Kaleratu egin dute joan den astean Iruñeko San Lorenzo kalean etxegabetu ezin izan zuten emakumea

Etxebizitza sindikatuak salatu du «legez kanpokoa» izan dela etxegabetzea, eta Poliziak emakumeari «mehatxu» egin diola etxetik atera zedin. Udalak larrialdiko bizitoki bat eskaini dio, baina hotel batean egon beharko du hura prest izan arte.

Etxegabetu duten emakumea, gaur, negarrez, gizon bati besarkatuta. AHOTSA.INFO
Etxegabetu duten emakumea, gaur, negarrez, gizon bati besarkatuta. AHOTSA.INFO
Beñat Mujika Telleria - Ion Orzaiz
2025eko ekainaren 11
08:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Poliziak Ana Belen P. izeneko emakume bat etxegabetu du Iruñeko Alde Zaharreko San Lorenzo kalean. Iragan asterako zegoen programatuta etxegabetzea, baina bertan behera utzi zuten, bizilagunen elkartasunari eskerrak. Gaur, ordea, etxegabetu egin dute. Bertan izan dira Espainiako Polizia eta Udaltzaingoa.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du «inolako berme legalik gabeko eta mehatxupean gauzatutako etxegabetze erabat irregularra» izan dela, eta elkarretaratzea egin du gaur 18:30ean, Iruñeko Udaletxe plazan, etxegabetzea salatzeko eta etxegabetuari «babesa» adierazteko. Iruñeko Udalak, berriz, «larrialdiko bizitoki bat» eskaini die emakumeari eta haren bikotekideari. Hura prest izan arte, ordea, hotel batean emanen dituzte datozen egunak.

Ahotsa.info atariak eman du albistearen berri lehendabizi, sareetan. Goizean goiz gertatu da. Etxegabetu duten emakumeak adierazi duenez, Polizia goizean goiz joan da, eta atea jo du. Gero, «mehatxu» egin dute, bertatik «indarrez» aterako zutela esanez. Etxebizitza sindikatuak gaineratu du Polizia «modu oldarkorrean» mintzatu zaiela etxegabetu duten emakumeari eta bikotekideari, eta «behin eta berriz bultzatu» dituztela. Etxegabetu duten emakumea errentan bizi zen etxe horretan, baina kontratua amaitu zaio, eta ez diote berritu nahi. Etxearen jabeak hamar bat etxebizitza ditu eraikin berean.

Polizia, «oldarkor»

Etxebizitza sindikatuak jakinarazi duenez, 07:45 aldera jo dute Ana Belen P.-ren atea. «Udaletxeko langile bat zenez, atea ireki du hark, eta, orduan, kaleko jantzitako bi poliziak oina jarri dute bertan, ez zezan atea berriz itxi. Orduan, uniformez jantzitako beste lau udaltzain sartu dira etxera». Emakumeak 57 urte ditu; %75eko desgaitasuna du, eta minbiziaren kontrako tratamendua hartzen ari da. Hori ere ez omen dute kontuan hartu poliziek, sindikatuaren esanetan: «Emakumeari ez diote utzi botika hartzen ere, eta jakinarazi diete hamar minutuan etxea utzi behar zutela eta bestela indarrez botako zituztela». Emakumeak, elkartasun mugimendurik gabe, eta bakarrik zegoela ikusita, etxetik atera behar izan du, beste aukerarik ezean. Emakumea etxetik irten, eta Poliziak sarraila aldatu du berehala. Hala amaitu da etxegabetzea.

Poliziak esan du, ordea, etxegabetu duten bizilaguna «bere borondatez» irten dela San Lorenzo kaleko etxetik.

Halaber, Etxebizitza sindikatuak salatu du «legez kanpoko eta berme legalik gabeko» etxegabetzea izan dela. «Horren inguruan azalpenak eskatu dizkietenean, poliziek erantzun dute etxegabetzearen jakinarazpena astelehenean bidali ziotela emakumearen abokatuari. Hala ere, Ana Belenek eta bikotekideak ez dute inolako jakinarazpenik jaso». Sindikatuak gaineratu duenez, etxegabetze bat egiteko beharrezkoa da agindu judizial bat izatea, eta poliziek ez omen dute halakorik erakutsi, «eskatu zaien arren».

Horretaz gain, Poliziak atari bereko kazetari bat identifikatu duela salatu du Ahotsa.info-k.

