Aurten ere elkarlanean arituko dira BERRIA eta Araba Euskaraz; horretarako, gaur izenpetu dute hitzarmena bataren eta bestearen ordezkariek. Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunaren esanetan, euskarazko egunkari nazionalak hezkuntza komunitateko kideekiko harremana sendotzeko egin duen apustuaren isla da akordioa: «Asmoa da Araba Euskaraz BERRIAren irakurleengana hurbiltzea, baina, era berean, baita BERRIA ere Araba Euskaraz-en bueltan biltzen den komunitatera, eta, batez ere, Bastidako ikastolako komunitatera».
Izan ere, hain zuzen, Bastida ikastolari laguntzeko egingo dute aurten Arabako ikastolen aldeko festa, Gasteizko Olarizun, ekainaren 15ean. Egun horretara begira, BERRIAk egitaraua osatzeko esperientziak jarriko ditu eskura: Asier Kidam magoak ikuskizuna egingo du, eta BERRIAk Araba Euskaraz-eko tonbolan banatzeko hainbat material helaraziko dizkio antolakuntzari, besteak beste. Eguna aurrera eramateko beharrezko beste zenbait material ere jarriko ditu antolakuntzaren eskura: balizamendu zintak, arkuak...
Gainera, lankidetza ez da mugatuko Araba Euskaraz egunera soilik: maiatzaren 17an Mantangorri eskulan tailerra eskaini zuen BERRIAk.