Elkartzen-eko kide Aitor Abadek esan duenez, «ikusita Eusko Jaurlaritzak zehaztutako helburuak ez direla bete, lasai asko esan dezakegu 2009. urtera arte eginiko planak etxebizitza eskuratzeko arazo larriak dituzten lagunen beharrak ez dituela konponduko». Abaden ustez, are larriagoa da egoera etxebizitzaren merkatu librean sartu ezinean dauden herritar behartsuentzat.
Izan ere, Abadek emaniko datuen arabera, etxebizitzaren bataz besteko prezioa 330.000 eurokoa da. Bestetik, herritarren bataz besteko soldata garbia 1.300 eurokoa da. Hala, bataz besteko soldata jasotzen duen pertsona batek 21 urte beharko lituzke merkatu librean etxebizitza bat erosteko. Gainera, etxebizitza erosteko orduan normalena da hipoteka kreditua eskatzea, eta horrek %80 igotzen du prezioa, alegia, 330.000 euro ordaindu beharrean 594.000 euro ordaindu behar direla azkenean. Hortaz, 38 urte beharko lituzke etxea ordaintzeko.
Hausnarketok atzo, Gasteizen, eginiko prentsaurrekoan egin zituen Abadek. Elkartzen-eko Igor Uriarte eta Esther Perezekin batera agerraldia egin zuen, Euskal Herrian dagoen etxebizitzaren arazoari buruz egin duten azterketa aurkezteko.
ERAIKITZEAREN NEGOZIOA. Etxebizitzaren arazoak errotik konpondu ordez, Euskal Herriko administrazio publikoak «adabakiak» jartzen ibili direla salatu zuen Elkartzen-ek, benetako arazoa alboratuta. «Administrazioen etxebizitza politika etxe gehiago eraikitzean oinarritzen da nagusiki, eta hori da hain zuzen funtsezko arazoa», esan zuen Abadek.
Izan ere, Elkartzen-ek egin duen azterketaren arabera, normalean erabiltzen ez diren etxebizitzen kopurua merkatuan jarrita, nahikoa izango litzateke etxebizitza beharra asetzeko. Gainera, Abaden hitzetan, kontuan hartu behar da 1981-2001 urte bitartean etxebizitzen kopurua %27 igo zela, eta biztanleriaren tasa %0,75 bakarrik. «Hortaz, ez da harritzekoa horrenbeste etxe huts egotea. Egia da familiaren tamaina aldatu egin dela eta horrek eragina izan duela, baina ez du justifikatzen etxebizitza kopuruaren igoera handia».
Premiazkoa ez denean etxebizitzak eraikitzeari ekiteak azalpen bakarra du Elkartzen-en irudiko: «Higiezinen negozioak aukera ezin hobea eskaintzen diete zenbait eragileri irabaziak pilatzeko. Bitartean, milaka etxebizitza hutsik daude, eta milaka pertsonek ezin dute etxebizitza eskubidea gauzatu». Hala, Elkartzen-ek nabarmendu zuenez, Euskal Herrian eraikuntza «negozio biribila» da, eta eraikitzen jarraitzen da, «instituzioen erabateko babesarekin».
Gainera, etxeak erosten dituztenei foru aldundiek sariak ematea kritikatu zuen Elkartzen-ek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren erreforma onartu berri dute. Erreforma horren arabera, etxebizitza erosten dutenei orain arte egiten zitzaizkien kenkari fiskalak igoko zaizkie, eta sistema aldatuko da. Orain arte, etxebizitzari egiten zitzaion kenkaria, baina, hemendik aurrera etxe horretan bizi diren pertsona guztiek aukera izango dute kenkari fiskala jasotzeko. Abadek azaldu zuenez, «halako kenkariekin diru publikoarekin saritu egiten dituzte etxebizitza bat erosten dutenak, baliabide publikoak esku pribatuetan jarriz, inolako lotsarik gabe».
Errealitate horren aurrean, hainbat instituzioek, Eusko Legebiltzarrak eta Frantziako Gobernuak zehazki, iragarritako neurriak «hauteskunde kutsuko promesak» direla azpimarratu zuen Elkartzen-eko kideak. Hala, Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroak iragarritako etxebizitza eskubideak etxe hutsen arazoari aurre egiteko ez duela balio, eta alokairuzko etxe sozialak kontuan hartzen ez baditu hankamotz geratuko dela esan zuen Abadek.
elkartzen-en aldarrikapen zerrenda
Hurrengo hilabeteetan Elkartzen-ek hainbat ekimen abiatuko ditu etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, eta aldi berean Euskal Herriko administrazioek arazoa konpontzeko erakutsi duten «borondate falta» salatzeko. Honako aldarrikapen taula honetan bildu ditu Elkartzen-ek abiatu beharreko neurriak:Etxebizitza erabiltzeko eskubidea bermatu. Gizarteak berak bermatu behar du etxebizitza erabiltzeko eskubidea, eta horretarako beste gizarte antolaketa bat bultzatu behar da. Jabego pribatua eta oinarrizko eskubide sozialen arteko kontraesana gainditu behar da, eta eskubide sozialak jabego pribatuaren gainetik jarri behar dira. Etxebizitza erabiltzeko eskubidea bermatzen ez den bitartean okupazioa zilegia da.
Etxebizitza hutsak erabili. Gaur egun milaka etxebizitza eraikitzen ari dira, horietako asko bigarren bizitokiak edo luxuzko etxebizitzak dira. Haatik, herritar ugarik ez dute etxebizitza eskubidea bermatuta. Espekulazioan oinarritutako eraikuntza gelditu behar da, eta hutsik dauden etxebizitzak erabili behar dira. Euskal Herrian , gaur egun,100.000 etxebizitza inguru behar dira, eta 250.000 inguru hutsik daude.
Alokairu publikoa garatu. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatuz, etxebizitzak zaharberrituz, eta beharrezkoa bada, alokairuzko etxebizitza publikoen parke berriak sortuz ekin behar zaio alokairu publikoa garatzeari. Alokairuzko etxeen parkea gizartearen esku egon behar da, eta herritarren beharren arabera erabili behar da.
Alokairuen salneurriak mugatu. Gizartearen parte handi baten bizi maila eskasa den bitartean ezin dira mantendu egun dauden alokairuen salneurriak. Etxebizitza oinarrizko beharra izanik, interes pribatuei mugak ezarri behar zaizkie, gizartearen oinarrizko beharren lepotik ezin baita gutxi batzuen aberastasuna eraiki. Alokairuek norberaren diru sarreren araberako muga izan beharko dute.
Etxebizitzaren kudeaketa publikoa. Etxebizitzaren kudeaketa publikoa izan behar da. Publikoa izateak ez du esan nahi estatuaren edo instituzioen kudeaketa izan behar dela, ordea gizartearena izan behar da kudeaketa. Herritarrek antolatu beharra dugu eta etxebizitzaren kudeaketan parte hartze aktiboa izan behar dugu.