Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, 09:20 aldera gertatu da ezbeharra. Emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin sendagileek. Gorpua auzitegi medikuek azter dezaten eraman dute.
Barakaldoko alkate Tontxu Rodríguez eta zinegotzi ugari andrearen etxebizitzara joan dira, eta Stop Kaleratzeak eta Sendia elkarteak ere bertan izan dira. Kasuaren ardura hartu duen Barakaldoko epaile dekano Juan Carlos Mediavillak desjabetzeen legea "lehenbailehen" aldatzeko eskatu die agintari politikoei, "arrazoi ekonomikoengatik ezin da hau errepikatu".
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak Barakaldoko ezbeharraren inguruan esan du "tamalez berandu heldu" direla, "benetan zoritxarra" dela gaurkoa, "Madrilen legearen aldaketa egitea" espero dutela. "Neurriak ahal bezain laster hartu behar dira, hartzen diren neurri guztiak gutxi dira" adierazi du. Horrez gain, legea aldatu bitartean, etxe kaleratzeetan moratoria ezartzeko eskatu du.
Egaña PSE-EEko zinegotzi izan zen Eibarren (Gipuzkoa) 1983an, eta Jose Manuel Asensio PSE-EEko Barakaldoko zinegotzi ohiaren bikotekidea zen. Asensiori laguntza ematen aritu da psikologo talde bat. Eibarreko PSE-EEk doluminak adierazi dizkio sendiari.
Stop Kaleratzeak elkarteak adierazi duenez, Caixabankeko Building Center higiezinen enpresa da emakumea etxetik egozteko prozedura hasi duena.
Elkarretaratze deialdiak
Stop Kaleratzeak-ek elkarretaratzera deitu du gaueko bederatzietarako, hildako emakumearen etxearen aurrean. Labe Garaiak hiribidean bizi zen, Barakaldon. Adierazi duenez, ez zuten emakumearen kasuaren berririk. Horrez gain, Donostian, Bulebarrean 19:00ean egingo dute.
Berriotxoak taldeak 19:30etan manifestazioa egingo du Barakaldoko Justizia Jauregitik hasita. Gasteizen, 21:00etan egingo dute elkarretaratzea, Andre Mari Zuriaren plazan.
Desjabetzeak Hego Euskal Herrian