Guztiendako kalitatezko lan baldintzak izatea; zaintza lanak sozializatzea; indarkeria matxista desagerraraztea; emakume langileen gorputzen salerosketa amaitzea; doan eta baldintza egokietan abortatzeko eskubidea unibertsala izatea; seme-alabak izateko baldintzak bermatzea; eta sexu eta ugalketa osasuneko zerbitzuak kalitatezkoak eta doakoak izatea. Horiek dira Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren proposamen politikoaren gakoak. Finean, antolakundearen erranetan, Euskal Herriko emakume langileendako «alternatiba iraultzaile bat» aurkeztu dute, azken urteetako lan militantearen emaitza gisa.
Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa) aurkeztu dute proposamen politikoa, Itaiaren I. Kongresuaren amaiera ekitaldian. Naia Izko eta Irene Ruiz antolakundeko kideek esplikatu dutenez, hilabeteetako lanaren eta hausnarketaren emaitza izan da gaurkoa: «Gure antolakundearen norabidea gaur egungo testuingurura egokitu nahi izan dugu, eta hemendik aurrera zer pauso eman behar diren zehaztu».
Egungo egoera aztertu du Izkok lehenbiziko hitzaldian, eta erran gizarte kapitalistarendako «ezinbestekoa» dela «langile klasea esplotatzea»; are, emakumeen esplotazioa «negozio iturri» da enpresariendako, antolakundearen irudiko. Horren harira, Izkok erran du emazteki langileen miseria «areagotu» dela, haien kontrako neurriak hartu baitituzte, eta zenbaitek matxismoa ukatu ere bai. «Diskurtso atzerakoi eta kontserbadore horiek langile klaseko kolektiborik zaurgarrienak baztertzeko oinarriak jartzen ari dira: ideia supremazista eta arrazistak hauspotuz, LGTB kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoa eta biolentzia zabalduz, eta jarrera matxista eta misoginoak indartuz», gehitu du.
Hortaz, antolakundearen irudiko, «emakume langileak askatzeko borroka eta programa instituzional kapitalista ez dira bateragarriak». Orain arteko borroka gutxietsi gabe, emakumeen eskubideen aldeko borroka instituzionalizatu delakoan daude: «Guk balioa ematen diegu milaka emakumek gure eskubideen alde egindako borrokari eta ahalegin guztiei; are gehiago, horrek guztiak eskubide kolektiboak eskuratzeko eta emakumeon askapenaren aldeko kontzientzia hedatzeko balio izan zuen. Baina emakumeon zapalkuntza gainditzeko ezinbestekoa den ikuspegi iraultzailea galdu egin da».
Bide orri politikoa
Hori kontuan harturik, ezinbertzekoa da bertze botere eredu bat sortzea, Izkok erran duenez; «gehiengoaren ongizatean eta berdintasunean oinarrituko den estatu sozialista, hain zuzen». Sinetsita baitaude «urgentziazkoa» dela «emakume langileen interesak erdigunean jarriko dituen proposamen politiko bat mahaigaineratzea».
Antolakundeak ondutako proposamena xehatu du Ruizek, eta azaldu bide orri horrek lehen lerroan jarriko duela, batetik, emakume langileen problematika, eta, bertzetik, horiek egunero jasaten duten zapalkuntza bakoitzari aurre egiteko borrokak ere bai. Horretarako, aipatutako zazpi ildoetan eginen dute lan, aldian aldiko beharrizanei eta gaitasun politikoei «estuki lotuta».
Mobilizaziorako deia
Aldarrikapen horiek kalera eramanen dituzte martxoaren 8an, Ruizek adierazi duenez. Emakume langileok askatzeko, batu borrokara lelopean, mobilizazioak eginen dituzte Euskal Herriko herri eta hirietan, eta bat egitera deitu dituzte herritarrak.
Ruizek gogoratu du, halaber, egun hori borrokarako dela, baita «aldarrikapenak edukiz husten dituztenak» seinalatzeko ere: «Borroka egun batek ez luke kontsentsua lortzeko izan behar, eta ezin du gizartearen batasun abstraktua izan helburu. Kontrara, gure pobreziaren erantzuleak, erasotzaileak, garaikur edo objektu gisa tratatzen gaituztenak eta gure aldarrikapenak edukiz husten dituztenak seinalatzeko eguna da».