altsasuko auzia

Elkartasun uholdea milagarren espetxe egunean

Altsasuko auzian espetxeratutako Jokin Unamunok, Adur Ramirez de Aldak eta Oihan Arnanzek gaur bete dituzte 1.000 egun kartzelan.

2016ko azaroaren 14an atxilotu zituzten zortzi gazte; tartean, gaur 1.000 preso bete dituzten hirurak. Egun horretakoa da argazkia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 10a
16:37
Entzun

Mila eguneko espetxealdia salatu eta gazteei elkartasuna adierazteko, Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak egun osorako egitaraua prestatu dute gaurko, 1000 egun, mila mezu, mila muxu! Altsasukoak aske! lelopean. Lehen ekitaldia 09:30ean hasi da: Unanutik (Nafarroa) Beriain mendira igo dira. Bertan, eskurik esku ibiliko den mezu liburu bat aurkeztu dute eguerdian, eta edozeinek izango du aukera liburuan bere mezua idazteko.

Beriaindik Altsasura eramango dute liburua. 20:00etan, elkarretaratze bat antolatu dute Altsasuko Foruen plazan, eta mural bat osatuko dute, gazteak aske utz ditzatela eskatzeko. Era berean, erakusketak, bideo proiekzioak eta bestelakoak jarri dituzte ikusgai. Horrez gain, herritarrei eskatu diete gazteen aldeko mezuak zabaltzeko sareetan, #AltsasukoakAske traola erabiliz.

Dei horrek erantzun zabala izan du sare sozialetan, hainbat herritarrek idatzi batituzte gazte espetxeratuen aldeko mezuak. Tartean, Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak idatzi du, euskaraz:

Gazte auzipetuen senideak irailaren 18ra begira daude orain. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak egun horretan bertan aztertuko du Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorren aurka Altsasuko gazteen defentsak jarritako helegitea. Amaia Amilibiak, Jon Ander Cob gazte espetxeratuaren amak, egoerari "irtenbide bat" ematea espero du irailaren 18ko erabakiaz: "Semeei jarri zaien zigorra ez dator bat gau hartan jazo zenarekin; honek konponbide bat behar du. Epaiketan deklaratu zuten 56 testiguren eta 11 perituren hitzaldiak isilduak izan dira; ez dira sententzian agertzen, horiek guztiek, lesio txostenek eta bideoek kolokan jartzen baitute liskar bortitzaren bertsioa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.