Erakundeak

Elkarrekin Gipuzkoa eta PP prest dira Gipuzkoako aurrekontuak negoziatzeko

Adierazi dute ekarpenak egingo dizkiotela EAJ eta PSE-EEren foru gobernuaren proiektuari, «txeke zuririk eman gabe».

Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuak aurkezteko agerraldia. GFA
xabier martin
2023ko azaroaren 6a
16:35
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera sorta bat abiatu du talde politikoekin, eta, bilkura horietan, PPk eta Elkarrekin Gipuzkoak jakinarazi dute prest daudela 2024ko aurrekontu orokorrak negoziatzeko. PPko batzarkide Mikel Lezamak «sintonia» aipatu du haren taldeak eta gobernuko ordezkariek gaur izan duten bileraz mintzatzean. PPk eman zion foru gobernua EAJ-PSE bikoari, ekain amaieran, eta, hala, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak gobernua osatzea galarazi zuen. Aginte makila Eider Mendoza jeltzalearentzat izan zen, eta, orain, gobernu hori aurrekontu orokorrak onartzeko babes bila dabil, hala ezkerrean nola eskuinean.

Lezamak Mendozaren gobernuari ohartarazi dio ez diola «txeke zuririk emango», eta inbertsioak «sendotzea» eskatuko duela aurrekontuak babestearen truke. «Kezka handia eragiten digu hemendik 30 urterako zerbitzu sozialen inbertsioak; askoz inbertsio handiagoa behar da, eta bide horretan ariko gara lanean», esan du. Horiek horrela, PPk «babestu nahi» ditu, baina betiere haien ekarpenak jasotzen badira, «gipuzkoarren mesederako».

Elkarrekin Gipuzkoa ere aurrekontuez aritu da gaur foru gobernuko ordezkariekin. Miren Etxebeste batzarkideak esan du «eginahalak» egingo dituztela «aurrekontu progresista batzuk adosteko», eta EAJren eta PSEren gobernua «ez dadin eskuinera joan»: «Argi esan diegu ez dugula baztertzen ados jartzea, adostea dela gure jarrera, eta Gipuzkoaren alde lan egin nahi dugula».

Berritasun estrategikoak

PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin baino lehenago elkartu zen gobernua Batzar Nagusietako EH Bilduko taldearekin, joan den ostiralean hain zuzen; hura da batzarkide gehien duen taldea, 25 eserleku baitauzka. Koalizio subiranistaren arabera, foru gobernuaren aurrekontu proiektua azken urteetakoaren «segida» da, «berritasun estrategikorik gabea». EH Bilduk uste du azken urteko «bilketaren errekorrak» aukera ematen duela «zuhurtziaz baina anbizioz jokatzeko». Hala, Maddalen Iriartek gidatzen duen taldeak nahiko luke aurrekontuetan ahalegin handiagoa egitea gizarte politikei, mugikortasunari eta sustapen ekonomikoari dagokienez. Edonola ere, EH Bilduk ez du baztertu aurrekontuak adosteko aukera.

Arabako Foru Aldundian, antzera dabil Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren foru gobernua. EAJ eta PSE daude agintean, baina ez dute gehiengorik, eta Gonzalezek babesak beharko ditu, izan ezkerrean edo izan eskuinean. Hark ere PPren babesari esker eskuratu zuen aginte makila joan den ekainean, eta, azken egunotan, gobernua bilerak egiten ari da beste taldeekin, ados jartzeko asmoz. EH Bilduren taldeko buru Eva Lopez de Arroiabek «norabidea aldatzeko» aurrekontuak eskatu ditu bere babesaren truke. Koalizioa negoziatzeko prest dago Araban ere, «marra gorririk jarri gabe», baina «aurrerapen estrategikoak» adostea helburutzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.