Xabier Susperregi duela zenbait urte etorri zen Ipar Euskal Herrira bizitzera. Baina berak bezala bertze askok ere eman dezakete lekukotasun hori, elkarrizketa hastean erran digunez.
Nolakoa da Ipar Euskal Herrian bizi zaretenon egoera?
Denetatik bada. Iheslarien kolektiboaren aniztasunaren isla da. Ipar Euskal Herrian iheslarien zati txiki bat dago. Betiko egoera da. Jendartearen elkartasunari esker berme bat daukagu. Elkartasuna eskertzen da; elementu garrantzitsua da gatazka honetan. Horri esker zenbait lekutan bizi gaitezke, gizarte segurantza lor dezakegu, eta bizitzan behar ditugun elementuak bermatu ere bai. Iheslariok gabezia handiak ditugu pertsona orok dituen beharretan.
Duela ia hamar urte, deportatuak itzultzen hasi ziren. Gaur beste urrats batzuk iragarriko dituzue?
Urratsak izanen dira. Data ez da finkoa. Berrikuntza edo ekarpen gehiago izango dira, kolektiboak berak bere gogoeta ematen duen neurrian. Nabariak dira jadanik eginak ditugunak. Ildo horretan, gure engaiamendua berresten dugu. Gatazkaren konponbide prozesuan gure ekarpena emateko prest gaude, eta horretan ari gara. Euskal herritar gisa gatazkaren konponbide prozesuan parte hartzeko eskubidea dugu. Euskal herritar guztiei bezala, hori bermatu behar zaigu. Ziur gaude Euskal Herriko jendarteak berme hori eskainiko digula.
Duela bi urte, aldiz, iheslari batzuk beren sorterrira itzultzen hasi ziren. Hori ere gogora ekarriko duzue gaur?
Orain duela bi urte hamaika ziren Euskal Herri osoan bizitzen hasi zirenak. Gaur egun 23 badira. Prozesu honetan kide gehiagok jorratuko duen bidea da. Gure konpromisoa beti berresten dugu. Gatazkaren konponbiderako gako nagusiak eman behar dira, eta estatuek Euskal Herria eta euskal herritarrak errespetatzea lortu behar dugu. Argi utzi behar da intsumisioaren bide hori ez dela guk jorratzen dugun bidea. Gu nolabait uztartzen gara jadanik euskal gizartean abian zegoen borroka molde batean.
ELKARTASUN EGUNA. XABIER SUSPERREGI
«Elkartasuna elementu garrantzitsua da gatazkan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu