Gipuzkoako Parke Teknologikoaren auditoriumean elkartu dira pazienteen zenbait elkarteetako ordezkariak, Donostian. Hara gonbidatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak sustatutako osasun itunean pazienteek izan duten parte hartzearen berri jaso dezaten. Izan ere, Osasun Sailak antolatu du jardunaldia, Pazienteen elkarteen parte hartzea Euskadiko Osasun Itunean izenburupean, pazienteei buruzko lantaldeen errepasoa egiteko asmoz. Hizlarien mahaian izan dira itunean parte hartu duten pazienteen hiru elkarteren bozeramaileak, lantaldeen dinamizatzaileak eta Osasun Saileko goi kargudunak. Publikoan, berriz, gonbidapena jaso duten pazienteen elkarteetako dozenaka kide.
Alberto Martinez Osasun sailburuaren mintzaldiak ireki du jardunaldia. «Pazienteen elkarteen ahotsa entzuteko eguna» dela esan du. Haren hitzetan, osasun itunean elkarteekin urratu duten bidea ez da etengo, are gehiago, jakinarazi du elkarteekin zuzeneko harremana izateko pertsona bat izendatuko dutela. «Erreferentziazko solaskide» horren lana izango da pazienteen eta Osasun Sailaren arteko zubi lana egitea.
Sailburuarekin batera, osasun mahaian parte hartu duten pazienteen elkarteetako ordezkariek hitz egin dute. Lehen arretari, osasun mentalari eta kronikotasunari buruzko lantaldeen dinamizatzaileek ere eman dute haien esperientziaren berri, eta Osasun Saileko goi kargudunak etorkizuneko erronkez aritu dira. Osasun Saileko kideek eta pazienteek esker ona adierazi dute, eta egindako lan ona aitortu. Miramoneko teknologia parkearen areto nagusian orbanik gabea izan da hartu-emana.
Pazienteak erdigunean, gardentasuna, partaidetza eta erantzukidetasuna kontzeptuak entzun dira nonahi. Hori bai, gazteleraz esan dituzte horiek guztiak, euskararen presentzia sinbolikoa izan baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun publikoaren erabiltzaileei begirako kontu-emate ekitaldi horretan. Agurrak eta hizlarien aurkezpenak, euskaraz. Gainontzean, gaztelera nagusi, baita diapositibetan ere.
«Entzun, adostu, hitzartu»
Osasun itunean parte hartzera gonbidatutako elkarteen lana eta konpromisoa eskertu ditu Martinezek: «Entzun, adostu eta hitzartu. Konpromisoari beldurrik izan gabe». Hain zuzen ere, elkarteek erakutsi duten konpromiso hori saritzeko zera agindu du, pazienteen elkarteak indartzeko araudia zehatza garatuko dutela.

Lehenik, Pedro Carrascalek hartu du hitza pazienteen ordezkarien izenean. Pazienteen Erakundeen Plataformako (POP) bozeramailea da Carrascal. EAEn ordezkaritza duen Espainiako elkarte bat da, eta batez ere gaixo kronikoen elkarteak batzen ditu. Azaldu duenez, pazienteen elkarteen ordezkariek 24 lantaldeetatik hogeitan parte hartu dute, baina, kide asko boluntarioak direnez, baliabide faltagatik nahi zuten baino parte hartze txikiagoa izan dute.
Karmele Garro Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioko ordezkariak nabarmendu duenez, Osasun Sailak aukera eman die pazienteei osasun itunean parte hartzeko eta beren iritzia emateko, eta orain jada «ez dago atzera-bueltarik». Gogoratu duenez, «lantalde batzuetan eragileek hitz egiten zuten pazienteei buruz, baina gu arrotz sentitzen ginen talde horietan». Mari Jose Cano izan da hitza hartzen azkena. Fedeafeseko ordezkariak azaldu duenez, osasun mentala jorratuko zela jakin zutenean eskatu zuten osasun mahaian parte hartzea. Haren esanetan, eragile asko eta oso desberdinak izan dira, eta oso aberasgarria izan da: «Eragile bakoitzak bere interesak ditu, eta guk arreta jarri dugu pazienteengan», argitu du.
