Kuleroak gorriak dira. Parpailekin. Deigarriak oso. Only for adults filmetan ageri litezkeenetakoak. Hark beste leku batean ikusi ditu, baina: bizilagunak arropa zabaltzen duen sokan. Lagunari kontatu dio, harriturik: emakume hori edadekoa da, 70 urte ingurukoa. Zergatik janzten du arropa hori? «Eta senarrari sorpresa atsegin bat eman nahi bazion, gogo hori bazuen?», adierazi du neskak. Baliteke. Gainera, Eguberrietan izan da. «Horregatik. Beharbada, sasoi honetako ohitura xelebre horietako batengatik da». «Baina adin horrekin...», gehitu du.
Geroztik ez ditu kuleroak eskegita ikusi. Soilik Gabon zahar egunean jantziko zituen? Baliteke gizona asaldatu izana. Halako arropak gehiagotan ez janzteko eskatu dio andreari, eskandalizaturik. «Zer egiten ari zara Moulin Rouge-ko neska baten moduan? Nicole Kidman zarela uste duzu?». Edadekoa da andrea. Eta edadekoa, zaharra izatea ez da erakargarria. Are gutxiago emakumezkoa bazara. Zahartzaroa eta sexua, plazera, ez datoz bat. Garaian garaikoa. Horixe pentsatu du neskak bizilagunaren barruko arropa ikusi ostean: behin adin jakin batera helduta, hobe duzu jolasak alde batera utzi. Batez ere andrazkoa bazara.
Maitasunik gabeko sexua; sexurik gabeko maitasuna. Edo ez sexurik, ez maitasunik. Tristeena. Oroz gainetik ofizialki bikotekidea baduzu —zenbat halakorik?—. Maitasunik ba ote sexurik gabe? Halaxe titulatu du Neue ZĂ¼rcher Zeitung egunkari suitzarrak urteko lehen egunean argitaratutako artikulua. Joan den urtean adineko bederatzi bikote elkarrizketatu zituen hedabideak haien harremanen berri jakiteko. Nola bizi dute maitasuna zahartzaroan? Nola egin dute elkarrekin segitzeko? Felizitas Ambauen terapeuta pertsona horietako batzuekin mintzatu da. Ondorioetako bat: «Erlazio on bat izateko ez da sexu onik izan behar. Edo sexurik». Zahartzaroan. Ez esan hori bikote gazteei.
Adinak bere bidea egiten du maitasun eta sexu erlazioetan. Bizi legea da. Zaharrez sexua baztertzea aukera izan daiteke. Borondatezkoa. Edo derrigorrean, naturak ezarritako patuak aginduta. Modurik izanez gero, plazer sexualaz gozatzen segituko lukete lagun askok. Zergatik ez? 70 urtez gorako bikoteei galdetuko bagenie, ezusteko bat baino gehiago izango genuke.
Noiz bukatzen da desioa? Noiz itzaltzen sua? Amaitu den urtearen hondarrean hil zen Brigitte Bardot. Asteazkenean agurtu zuten. Hura baino ikono klasikoagorik mass-mediek aspaldi hedatutako edertasun eredua eta desio kitzikagarria irudikatzeko? Brigitte Bardot «gizon ezkondu baten amets ezinezkoa» zela esan zuen Marguerite Duras idazle frantsesak. Ez soilik gizonena. Zenbait emakume ezkonduren eta ezkongaberen ametsa ere bai, antzina desio horiek isilean gordetzen ziren arren.
Brigitte Bardot. Et Dieu... créa la femme lana filmatu zuen Roger Vadim-ek 1956an, BB musa eta emazte zuela. Eta deabruak Bardot sortu zuen titulatu zuen egunkari frantses batek hura hil eta biharamunean. 2025ean hildako beste aktore batzuk gogoratu ditu Janice Turner-ek The Times egunkarian. Robert Redford (89 urte) dugu horietako bat. Redfordek Indecent Proposal filmean jokatutako rola aipatu du Turnerrek, ironiaz: «Nork nori ordaindu beharko lioke?». Izan ere, ez da oso sinesgarria galaiak andre bati milioi bat dolar ordaintzeko proposamena egitea harekin oheratzeko, hura Demi Moore bada ere.
Claudia Cardinale ere zendu zen iaz. Irailean, 87 urte zituela. Brigitte Bardotekin Les Pétroleuses filmean jardun zuen aktore frantziar-italiarrak 1971n. Ez zen artelana izan, baina nahikoa frankismoaren amaieran gizon ezkonduen ezinezko ametsak —eta frustrazioak— azaleratzeko. Emaztearekin batera ikusi zuen etxeko jaunak CCren eta BBren filma. Asebeteta irten zen aretotik. Hurrengo egunetan senarraren fantasia izan zen Claudia Cardinale; hurrengo asteetan Brigitte Bardotekin egin zuen amets andreak. Gabonetarako ahaztua zuten dena. Urtezahar gauean larrua jo zuten. Pozik, baina kulero gorririk gabe.