Ehunka lagun bildu ziren hilaren 6an Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa), Itaiaren I. Kongresuaren amaiera ekitaldian. Indarkeria matxistaren eta esplotazio ekonomikoaren kontra eta emazteki langileen eskubideen alde borrokatzeko konpromisoa berretsi zuten bertan, antolakundearen proposamen politikoa aurkeztearekin batera. Irene Ruiz (Bilbo, 1997) eta Maitane Urkola (Anoeta, Gipuzkoa, 1997) antolakunde sozialistako kideak dira, eta adierazi dute proposamen hori azken bortz urteotako barne lanketaren emaitza dela.
Kongresuan antolakundearen oinarri politikoak aurkeztu zenituzten: egungo egoeraren analisia egitearekin batera, ondorioztatu duzue emakume langileak ezin direla askatu sistema kapitalistaren barruan. Horrekin lotu dituzue politika feministei egindako kritikak, eta erran emakumeen eskubideen aldeko borroka instituzionalizatu dela. Zuek zer proposatzen duzue borroka horri kalean eusteko eta ez instituzionalizatzeko?
MAITANE URKOLA: Gure mugimendua bi zentzutan garatu nahi dugu: emakume langileen problematikari borroka prozesuen bidez erantzungo dion indar politikoa garatu nahi dugu eta, horrekin batera, lan ideologikoa egiteko garaia dela uste dugu, militante formatuak edukitzekoa. Zergatik? Batetik, borroka prozesu horiek ez daitezen instituzioen interesek azpiratuta gelditu, eta, bestetik, testuinguru erreakzionario honetan ideologia faxistari aurre egiteko gaitasun politikoa izan dezagun.
Bide horretan arreta berezia jarri ohi duzue emakume migranteengan, eta proposamen politikoan ere badute lekurik. Zertaz da garrantzitsua zuendako emakume migranteak subjektu politiko aktibo gisa identifikatzea eta horien aldarrikapenei ere lekua egitea?
IRENE RUIZ: Emakume gehienentzako alternatiba politiko iraultzailea eraiki nahi dugu. Politika instituzionalak kanpoan utzi ditu emakume proletarizatuenen interesak. Horregatik, gure proposamen politikoan ezinbestekoa da egoera okerrenean dauden emakumeen problematikei erantzutea. Haien aktibazio politikoa lortzeko bidean, gure asmoa da ahalik eta bitarteko gehienak mahai gainean jartzea, haiekin batera beren bizi baldintzen eta eskubide politikoen alde borrokatuz; zaindu behar izatea edo paperik ez izatea ez dadin izan oztopo parte hartze politikorako.
Itaiaren militantzia gaztea da, baina ahalik eta emakume gehienentzako tresna politikoa izan nahi dugu.
Zazpi puntutan banatu duzue zuen proposamen politikoa. Zaintza lanen sozializazioa da horietako bat: defendatu duzue guztiendako zaintza zerbitzuak izatea, doakoak eta kalitatezkoak, eta adierazi hori lortzeko beharrezkoa dela sektore horren pribatizazioa amaitzea. Zer proposatzen duzue horretarako?
URKOLA: Zaintza zerbitzuak sozializatu egin beharko lirateke emakume langileen askapena gorpuztu ahal izateko, eta emakumeen karga izan beharrean, izan daitezela gizarte osoaren karga. Hori ez dugu gaur lortuko: estrategia sozialistaren barruan kokatu beharreko borroketako bat da.
Izan ere, ikusi dugu pribatizazioa arazo handi bat dela zaintza sektorean eta osasun arloan, eta EAJ modu basatian ari da hori aurrera eramaten. Horrek zuzenean eragiten die langile familiei eta sektore horietan lan egiten duten emakume langileei, eta, horregatik, pribatizazioaren aurkako borrokak lehen lerroan egon behar du. Zaintza zerbitzu publikoen aldeko borroka estrategia sozialistaren barruan kokatzen dugu. Izan ere, badakigu kalitatezko eta doako zaintza zerbitzuak estatu sozialistak bakarrik berma ditzakeela.
«Zaintza zerbitzu publikoen aldeko borroka estrategia sozialistaren barruan kokatzen dugu. Izan ere, badakigu kalitatezko eta doako zaintza zerbitzuak estatu sozialistak bakarrik berma ditzakeela»
MAITANE URKOLA Itaiako kidea
Proposamenean, gainera, lehentasun gisa ezarri duzue prostituzioa amaitzea. Zer bide hartuko duzue?
