten pertsonen kasuak banan-banan aztertzea eta, biktima izaera aitortuz gero, erreparaziorako bideak eskaintzea. Bi urte eta erdiko ibilbidearen ostean, balantzea egin dute gaur batzordeko arduradunek: 2024. urteko txostena aurkeztu dute Jose Antonio Etxauri Tijeras lehendakariak eta Esther Aldabe Monreal batzordekideak, Nafarroako Parlamentuan.
Etxaurik jakinarazi duenez, 27 eskaera jaso zituen batzordeak iaz, biktimen harrerarako bulegoaren bitartez. Horietatik, hamasei pertsonari aitortu zieten biktima izaera eta beste hiru eskaera atzera bota zituzten —abusuak Nafarroatik kanpo gertatu zirelako edo auzibidean daudelako—. Zazpi espediente itxi gabe zeuden urte bukaeran, eta batzordera jotako batek, azkenik, propio eskatu zuen biktimen zerrendatik at uzteko.
2024an identifikatutako biktimen batez besteko adina 65 urte dira —gazteenak 45 urte ditu, eta zaharrenak, 83—, baina gehienek 8 edo 9 urte zituztela sufritu zituzten sexu abusuak. Eraso gehienak 1960ko hamarkadan gertatu ziren. «Garai hartan, Eliza katolikoa erreferentziazko autoritatea zen, eta elizgizonak, berriz, eredutzat jotzen zituzten. Egoera hartan, biktimentzat oso zaila zen gertatzen ari zena identifikatzea edo, are, salatzea», azaldu du Aldabek.
Inpunitate osoz
Abusu ia guztiak «esparru akademikoan» edo «elizan» gertatu ziren. Onartutako hamasei espedienteen artean 11tan, erasotzaileak eskola erlijiosoetako irakasleak izan ziren, eta beste hiru kasutan, berriz, apaiz bat. Erasoen larritasun mailari dagokionez, berriz, hiru kategoriatan sailkatu dituzte: abusu larriak (sei kasu), moderatuak (bederatzi kasu) edo arinak (kasu bakarra). Etxaurik esplikatu duenez, abusu arintzat jotzen dituzte, besteak beste, «arroparen gainetik eginiko ukituak, jazarpena eta ahozko indarkeria». Abusu larriak, berriz, «edozein penetrazio mota edo submisio kimiko bidez eginikoak» dira.
Abusuak sufritu zituzten biktima gehienek (bederatzik) ez zioten inori kontaktu gertatutakoa, hiru pertsonak ikastetxeari jakinarazi zioten, eta lauk, berriz familiari. Erasoen berri emateak, dena den, ez zuen ezer aldatu. Batzordeko presidentearen ustez, horrek agerian uzten du erasotzaileek Eliza katolikoaren barruan eta gizartean bertan zeukaten inpunitatea: «Kasuen %62,5etan, badira gertatutakoaren lekukoak. Erasotzaile batzuek ikasgelan bertan abusatzen zuten ikasleez, denen aurrean».
Gero eta emakume gehiago
Orain arte, ikastetxe erlijiosoetan abusuak salatutako gehienek ezaugarri bertsuak zituzten: 45 eta 70 urte arteko gizonezkoak ziren, hein handi batean. Soslai hori, baina, hasia da aldatzen, Nafarroako biktimen aitortzarako bulegoak bost emakumeren salaketak jaso baititu 2024ko txostenean: «Gero eta emakume gehiago animatzen dira sufritutako abusuak salatzera. Hasiak dira gertatutakoa esplizitu egiten eta jendaurrean kontatzen», esan du Etxaurik. Haren irudiko, lehen urrats bat da hori, «iceberg efektua» gainditzeko: «Eliza katolikoaren esparruko sexu abusuei dagokionez, izozmendiaren tontorra besterik ez dugu ikusi orain arte: zatirik handiena urpean dago».
Erasotzaileen kasuan, berriz, ez dago aldaketarik: gizonezkoak dira ia denak. «Biktimak gizonezkoak diren kasu guzti-guztietan, erasotzaileak ere gizonezkoak dira. Emakumezko biktimen kasuetan, berriz, bost erasotzaile identifikatu ditugu: lau gizonezko eta emakumezko bat. Oso ezohikoa da emakumezko erasotzaileak topatzea».
Ondorio psikologikoak
Txostenaren azken ataletan, sexu abusuen biktimek urteetan pairatutako ondorioak aipagai izan dituzte batzordekideek. Gehienek sexualitateari lotutako albo ondorioak sufritu dituzte nerabezarotik aurrera; besteak beste, sexu grinaren errepresioa, lotsa eta sexu harremanak izateko zailtasunak. «Askok ondorioak nabaritu dituzte pertsonen arteko harremanetan ere, abusuen ondorioz, mesfidantza handia garatu baitzuten».
Biktimen artean, bost pertsonak aitortu dute tratamendu psikologikoa edo psikiatrikoa eman behar izan dietela, abusuen ondorioz. Hiruk, berriz, mendekotasunak garatu dituzte urteekin.