Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak BERRIAri baieztatu dionez, Ertzaintza emakumezko baten gorpuaren bila aritu da Gasteizen, Zadorra ibaian. Gizonezko batek Ertzaintzari esan dio emakumea hil eta gorpua errekara bota duela, eta hori egiaztatzeko lanetan aritu dira. Europa Press agentziak Jaurlaritzako iturriak aipatuta zabaldu duenez, 20:00 baino lehenago emakumearen gorpuzki gehiago bilatu dituzte, eta bukatutzat eman dute lana. Hilotza jaso dute ofizialki.
Urpekariak Abetxuku inguruan ari dira. Goizeko hamaikak aldera topatu dituzte gorpuzkiak, zerra batekin eta beste tresna batzuekin batera.
Bart gauean ohartarazi zuten Ertzaintza, 20:00 aldera, Gasteizko alde zaharreko etxebizitza batean homizidio bat gertatu izanaz. Bertara joan ziren ertzainak, eta maizterrarekin —43 urteko gizonezkoa— jarri ziren harremanetan. Emakume bat hil izana aitortu zuen, eta azaldu asteazkenean hil zuela, etxe horretan bertan.
60 urte zituen emakumeak, eta, hiltzailearen esanetan, elkar ezagutzen zuten. Mailu batekin jota hil ondoren, gorpua zatitu eta ibaira bota zituen, ostegunetik larunbatera bitartean. Ertzaintzak azaldu du etxean arrasto biologikoak topatu dituztela eta horiek ikertzen ari direla. Atxilo hartu dute gizona.
Mobilizazioak
Arabako Emakumeen Asanbladak bi deialdi egin ditu. Batetik, elkarretaratzea egingo du gaur Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, 20:00etan. Bihar, berriz, manifestazioa egingo dute, plaza horretatik abiatuta, 20:00etan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bat egin du deialdi horiekin, eta ostegunean ohiko leku eta orduetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Gasteizko Udalak hilketa gaitzetsi du adierazpen baten bidez; bihar elkarretaratzera deitu du, eta mugimendu feministaren deialdiekin bat egitera deitu ditu herritarrak.
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseilu osteko bileran, Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi du ez zegoela "harreman afektiborik" Gasteizen emakume bat hil duen gizonaren eta haren biktimaren artean. Gaineratu du ikerketa "emaitza batzuk" azaleratzen ari dela eta atxilotua epailearen esku utziko dutela.
Zehazki, Erkorekak esan duenez, "ez dago datu zehatzik erasotzailearen eta biktimaren arteko harremanaz", baina gaineratu du bizilagunen testigantzen arabera ez zegoela "harreman afektiborik delitu mota zehatz bat" gertatu dela ondorioztatzeko: "Hori da Ertzaintzak bizilagunekin hitz eginda jasotako informazioa, baina hori egiaztatu edo gezurtatu egin beharko da ikerketa judizialean".
Emakundek "gaitzespen sendoena" adierazi du, eta laguntza eskaini emakumearen familari eta gertukoei. Horrez gain, "ikerketak aurrera egin eta sumarioa sekretupetik irtetearen zain", gizarteari eskatu dio "jarrera aktiboa erakuts dezan emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean". Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, Gasteizko Udalak biharko deitu duen kontzentrazioan parte hartuko du.
Bestalde, EH Bilduk bertan behera utzi ditu Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren testuinguruan gaurko antolatuta zeuzkan ekitaldiak. Horren ordez, bat egin du Gasteizko hilketa salatzeko deitutako mobilizazioekin.
"Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest, eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen hilketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena", salatu du koalizioak.