Udalaren eskaintza

Etxebizitza sindikatuak ohar batean azaldu dutenez, kaleratutako emakumeak eta haren bikotekideak hotel batean igaroko dituzte zenbait egun: «Atzo bertan, gizarte zerbitzuek aldi baterako larrialdiko etxe batera joateko aukera aurkeztu zioten Ana Beleni, eta aukera hori aztertzen ari zen bera, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin elkarlanean. Baina, aukera horri buruz pentsatzeko edo negoziatzeko aukerarik utzi gabe, bat-batean poliziak azaldu zaizkio etxean, eta pisua uztera behartu dute modu bortitzean. Orain lanean ari gara Ana Belen eta haren bikotekidearentzat alternatiba bat bermatzeko. Oraingoz, hotel batean igaroko ditu zenbait egun, larrialdiko etxea prest egon arte, gizarte zerbitzuek baieztatu digutenez».

Iruñeko Udalak berretsi egin du sindikatuak esanikoa. Gizarte Ekintza alorreko zuzendari Ruben Unanuak azaldu duenez, «kaleratze arriskuan zen bikotearekin lanean» ari ziren, baina etxegabetzeak ezustean harrapatu ditu: «Bagenekien etor zitekeela, baina guk uste genuen baino azkarrago gertatu da dena. Ez dugu horren berririk izan gaur goizera arte, eta ezin izan dugu bizitoki alternatiboa atondu. Hortaz, aukera eman diegu hotel batean gelditzeko datozen egunetan, udalak ordainduta». Unanuak uste du Ana Belenek eta haren bikotekideak «ostiralera edo astelehenera arte» egon beharko dutela hotelean.

Zehazki, udalak proposatu die Etxe Bat programan izena ematea eta, horren barruan, logela bat eskaini die, etxebizitza partekatu batean. «Logelaz gain, hezkuntza jarraipena eta aholkularitza eskaintzen zaizkie etxebizitza larrialdian direnei, bizitoki egonkorrago bat bilatzeko prozesuan laguntzeko».

Gizarte Ekintzako zuzendariaren esanetan, bizitoki hori «sei hilabeterako» pentsatua dago, «baina egonaldia luza daiteke, erabiltzaileek ez badute aukera egonkorragorik topatzen». Etxe Bat programan izena eman dutenek, trukean, beren diru sarreren %25 eman behar dituzte, logelaren mantentzea eta ur eta argindar horniketa ordaintzeko.

Elkarretaratze jendetsua

Gaur arratsaldean, dozenaka lagun bildu dira Iruñeko Udaletxe plazan, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, goizeko etxegabetzeagatik protesta egiteko. Elkarretaratzearen bukaeran, antolatzaileek prozesuaren «irregulartasun erabatekoa» berretsi dute, eta Poliziak jokatutako rola txarretsi: «Udaltzainak ikusi ditugu, beste behin, desokupa balira bezala jarduten: baimenik gabe etxean sartzen, bultzaka, mehatxuka, agindu judizialik erakutsi gabe eta gaixotasun larria duen Ana Beleni botika hartzeko denborarik ere eman gabe».

(ID_17496671406445) Iruñeko San Lorenzo kalean gertatutako etxegabetze baten aurkako
Etxebizitza sindikatuak antolatutako elkarretaratzea, gaur arratsaldean. GEDAR.EUS

Iruñeko Udalak etxegabetuei eginiko eskaintzari buruz, sindikatuko kideek esan dute «erne» egonen direla, «gizarte zerbitzuek eskainitako hori bete dadin». Ukatu egin dute, hala ere, bikoteak etxea «bere borondatez» utzi duenik: «Hori gezurra da: Ana Belen bortxaz bota dute etxetik, eta, behin etxegabetuta, udalaren alternatiba onartu beste aukerarik ez du izan».

Sindikatuak premiazkotzat jo du larrialdiko alternatibak bermatzea etxegabetuak «kale gorrian» gera ez daitezen, baina gehitu du «arriskutsua» dela salbuespenezko neurri horiek ontzat ematea: «Diskurtso horrek etxegabetzeak justifikatzen ditu. Defendatzen duguna da Ana Belenek hamar urtez bere etxea izan den horretan bizitzeko duen zilegitasuna». Berretsi dute «borrokan» jarraituko dutela, «bikote horrentzako etxebizitza alternatiba egonkor bat bermatu arte».

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.