Euskalerria Irratiaren alde elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean hainbat lagunek Iruñean. Hainbat esparrutako lagunek agertu diote babesa irratiari. Astelehenean egin zuten deialdia, eta han izan ziren, bertzeak bertze, Oier Sanjurjo Osasunako jokalaria, Helena Taberna zinema zuzendaria, Patxi Tuñon Kontuen Ganberako buru ohia, Carlos Perez Conde kazetaria, Garbiñe Petriati Behatokiko arduraduna, Julio Soto bertsolaria eta Alvaro Arizaleta El Columpio Asesino taldeko abeslaria.
Nafarroako Gobernuak hirutan ukatu dio lizentzia Euskalerria Irratiari, baina herritarren babesa baduela nabarmendu zuten kideok, jendaurrean. Sostengu horren adierazle, esan zuten irratiak 8.000 entzule, 1.000 bazkide, ehunka iragarle eta 150 kolaboratzaile badituela. Herritarrek euskarazko komunikabideak izateko eskubidea dutela erantsi zuten, eta, ondorioz, Euskalerria Irratiari lizentzia eman diezaiotela eskatu zuten.