Emakume bat hilda aurkitu dute gaur Zumaian (Gipuzkoa), Itzurun hondartzan. Ertzaintzak 08:00etan jaso du abisua, eta larrialdi zerbitzuek, bertaratutakoan, ur ertzean topatu dute. Ingurua hesitu dute, eta 13:30ean jaso dute gorpua, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eramateko.
Gertatutakoa ikertzen hasi da Ertzaintza, eta, oraingoz, ez du hipotesirik baztertu. Gorpuak, printzipioz, ez du heriotza zerk eragin duen argitzeko zantzurik.