Bertan behera utzi dute Iruñeko Alde Zaharrean egitekoak ziren etxegabetzea

San Lorenzo kalea itxita eduki dute. Bertan izan da Espainiako Polizia, eta baita etxegabetzea gelditu asmo zuten dozenaka lagun ere.

Ana Belen P., bere etxeko atariaren aurrean, etxegabetzea bertan behera utzi dutela jakin ostean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ana Belen P., bere etxeko atariaren aurrean, etxegabetzea bertan behera utzi dutela jakin ostean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz-Irati Urdalleta Lete
IRUÑEA
2025eko ekainaren 4a
09:09
Entzun 00:00:0000:00:00

«Eskerrik asko denoi, eritasun honekin kalera bota ez nazaten lagundu didazuelako. Gogoratu nire egoera berean diren besteekin ere, mesedez... Asko maite zaituztet!». Arnasestuka mintzo zaie Ana Belen P. bere etxeko atari aurrean bildu diren dozenaka lagunei. Esaldia bukatuta, lurrera jausi da belauniko, negar batean. Zutitzen lagundu diote bikotekideak eta Etxebizitza Sindikatuko kideek. Negar malkotan dira bertaratuetako asko ere.

Iruñeko San Lorenzo kalean bildutako jendetzak txalo eta algara artean hartu du berria: bertan behera utzi dute gaur goizerako programatua zegoen etxegabetzea. Ordurako, azaleratzen hasiak ziren hiru orduz pilatutako tentsioa eta urduritasuna. Azken unera arte dena izan baita zalantza. Dena beldur.

Etxegabetzea Iruñean
Etxegabetzearen aurkako elkarretaratzea, gaur, Iruñeko San Lorenzo kalean. IÑIGO URIZ / FOKU

Hainbat minutuz bilduak izan dira epaitegiko idazkaria, eraikinaren jabearen abokatua, Espainiako Poliziaren arduraduna eta Etxebizitza Sindikatuko bi ordezkari. Etxegabetze agindua indarrez betearazi ala prozesua eten, horra zer erabakitzen ari ziren. Konponbide bat negoziatzeko prest azaldu da jabearen abokatua; epaitegiko idazkariak, berriz, nahiago zuen emakumea etxetik egotzi. Lehenbailehen eta kosta ahala kosta.

Kalea, manifestariek hartuta

Goizean goizetik, jendetzak hartuta egon da San Lorenzo kalea. Poliziak ez du trafikoa itxi, ezta beharrik ere, ezinezkoa baitzen handik pasatzea. Atzera egin behar izan dute banaketa enpresetako furgonetek eta Kale Nagusira zihoazen autoek. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 07:30ean jarria zuen ordua, eta jendetzak puntual okupatu du kalea. Etxegabetze guztien kontra, etxebizitzaren negozioari ez! lelodun pankarta hedatu dute kalearen zabalean.

08:15 aldera bertaratu dira Espainiako Poliziaren lau furgoneta. Kasko, ezkutu eta istiluetarako materiala eskuetan zituztela jaitsi dira poliziak ibilgailuetatik. Manifestarien aurka oldartzeko imintzioa egin dute, baina San Lorenzo eta Kale Nagusiaren arteko kantoian gelditu dira. Polizien buruak manifestariei jakinarazi die segizio judiziala iritsi arte ez dutela ezer egingo, eta orduan baloratuko dutela nola jokatu.

09:00etarako jarria zegoen Ana Belen P. etxetik egozteko agindua, baina handik tarte batera ailegatu dira epaitegiko idazkaria, eraikinaren jabearen abokatua eta atea ireki behar duen behargina. Zenbait metro aldendu dira, Etxebizitza Sindikatukoekin negoziatzera. Eztabaidak eta begitarte uzkurrak. 10:20 aldera itzuli dira sindikatuko ordezkariak: «Bertan behera utzi dute», esan diete ingurukoei, ahapeka.

Etxebizitza Sindikatuko bozeramaile Iker Narbonak eman die erabakiaren berri San Lorenzon daudenei: «Albiste on bat ematera gatoz: etxegabetzea gelditzea lortu dugu!». Jendetzak txaloka eta algaraka erantzun du. Narbonak azaldu du «mobilizazioari esker» lortu dutela prozesua geldiaraztea: «Isilpean egin nahi zuten, baina beste behin erakutsi diegu antolakuntzari eta borrokari esker posible dela legaltasun burgesari aurre egitea. Halako garaipenek, beren txikian, garrantzi handia dute».

Minbizia eta %75eko desgaitasuna

Narbonaren arabera, 57 urteko emakumea errentan bizi izan da orain arte etxe horretan. Alabaina, kontratua amaitu zaio, eta ez diote berritu nahi; jabeak hamar etxebizitza baino gehiago ditu. Gainera, emakumeak %75eko desgaitasuna du, eta minbiziaren kontrako tratamendua hartzen ari da.

Etxe horretan bizi da 2016tik, gaur egun bikotekidearekin. Emakumearen kontrako auzibidea 2021ean hasi zutela zehaztu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: «Errenta guztiak ordaindu baditu ere, jabeak ez dio kontratua berritu nahi». Emakumea etxegabetzeko prozedura behin-behinean bertan behera utzi zuten 2022ko otsailean, emakumeari moratoria onartu baitzioten, haren osasun eta zaurgarritasun arrazoiengatik.

Etxegabetzea Iruñean
Etxetik egotzi nahi zuten emakumea, gaur, bere etxeko atarian zirenei eskerrak ematen. I.U./FOKU

Hala ere, aurten moratoriatik kanpo utzi dute, Etxebizitza Sindikatuak zehaztu duenez, «bi bizileku alternatiba baztertu omen dituelako». Ondorioz, berriro abiatu dute etxegabetzeko prozedura. «Epaitegiak kontuan hartzen ez duena da ustezko alternatiba horiek egoitzetako egonaldiak zirela, eta horrek inondik ere ez die erantzuten etxebizitza bat izateko dituen beharrei, ezta hamar urtez bere etxea izan den horretan egoteko duen eskubideari ere», salatu dute. Etxebizitza Sindikatuak gehitu du alternatiba horiek ez zizkiotela behar bezala jakinarazi emakumeari, eta, beraz, ez zuela aukerarik izan «alternatibak baztertzeko ere».

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak erakundeei egotzi die «abandonatu» egiten dituztela «ustez babestu beharko lituzketen pertsonak»: «Etxegabetzeen moratoria luzatzea bermatu beharrean, edo kalitatezko etxebizitza eskaini beharrean, maizterrari egozten diote bere egoeraren ardura, eta negoziatzeari uko egiten dion etxejabe handi bati hura kalera botatzeko aukera ematen diote». Uste du «onartezina» dela hainbat etxe dituzten etxejabeek «beren maizterren bizitzekin jolastu ahal izatea, jabetza pribatuak ematen dien boterea dela-eta». Baita berez aldi baterako etxegabetzeen moratoria aplikatu beharko litzaiokeen kasu batean «aitzakiengatik» ez aplikatzea ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.