Elkarrizketa aurrerapena

Elorrieta: "Zibila eta demokratikoa izan behar du beste Lizarra batek"

BERRIAk bihar ELAko idazkari nagusiari egindako elkarrizketa argitaratuko du. Hurrengo asteburuan utziko du kargua hark, 20 urtean bertan egon ostean.

2008ko azaroaren 22a
16:36
Entzun
1988an izendatu zuten Jose Elorrieta (Loiu, Bizkaia; 1951) ELAko idazkari nagusi eta hurrengo asteburuan utziko du postu hori, sindikatuaren biltzarrean. BERRIAk hari egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar, eta Elorrieta garbi azaldu da Lizarra-Garazi ereduaren alde, indar subiranisten elkarlanaren alde. "Argi dago ELA buru-belarri sartuta dagoela politikan, indar suberanisten arteko metaketa bilatzen duela, eta ni erabat ados nago jarrera horrekin. (...) Nahi dutenen artean jarri beharko litzateke martxan Lizarraren antzekoa, oso baldintza oinarrizko batzuekin. Zibila eta demokratikoa izan behar du; ETA sobera dago. Eta indar metaketak izaera soziala ere izan behar du".

Ez zaio gustatu EAJren "kontzertu politikoa"-ren proposamena, "bertsio neoestatutista bat baino ez delako. Muga argiak ditu, ez bada estatuen aurka borrokatzen".

Krisi ekonomikoaz ere mintzatu da Elorrieta BERRIArekin, eta kritiko dago. "Ez da krisiaren aurkako neurririk hartu, hemen burbuila publizitario batean sartuta gaude. Nafarroako Gobernua dugu, Jaurlaritza, eta gero hiru aldundi; bost erakunde, bakoitza bere publizitate kanpainarekin ari da argazkia atera nahian. (...) Neoliberalismo fase honetan elkarrizketa sozialak ez du interesik, eta ez dugu denborarik galduko hori berpizteko baldintzak bilatzen. Ez da unean uneko erabaki bat, jarrera estrategikoa da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.