Pazienteak, erakundeen aliatu
Ines Gallegok hitz egin du ondoren. Gurutzetako ESIko Berrikuntza eta Kalitate arloko zuzendariordeak dinamizatu du 22. taldea:Herritarren parte hartzea eta gardentasuna bultzatzea osasun sisteman. Gobernantza eredu berriaz aritu da, eta pazienteen eta administrazioaren arteko harremanek nolakoak izan beharko luketen adierazi du: «Pazienteek erakundeen aliatuak izan behar dute osasun sisteman hobekuntza eta berrikuntza ezartzeko». Hori lortzeko, kultura aldaketa bultzatzea ezinbestekoa dela iritzi dio.
Beste lau lantaldeen dinamizatzaileek haien esperientziak azaldu dituzte. Malen Presmanes aritu da lehen arretari buruzko taldean. Zerbitzu horren garrantzia azpimarratu du, «bizitza osoan erabiltzen delako eta beste zerbitzuekiko lotura egiten duelako». Jakinarazi duenez, zerbitzuak dituen arazoetatik at aritzen saiatu dira lantaldean, eta arreta komunitarioa indartzea jarri zuten jomuga.
Kronikotasunari buruzko lantaldearen dinamizazioaz arduratu da Arantxa Picon. Jakinarazi duenez, gaixo horien zaintzaileengan eta horien formakuntzan jarri dute arreta, eta gogorarazi du gaixo horien zaintzaren %80 etxean egiten dela.
Osasun mentalaren taldean aritu da Silvia Arostegi. Batzuetan konfrontazioa ere egon dela aitortu du. Hala ere, arazoen gainetik, «zerbitzuen koordinazioa hobetzea izan da lantaldearen xede nagusia, pazientearen autonomia lortze aldera». Alejandra Gilek, Antolakuntzaren berrikuntza eta arreta ereduak lantaldearen dinamizatzaileak, indarra jarri du pazientearen arreta integralean: «Ez ditugu gaixotasunak tratatzen, gaixo dauden pertsonak baizik».
Osasun itunaren balorazioa egiterakoan esan dute orain hasiko dela benetako erronka. «Aldaketarako ilusioa aprobetxatu behar dugu, baina kontuan hartu behar dugu lortutakoak luzera begirako emaitza izango duela», ohartarazi du Presmanesek.
Berrikuntzaren erosketa publikoa
Ondoren, Osasun Saileko bi zuzendari igo dira oholtza gainera: Iñaki Gutierrez Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioaren zuzendaria eta Gontzal Tamayo Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria. Gutierrezek eta Tamayok bien arteko elkarrizketa bat irudikatu dute, eta mezu bera eman dute: zeinen eraginkorra izan daitekeen osasun sistema arlo pribatuan sortzen den berrikuntza eta teknologia txertatuz gero. «Berrikuntzaren erosketa publikoa» kontzeptua aipatu du Gutierrezek. Gogorarazi dute azken urteotan biderkatu egin direla EAEn osasunarekin lotutako ikerkuntza egiten duten enpresak, eta iritzi diote ezinbestekoa dela jakintza hori baliatzea osasun sistemaren efizientzia hobetzeko.
Efizientea izan da jardunaldiaren antolakuntza, bi ordu eskasean hamabi lagunek hitz egin baitute; denek zorrotz errespetatu dute ordutegia. Azken hitzaldia Leire Avellanalek egin du. Esklerosi anizkoitza du, eta Osasun Saileko langilea da —Ikuskaritza Medikoko Bizkaiko arduraduna da, hain justu—. Osasun sistema publikoari aitortza egin dio, eta desira bat adierazi du: etorkizunean ere Osakidetza «Europako zerbitzu publikorik onenetakoa» izan dadila.