Urnietako (Gipuzkoa) kiroldegian gizon batek emakume bati eraso egin diola salatu du Buruntzaldeko Itaiak, emaztekia grabatu baitzuen hura kirola egiten ari zela. Joan den astean gertatu zela jakinarazi du antolakunde sozialistak, eta elkarretaratzera dei egin dute: herriko San Juan plazan izango da, gaur, 18:30ean. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erasoa gaitzetsi dute, eta arratsaldeko kontzentraziora joateko deia egin.Â
Udalak ohar bidez egin ditu adierazpenak, eta erran ez dituela «inolaz ere onartzen» emakumeen eskubideak urratzen dituzten erasoak. «Hau ez da gertakari bakan bat, ezta azalpenik gabeko ekintza bat ere. Hartutako erabaki kontziente baten emaitza da: emakumeen askatasuna urratzea», erran du.Â
Antzeko adierazpenak egin ditu aldundiak ere, eta babes osoa helarazi die erasoa jasan duen emakumeari eta haren ingurukoei. «Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra», adierazi dute.
Beste atxilotu bat Gasteizen
Atzo udaltzainek 30 urteko gizon bat atxilotu zuten Gasteizen emakume bati sexu eraso bat egin, eta ondoren hura borondatez kanpo atxiki izana leporatuta.
16:30 aldera hiriko Santo Domingo kalean emakume batek laguntza eskatu zien udaltzainei. Adierazi zien gizon batek bere alaba atxikia zuela kale horretako lokal batean. Saiakera batzuen ostean, neska aurkitu zuten, eta hark kontatu zienez, gizonarekin baimendutako harremanak izan ostean, gune hartatik ateratzera zihoanean, gizonak ez zion alde egiten utzi. Are gehiago, emakumeak agenteei kontatu zien gero gizonak fisikoki eta sexualki eraso egin ziola, eta jarraian atxikita izan zuela.
Udaltzainek hantxe bertan aurkitu zuten 30 urteko gizona, eta emakumeak esandakoaren ondoren, eurekin eraman zuten. Gertakaria ikerketapean dago.