Ipar Euskal Herriko elkargoa

Elkargoaren bozen emaitza "errespetatzeko" eskatu du Batera-k

Herriko etxeen bozketa erabat aldekoa eta argia izan dela nabarmendu du plataformak: "Ez da dudan ezartzen ahal". Orain "eraikuntza fasea" abiatua dela azaldu dute, eta hurbiletik zainduko dutela adierazi.

Nikolas Blain, Martine Bisauta, Jakes Bortairu eta Mixel Berhokoirigoin Baterako kideak, gaur, Baionan. M. A. TXOPERENA IRIBARREN
maddi ane txoperena iribarren
2016ko ekainaren 2a
08:55
Entzun

Ipar Euskal Herriko herriko etxeen eta biztanleen bi herenak eman dio babesa elkargo bakarrari, eta Batera plataformak aintzat hartu nahi ditu emaitzak. Adierazi dutenez, bozketen bukaerarekin "etapa luze bat" itxi da, lurralde ezagupena eskatzearena, eta horrekin batera, bertze bat ireki: eraikuntza fasea. Hainbat hautetsik elkargoari helegitea ezarriko diotela errana dute, baina Bateraren ustez, "errespetatu" egin behar dira emaitzak: "Demokraziaren egitekoa da hori onartzea, batez ere hautetsi delarik". Gibelera joateko aukerarik ez dagoela azpimarratu Mixel Berhokoirigoinek plataformaren izenean: "Aitzina joateko bidea baizik ez da".

Ireki berria den fasea eraikuntzarako izanen da, eta hori hurbiletik zaindu nahi du Baterak. Eskatu du elkargoaren aldeko eta kontrakoen eztabaidak alde batera utzi eta indar guziak biltzeko, "lurraldearen eta biztanleen interesen alde". Bide horretan ontzat eman dute gidaritza batzordearen osaera, elkargoetako eta Hautetsien Kontseiluko kideek parte hartzeaz gain "gizarte zibila" ere izanen baita ordezkatua, Garapen Kontseiluari esker.

Eraikuntza fase hori segitzeaz gain Baterak barne gogoeta ere abiatuko du. Izan ere, HELEP bakarra lortuta, bertze aldarrikapen batzuetan jarri beharko dute indarra orain. Adierazi dutenez, lurralde elkargoaren eskaera dute oraindik "iparrorratza", eta bertze hiru aldarrikapenei ere eutsi nahi diete: euskarari, laborantzari eta goi mailako irakaskuntzari.

Uztailaren 27an, besta

Hautetsien gehiengo zabal batek elkargo bakarraren alde bozkatu duela ospatzeko ekitaldi bat eginen du Baterak, halaber. Uztailaren 27an ezarri dute hitzordua, Baionako besten hasieran. Barnealdean ere eginen dituzte ekitaldiak, baina aitzinago emanen dute horien berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.