Hamaika egiteko ari gara. Esaldi hori aukeratu du Euskal Herriko Bilgune Feministak martxoaren 2, 3 eta 4an Leitzan (Nafarroa) eginen duen emakume abertzaleen bosgarren topaketarako. Atzera begiratu du taldeak, aurrera egin ahal izateko. Izan ere, 2001. urtean Leitzan bertan egindako topaketaren haritik sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista; duela hamar urte, beraz. Eztabaidarako eta gogoetarako gaia izanen da urteurren hori, Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek azaldu duenez.
Ez da, hala ere, topaketaren ardatz bakarra izanen. Bilgune Feministak prestatutako egitarauaren mamiak egungo egoerarekin «lotura estua» izanen duela argi utzi dute antolatzaileek eta, ondorioz, arreta berezia eskainiko dietela, bertzeak bertze, krisi ekonomikoari eta oraingo testuinguru politikoari. «Normalizazio prozesua abiatzeko beste baldintza batzuk daude gaur egun, eta egungo testuinguru horrek eskatzen du hausnarketa feminista egitea», erran du Arangurenek.
Helburua, betiere, «Euskal Herri feminista eraikitzeko bidean urratsak egitea» dela azaldu du Arangurenek. Zeregin horretan, martxoko topaketako hiru eguneko egitarauaren mamia lau zutabe nagusitan banatu dute antolatzaileek: independentzia, prozesu demokratikoa, eredu ekonomiko eta soziala eta, azkenik, Bilgune Feministaren jarduera bera. Gaietako bakoitza feminismoaren ikuspuntutik jorratuko dute Bilguneko kideek.
Euskal Herritik at bertze hainbat emakumek egindako urratsak aztertuko dituzte lehen egunean, martxoaren 2an, arratsaldez. Bertzeak bertze, Palestina, Irlanda eta El Salvadorko emakumeak izanen dira Leitzan, beren esperientziak partekatzeko asmoz.
Goizetik ekinen diote lanari martxoaren 3an. Eredu ekonomiko eta sozial feminista eraikitzeko bideari buruzko mahai inguru bat eginen dute. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Yolanda Jubeto, ENHE sindikatuko kide Miren Lizasoain eta Amaia Perez de Orozko ekonomialaria izanen dira hizlari.
Tailerrak eginen dituzte, halaber, zenbait gairi buruzko eztabaidak sustatzeko: zaintzari, elikadura subiranotasunari, emakume presoei eta prostituzioari buruz, bertzeak bertze. Egun berean, emakume kazetari eta sortzaileen batzarra ere eginen dute.
Martxoaren 4ko egitarauak Independentzia dugu bidea eta helburua: Euskal Herria feminista izenburua du. Gai horri buruz eginen dute mahai inguru nagusia, eta gero ondorioak jasotzeko ordua izanen dute Bilgune Feministako kideek. Arteak eta musikak ere izanen dute tokirik topaketan. Izena emateko bloga sortu dute antolatzaileek: 2012topaketafeministak.wordpress.com.
Gaziak eta gozoak
Bilgune Feministak Leitzako topaketan parte hartzera deitu du. Izan ere, talde horrek hamar urte bete baditu ere, oraindik ere lan handia dago egiteko, Arangurenek nabarmendu duenez. Hori dela eta, urteurrenari buruzko balorazioa «gazi-gozoa» dela erran du. Azken hamar urteotan borroka feminista biziberritu dela nabarmendu du, batetik, eta gazteek bat egin dutela borroka horrekin. «Mugimendu feministak etorkizuna badu». Bertzetik, zenbait auzitan egoerak ez duela hobera egin, eta atzerapausoak gertatzeko arriskua badela salatu du. Espainiako Gobernuak Abortuaren Legea aldatzeko duen asmoa aipatu du, adibidez, Arangurenek.
Bilgune Feministako kideek Leitzako topaketan izanen dute aukera asmo horiez, eta, oro har, azken hamar urteotako bideak eman duenaz gogoeta eta eztabaida egiteko.
Emakume abertzaleen topaketa eginen du Bilgune Feministak, bosgarrenez
Martxoaren 2, 3 eta 4an, Leitzan bilduko dira feministak, egungo egoerari buruzko gogoeta egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu