Immigrazioa. Instituzioen politikak

Elkar ulertzeko premian

Erakundeek gero eta usuago jotzen dute aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzuetara etorkinekin elkarbizitza hobetzeko zer egin daitekeen ikusteko. Adituek diote elkar ulertzea dela giltzarria, komunikazioa sustatzea eta elkarrekiko uste eta aurreiritzi faltsuak eraisteko ahaleginean aritzea.

Neskato bat, atzo, Urumea ibaiaren ertzean Errumaniatik etorritako etorkinek duten kanpalekuan; zubipean bizi dira, baina plan bat martxan da gizarteratzen laguntzeko. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2014ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Errezeloz hartzen da, sarri, kanpotik datorrena. Immigrazioari buruzko Ikuspegi@k behatokiak 2012an egin zuen etorkinen aurrean izaten diren jarrerei buruzko azken txostena. Datu argigarriak ditu: jarrera tolerantea dute herritarren %40k, uzkurra %20k. Tartean, gainerakoak. Sestaon (Bizkaia) lehengo astean errealitate hori erakusten duen gatazka bat biluz-biluzian agertu zen; herritarren kezkak eta beldurrak entzun ziren, eta udal agintari baten —Josu Bergara jeltzalea— adierazpen zalapartatsuak. Bizilagunen kezka da Txabarri auzoan segurtasun arazo larriak dituztela. Testuinguru horretan, SOS Arrazakeria taldeak salatu du alkateak hainbat etorkin erroldatzeari muzin egin diola, eta hark etorkinen kontra egindako hainbat adierazpen publiko egin ditu: ilunak eta zatarrak dira, pertsona ororen duintasunaren aurkakoak. Kritika gogorrak eragin ditu alkatearen jarrerak, baina barkamen eske batekin konpondu da auzia. Oraingoz. Nolanahi ere, kontua da gero eta ohikoagoak direla antzeko gatazkak saiheste aldera aholku eta zerbitzu eske jotzen duten erakundeak; tartean, udal asko. Emunen aniztasun eta immigrazio zerbitzuak, esaterako, alor horretan dihardu lanean. Lau urte daramatza martxan. «Prebentzioa lantzea garrantzitsua da», azaldu du zerbitzuko arduradunetako batek, Ainhoa Elicesek. «Eta elkarren berri izatea».

Ugaritzen eta sendotzen ari dira tankera horretako zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzak berak ere badu, esaterako, integrazioa eta elkarbizitza sustatzeko zerbitzu bat: Biltzen. Hamar urte daramatza lanean. Gatazketan dihardu sarritan: argia egiten. Nolanahi ere, ez da erraza alorreko profesionalekin mintzatzea. Urak nahasi egin ditu Sestaoko liskarrak, eta zurrunbiloa baretzen utzi nahi dute. Denek diote beroaldian ezin dela deus egin, eta astia eman behar zaiela prozesuei. Emunen Ainhoa Elicesen ondoan dihardu Amaia Rodriguezek, egiten dituzten proiektuen arduradun. Bat datoz biak: «Salbuespenak dira horrelakoak». Sestaoko alkatearen antzeko jokabideak ez direla ohikoak diote. «Baina bide luzea dago egiteko: oso luzea». Ados dira horretan ere biak.

«Udaletatik jasotzen ditugun kezka gehienak elkarbizitzaren ingurukoak izaten dira», azaldu du Elicesek. «Askotan, zer egin dezaketen galdezka etortzen zaizkigu, prebentzio gisara». Toki gehienetan errepikatu egiten dira jarrera eta arazo antzekoak, Rodriguezen arabera. «Hor ateratzen den gaietako bat da elkar ez ezagutzea... Lantzen duguna, askotan, hori izaten da: nola landu hori. Izan ere, elkar ez ezagutzeak ekartzen ditu askotan beldurrak. Ezagutzen ez duzun horrek ematen dizu normalean beldurra, eta hortik etortzen dira askotan zurrumurruak, askotan azkar zabaltzen direnak». Hor eragiten ahalegintzen dira bereziki.

Abiatzen dituzten programak «tokian-tokian» egokitzen saiatzen dira. Rodriguezek dio funtsezkoa dela hori: «Herritarrek eta herriko eragileek parte hartzea oso garrantzitsua da, eta diagnostiko partekatuak egitea... Bi norabideetako sentsibilizazioa egin behar da». Lanaren zati handi bat, sarri, «zurrumurruak leuntzea» izaten dela dio Elicesek. «Kontua da ikusaraztea askotan ditugun usteak faltsuak direla; pertsonaren jatorriaren arabera gauza batzuk ongi iruditzen zaizkigula, eta beste batzuk, ez. Etorkinei laguntzak eta etxe babestuak ematen zaizkiela salatzen da askotan; aldiz, jendeak ez du gaizki ikusten bere bertako lagun batek ere laguntza horiek izatea...». Horretaz gogoeta egitera bultzatzen dute jendea.

Prebentzioa helburu

Orain buru-belarri ari dira, esaterako, Bergarako (Gipuzkoa) Osintxu auzoan. Auzo txikia da, baina etorkin kopuru handia du: %23-edo kanpotik etorritakoak dira. Oso gustura ari direla dio Rodriguezek: «Benetan polita da nola doan». Urak nahasita zeudela-eta jo zuten eurengana. «Ez zegoen gatazka zehatzik, baina bai giro arraro samarra». Diagnostiko partekatu bat egin dute auzoko eragile guztien artean, eta hortik, «lehentasun» batzuetan oinarrituta, hainbat ekintza zehatzen inguruan jardun nahi dute. «Jendea parte hartzen ari da, eta ekarpen dezente jasotzen ari gara». Era horretako jarduerekin «prebentzioa» lantzen dute. Gehienetan, mahai batean denak elkarrekin esertzeak bidea asko samurtzen duela diote.

Hezkuntzan ere aritzen dira, profesionalei trebakuntza ematen. Ikasgelan immigrazioaren fenomenoa zinez erronka zaila dela diote. Ikasturtea martxan dela hasten dira usu etorkinen seme-alabak eskolan, euskaraz ez dute hitz bakar bat ere egiten, eta «eguneroko jardunean» buruhauste handiak izaten dituzte maisu-maistrek errealitate horri behar bezala erantzuteko. Zaila dela onartu dute: «Gu saiatzen gara baliabide batzuk ematen, baina gero irakaslea da hor geratzen dena».

Baikor dira. Instituzioetatik, oro har, lanerako ildo egokiak jartzen direla diote. «Elkarbizitzaren inguruko kezka bada». Argi dute «zeharlerrotasunean» landu beharreko gaia dela, eta erakundeetan, oro har, ideia hori «barneratzen» ari direla diote. Etorkinen taldeen aldetik ere bai. Ez oztoporik gabe, ordea. «Jendeak parte hartzen du. Baina hor egin behar da lan pixka bat; askotan haientzat zailagoa da bileretan-eta parte hartzea. Baina beharrak denok ditugu», azaldu du Rodriguezek. Batzen duena, oro har, trinkoagoa dela oroitaraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.