Itaiak kalera ateratzeko deia egin du emakume langileen interesen alde

'Emakume langileok askatzeko, batu borrokara' lelopean, mobilizazioak eginen dituzte igandean Euskal Herriko bortz hiriburutan.

Itaiaren agerraldia, gaur. ITAIA
Itaiaren agerraldia, gaur. ITAIA
Isabel Jaurena.
2026ko martxoaren 5a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume langileek jasaten duten indarkeria matxistaren kontra, esplotazio ekonomikoaren kontra eta emaztekien eskubideen alde kalera ateratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Emakume langileok askatzeko, batu borrokara lelopean, mobilizazioak eginen dituzte igandean Euskal Herriko bortz hiriburutan, eta bertze 22 deialdi antolatu dituzte hainbat herritan. 

Gogoratu dute Martxoaren 8a borroka eguna dela, eta hamaika arrazoi daudela hori aldarrikatzeko. Are, kritikatu dute instituzioetako alderdi politikoek, erakundeek eta enpresariek ospakizun egun bilakatu izana: «Eduki politikoz hustu, eta batasun abstraktua aldarrikatzeko baliatu baitute». 

Antolakundeak salatu du krisi ekonomikoak «milaka eta milaka emakume langileren miseria areagotu» duela, eta gehitu faxismoaren zabalpenak ideia matxistak indartu dituela, «matxismoa bera ukatuz eta emakumeen aurkako neurri zuzenak proposatuz». Emaztekien «egiturazko zapalkuntza» islatzen duten zenbait gertaera ere gaitzetsi ditu Itaiak: «Sarrigurengo erailketa matxista; polizien erasoak, Polizia Nazionalaren bigarren buruarena besteak beste; Macronen 'berrarmatze demografikorako plana'; eta abortuaren aurkakoen elkarretaratzeak». «Emakume langile askoren egunerokotasunaren parte dira indarkeria matxista, esplotazio ekonomikoa eta erabateko subordinazioa», borobildu dute.

MOBILIZAZIOAK

  • Baiona. Merkatu plazan, 15:00etan. 
  • Bilbo. Plaza Eliptikotik, 12:00etan.
  • Donostia. Bulebarretik, 11:30ean.
  • Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazatik, 12:00etan.
  • Iruñea. Udaletxe plazatik, 12:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.