Emakume bat hilda aurkitu dute Tuteran, indarkeria zantzuekin

Andrearen senarraren bila ari da Foruzaingoa, heriotzarekin zerikusirik ote duen argitzeko. Poliziak ez du baieztatu hilketa matxista bat izan ote den, eta epaitegi batek sekretupean jarri du kasua

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat, Iruñean, artxiboko argazki batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Erredakzioa
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Atzo goizean Sara Pina izeneko 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran (Nafarroa), Iruñea pasealekuko etxe batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean, baina oraindik ez dute argitu indarkeria matxistako kasu bat ote den. Emakumearen senarra da susmagarri nagusia, eta gaur poliziak gizona Espainian bilatzeko agindua eman du.

Hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuan parlamentari eta gobernuko kontseilariek. Zuzenean kontatzen ari da Joxerra Senar, BERRIAko kazetaria:

Oraindik hipotesi guztiak zabalik dauden arren, elkarretaratzearen amaieran Javier Remirez presidenteorde lehenak adierazi du hilketa «emakumeen aurkako indarkeria» dela.

Poliziak azaldu duenez, emakumearen familiartekoek larunbatetik haren berririk ez zutela jakinarazi zieten Foruzainei, eta poliziak atzo etxebizitzan indarrez sartzea erabaki zuen; orduan aurkitu zuten hilotza. Polizia judiziala bertaratu zen, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman, eta Foruzaingoak ez du argitara eman hildakoa nor den. Gaur egingo diote autopsia, Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutuan.

Baliteke hilketa matxista bat izatea, baina, oraingoz, erakundeek ez dute informazio gehiago eman, eta Tuterako Instrukzioko 1. epaitegiak sekretupean jarri du kasua. Hildako emakumeak ez zuen aurrez tratu txarrekin lotutako salaketarik jarri, beste kasu askotan gertatzen den bezala; izan ere, adituen hainbatetan azaldu dutenez, emakumeentzat ez da erraza salatzeko urratsa ematea.

Noticias de Navarra egunkariak zabaldu duenez, gorpuak indarkeria zantzuak zituen. Foruzaingoa emakumearen senarraren bila dabil orain, hilketarekin zerikusia ote duen argitzeko; oraingoz, gizona desagertuta dago, eta Foruzaingoak adierazi du «beharrezkoa» dela hura agertzea ikerketan aurrera egin ahal izateko. Gizonak 41 urte ditu, eta bera ere atzo ez zen lanera joan; bere autoa ere desagertu da. Poliziak azaldu duenez, hipotesi guztiak «zabalik» daude oraingoz.

Hedabide batzuen arabera, emakumeak Castejongo (Nafarroa) Dos de Mayo eskolan egiten zuen lan.

«Amorrua eta asperraldia»

Sare sozialetan ere gertaera gaitzetsi dute hainbat erabiltzailek. Gogor salatu du, besteak beste, EH Bilduko parlamentari Patricia Peralesek: «Beste emakume bat eraila izan da! Amorrua eta asperraldia. Nire babes osoa familiari eta ingurukoei».

Tuterako EH Bilduk ere salatu du gertakaria:«Onartezina da». Babesa agertu die alderdiak ere emakumearen ingurukoei, eta «autodefentsa feminista» aldarrikatu du. Cortesko udalak ere sare sozialen bidez doluminak eman dizkio familiari, eta Pinari eskertu dizkiote «emandako momentu onak».

Hilketa matxista bat izan dela baieztatuko balitz, 2022an Euskal Herrian hil duten lehena litzateke. 2021. urtean 5 emakume hil zituzten, eta, 2003. urtetik, jada 112 dira eraildako andreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.