RUIZ: Prostituzioa emakumeak sexualki esplotatzen gaituen eta, gainera, sozialki subordinatzen gaituen instituzio bat da. Prostituzioa amaitu egin behar da: emakume batek ere ez du horrelako egoerarik bizi behar. Feminismoaren barruan badaude uste dutenak prostituzioaren abolizioa dekretu bitartez helduko dela, baina guk ez dugu uste hainbat milioiren irabaziak sortzen dituen instituzio batek amaierarik izango duenik dekretu bitartez. Guk prostituzioa abolituko duen estatu eredu bat sortzeko helburu politikoa daukagu, eta, horretarako, beharrezkoa da prostituziora eramaten gaituzten baldintza ekonomiko penagarriak amaitzea.
Abortu zerbitzuaren pribatizazioa amaitzea eta abortuaren kriminalizazioari ateak ixtea «urgentziazkoa» da zuentzat.
URKOLA: Paperean, abortatzea eskubide bat da, baina, errealitatean, urrun dago eskubide unibertsala izatetik. Emakume askok, migranteek edo paperik gabeek kasurako, ez dute abortatzeko eskubiderik. Nahiz eta zerbitzu publiko bat izan, emakumeak klinika pribatuetara bideratzen dira, interes ekonomikoak lehenetsita emakumeen ongizatearen gainetik. Borroka prozesu batzuk martxan jarri nahiko genituzke erakusteko ez garela konformatzen paperean idatzitako eskubide batekin.
Proposamen horiek guztiak egiteko, politika feministen balantzea egin duzue. Zein analisi egiten duzue egungo egoeraz?
URKOLA: Urte luzez feminismoaren barruan lan egin da emakumeen eskubideen aldeko kontzientzia garatzeko, eta oraindik ere fruituak ematen ari da, norbanako eta kolektibo asko ari baitira lanean. Baina, momentu honetan, planteamendu transfeminista batzuk nabarmentzen ari dira, eta noraez ideologiko batean daude: indarkeria matxistaren aurka edo LGTB kolektiboen diskriminazioaren aurka lan egiten duen eragile sozialista bat erreakziotzat jotzea da horren adibide bat, faxista bat eta sozialista bat parekatu ere egin dituzte eta. Gainera, zapalkuntzak amaitzeko ikuspegi iraultzailea alboratu dute.
Gure ustez, testuinguru erreakzionario konplexu honetan emakume langileen problematikei erantzungo dieten analisiak eta proposamenak egiteko garaia da. Eta esaterako, BERRIAko elkarrizketa batean esatea indarkeria matxista amaitzeko gizonek eta emakumeek desagertu behar dutela, hori, indarkeria amaiarazteko proposamen bat egitea baino gehiago, nabarmenkeriatan aritzea da.
Itaiaren ikuspegi estrategikoa zein den ere esplikatu duzue, eta erran «Mugimendu Sozialistaren egiteko nagusia nazioarteko masa alderdi komunista eraikitzea» dela. Hortaz, Itaian norat begira ari zarete jarduten?
RUIZ: Itaia Euskal Herriko emakumeen antolakunde sozialista da, eta gure jardun guztia Euskal Herriko markoan gauzatzen dugu. Baina uste dugu emakume langileon askapenak perspektiba zabalago bat izan behar duela; emakume langileon zapalkuntza ez baita Euskal Herrian bakarrik gertatzen, munduan ere gertatzen da: milaka emakume daude muturreko prekarizazioan edo sexu esplotazioko sareetan sartuta. Itaiako kideek ekarpena egin nahi dugu nazioarteko masa alderdi komunistaren eraikuntzan agente aktibo izanda.
«Itaiako kideek ekarpena egin nahi dugu nazioarteko masa alderdi komunistaren eraikuntzan agente aktibo izanda»
IRENE RUIZ Itaiako kidea
URKOLA: Gainera, bateragarria da nazioarteko alderdi komunista berreraikitzeko helburua izatea eta nazio desberdinetan tokiko antolakuntza formak hartzea. Euskal Herrian eta Katalunian, adibidez, bakoitza bere esparrutik aurrera egiten ari gara bestelako mundu bat eraikitzeko ekarpenak eginez.
Aurten ere kalera eramanen dituzue aldarrikapen horiek martxoaren 8an. Bertze behin, azpimarratu duzue ospakizun eguna ez, baizik eta borroka eguna dela. Zertaz ñabardura hori?
RUIZ: Egun hori baliatu behar dugulako gure miseriaren erantzuleak seinalatzeko eta gure aldarrikapenak edukiz hustu nahi dituztenak seinalatzeko. Iruditzen zaigu emakume langileon problematikek lehen lerroan egon behar dutela, instituzioetatik eta interes ekonomikoetatik kanpo. Martxoaren 8an kaleak hartuko ditugu matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde.