Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzea antolatu du biharko. 19:30ean elkartuko dira, Indautxuko plazan, eta martxan joango dira ustez erasoak gertatu diren gimnasiora. Donostian eta Gasteizen ere bihar elkartzera deitu du. Datozen orduetan erabakiko dute protesta gehiago antolatuko dituzten.
Emakundek ere salatu egin du gertaera, eta herritarrak deitu ditu emakumeen kontrako indarkeriari aurkako jarrera egunero erakustera. "Oso garrantzitsua da emakume baten kontrako eraso bat gertatzen denean gaitzespena adieraztea, baina, horrekin batera, ezinbestekoak dira eguneroko keinuak emakume eta gizonen berdintasunaren alde".
Horrelako erasoen erroa berdintasunik eza dela gaineratu du. Gizarte osoaren inplikazioarekin bakarrik eta emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko behar den balio aldaketekin lortuko da, Emakunderen iritziz, egun batean emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea.
Asteazkenean, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia BERRIA.INFOren elkarrizketa digitalean izango da, 11:00etan, irakurleen galderei erantzunez.