«Espetxean bizi edo lan egin duten emakumeen testigantzak entzutean, argi geratzen da kartzelak ez dituela bakarrik zigortzen legea hautsi duten emakumeak, baizik eta areagotu egiten dituela haien bizitzan aurretik zeuden desberdintasun eta minak». Irmo mintzatu da Josune Carramiñana, ADAP elkarteko kidea, kartzelan dauden emakumeen errealitateaz. Azaldu duenez, kartzela ikuspegi juridiko edo kriminaletik baino ez da aztertzen sarritan. Giza ikuspegia eta ikuspegi feminista bigarren mailan geratzen dira, edo ez dago halakorik. Ados agertu da Maria Ruiz EHUko ikertzailea, nabarmenduta emakume espetxeratuek egunerokoan garatzen dituzten erresistentziak, estrategiak eta bizirik irauteko aukerak ez direla ausazkoak, baizik eta sistema bati aurre egiteko forma aktiboak.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Dolores Juliano y las reivindicaciones implícitas de las mujeres (Dolores Juliano eta emakumeen aldarrikapen inplizituak) jardunaldian elkartu dira Carramiñana eta Ruiz. Ruizek hartu du hitza lehenbiziko, eta azaldu du bere tesia Dolores Juliano antropologo sozial argentinarraren lanean oinarrituta dagoela —emakumeek espetxean dituzten aldarrikapen inplizituak jorratzen ditu Julianok liburuan—. «Julianoren liburua irakurtzean gehien hunkitu ninduena izan zen delituaren eta kartzelaren ideia begirada androzentrikotik pentsatua izan dela. Horregatik, legea hausten duten emakumeek estigmatizazio handiagoa jasaten dute. Gizon batek delitu bat egiten duenean, jokabide txarra da. Baina emakumea denean, automatikoki ama, alaba, lagun, herritar gaiztoa da».
Ruizek esan duenez, gizarteak uste du emakumeek «onak eta zaintzaileak» izan behar dutela, eta, horregatik, emakumeak kartzelan sartzen dituztenean, gizarte zigorra askoz handiagoa da. «Horregatik, delituak egiten dituzten emakumeak moralki ere epaitzen dituzte. Diziplinagabetzat eta kontrolik gabekotzat jotzen dituzte, eta haien kondena bikoitza izaten da: legezko zigorra eta mespretxu soziala», gaineratu du.
«Delituak egiten dituzten emakumeak moralki ere epaitzen dituzte. Diziplinagabetzat eta kontrolik gabekotzat jotzen dituzte, eta haien kondena bikoitza izaten da: legezko zigorra eta mespretxu soziala»
MARIA RUIZEHUko ikerlaria
Carramiñanak 30 urte baino gehiago daramatza presoekin lan egiten. Ruizek azaldutako estigmaren jatorriaren gako batzuk eman ditu: «Lehen, legeari kasu egiten ez ziotenak zentzatze etxeetara, galeretara edo erbestera bidaltzen zituzten. Jaiotzetik ematen zieten rola hausten zutenak, hau da, zaintzaile eta emazte ona ez zirenak, bekatariak ziren. Horrek arrasto bat utzi du legea urratzen duten emakumeak ulertzeko moduan». Gordin deskribatu du orain kartzeletan bizi direnen errealitatea: «Gehienak indarkeria, pobrezia eta bazterkeria jasaten zituzten inguruetatik datoz, eta asko biktima izan dira delitugile izan baino lehenago. Gainera, askok tratatu gabeko buru osasuneko arazoak edo adikzioak dituzte. Espetxeak ez ditu zigortzen delituagatik bakarrik, horregatik guztiagatik ere bai».
Elkartasun sareak
Gordintasun horretan, baina, laguntza sareak sortzen direla azaldu du Ruizek: «Elkartasuna funtsezkoa da». Esan duenez, emakumeak kartzelan sartzen direnean «noraezean» egoten dira, galduta; baina kideek erakusten diete non dauden, eta zer egin behar den. «Hori gabe, kartzela askoz jasangaitzagoa litzateke», osatu du Carramiñanak. Eta xeheago mintzatu da: «Kartzelan gatazka asko daude, baina baita haien arteko sorospen ikaragarria ere. Emakume batzuk, elkar ezagutu gabe, familia bihurtzen dira beste batzuentzat, eta horrek ematen die jarraitzeko indarra».
«Kartzelan gatazka asko daude, baina baita haien arteko sorospen ikaragarria ere. Emakume batzuk, elkar ezagutu gabe, familia bihurtzen dira beste batzuentzat, eta horrek ematen die jarraitzeko indarra»
JOSUNE CARRAMIÑANAADAP elkarteko kidea
Ruizek, berriz, espetxeak lotura afektiboetan duen inpaktua aztertu nahi izan du. Kontatu du emakumeak kartzelean sartzen direnean, min handiena ematen diena seme-alabengandik urruntzea dela. «Jaso dugun sozializazioagatik, txikitatik neskei irakasten dizkiguten rolengatik, uste dute denei huts egin dietela: seme-alabei, amari eta bikotekideari, besteak beste». Carramiñanak buruarekin baietz esan, eta oso gertutik ikusi dituen kasuak jarri ditu adibide gisa: «Askok hilabeteak itxaron behar dute seme-alabak ikusteko. Eredu txarra izateagatik lotsa sentitzen dute, fisiko eta psikologikoki eragina izaten du horrek».
Azaldu dute espetxe eredu berriak genero ikuspegia txertatzea eta komunitatean eta erregimen irekiko neurriak lehenestea agintzen duela, delitu txikiak egin dituzten emakumeak beren ingurunetik erabat baztertuak izan ez daitezen. «Askok ez lukete kartzelan egon behar, egin duten delitu motagatik: lapurreta txikiak eta iruzurrak esaterako; aske egon daitezke, beste neurri batzuekin. Hemen zigortu baino ez da egiten, eta, hori aldatzen ez den bitartean, desberdintasun berberak errepikatzen jarraituko dugu», esan du Carramiñanak.
Gehitu du emakume presoei entzutea dela errealitate hori aldatzeko lehen urratsa, eta ezinbestekoa dela feminismoak konpromisoa hartzea «porrot egin duen sistema bat zalantzan jarri» eta, begirada solidario eta kritiko batetik, beste etorkizun bat posible dela irudikatzeko.