DENBORALEA

Elurrak eta haizeteek hainbat oztopo eragin dituzte

Haizeteak hainbat kalte eragin ditu Lekeition eta Loiun. Bestalde, Leintz-Gatzaga, Herrera, Orduña eta Izabako bukaera daude itxita. Elur-maila 500-600 metrora jaitsi da, baina sare nagusia zabalik dago. Pasaiako portua itxi egin dute, itsasoaren egoeragatik.

2009ko martxoaren 5a
20:05
Entzun
Gaur Euskal Herria astintzen ari den euri, haize eta elur denboraleak hamaika arazo eta eragozpen sortzen ari da han hemenka.

Bizkaian, Lekeitioko Larrotegi auzoan dagoen bigarren hezkuntzako ikastetxean frontoiko teilatuaren zati bat bota du haizeak 15:30ak aldera, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakitera eman duenez. Hala ere, ez da inor kaltetu. Eremua hustuarazi dute, zer gerta ere. Lehenago, Loiuko Errementari auzoan, konpontze lanetan zegoen etxe bateko teilatua bota du haizeteak. Han ere ez da zauriturik izan.

Gipuzkoan, Usurbilgo Izagirre enpresako teilatua eraman du haizeak, baina ez da zauriturik egon.

Atzo arratsaldean Santurtziko (Bizkaia) etxebizitza batetik hamar familia aterarazi behar izan zituzten, bertara hainbat harri eta lur puskak erori direlako.

Gaur ere elurra

Azkeneko hilabeetan hainbat alditan bezala gaur ere elurra dago bazter ugaritan. Elur-maila 500-600 metrora jaitsi da eta Euskal Herriko hainbat errepidetan traba sortzen ari da, sare nagusia zabalik den arren. Batik bat, Araban eta Nafarroan egin du edo ari da elurra. 400 metrora jaitsiko da gaur.

Oraingoz, Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa), Herrera eta Orduña (Araba) eta Izabako (Nafarroa) bukaerako tartea (Zuberoarekin lotzen duena) daude itxita. Ibilgailuek kateak behar dituzte Azazeta, Gasteiz, Zaldiaran eta Opakua mendateetan Araban, Urkiolan Bizkaian, eta Artesiaga, Urbasa eta Egozkuen Nafarroan.

Ertzaintzak eta foruzainek esan dute adi gidatzeko AP-68n eta A-15en, elurra ari duelako.

Pasaiako (Gipuzkoa) portua itxita dago, itsasoaren egoeragatik.

Elurra ez ezik, euri asko ari du, kazkabarra bota du eta botako du leku askotan, haizete handia dabil, itsasoa zakar...

Bihar elur-mailak gora egingo du.

Informazio zehatza

Errepideen egoerari buruzko informazio zehatza honako zerbitzuetan jaso daiteke:

- Nafarroari buruzkoa 900400100 doaneko telefonoa zenbakian, edo webgune honetan.

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari buruzkoa 902112088 zenbakian edo webgune honetan.

- Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzkoa hemen. Telefono zenbakia: 0800100200.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.