Kartzelan bi aukera dituzu: hondoa jo guztiz edo denbora aprobetxatu eta zure bizitza berregin». Toñi Martinezek, 50 urteko pasaitarrak, bigarren aukeraren alde egin du. 2007ko azaroaren 12an espetxeratu zuten, eta Martutenen lehen urratsak egin orduko jabetu zen borrokatu egin behar zela handik ateratzeko. «Nire betiko bizitza berreskuratu nahi nuen».
Bizitza «normala» zuen: lana, familia eta hiru seme-alaba. Bizitzako une zailek, ordea, drogara eraman zuten, eta bizitzaren kontrola galdu zuen. Bere ingurunetik aldendu zen, eta hainbat delitu egin zituen orduan.
Martutenera iritsi zenean 29 preso zeuden emakumeen moduluan, eta «drogen munduan ezagututako» hainbatekin egin zuen topo. «Espetxea hotza da, tristea eta iluna. Hormatzarren bestaldean dagoen bizitzarekin ez du zerikusirik. Ordu asko ematen dituzu itxita». Gogoan du bi euskal presorekin behin patioan izan zuen solasaldi bat. «Batek 18 urte zeramatzan espetxean, eta espetxealdia eramangarri egin ahal izateko, denbora ahalik eta hobekien aprobetxatzeko aholkatu zidan. Nik ere hori egin ahal nuela aholkatu zidan». Eta hala egin zuen.
Martutenera kaleko kolektibo ugarietako kideak sartzen direla dio, eta, ondorioz, presoek ekintza asko egin ditzaketela. Lehen gazteak zituzten moduluan dituzte orain emakumeak, eta instalazioak «nahiko txukun» daude. Ziegak, dena den, oso txikiak dira: zortzi metro koadro, eta bi preso bizi dira. «Batzuetan lau emakume ere bizi izan dira».
Laguntzarik ez
Martinezek laster egin zuen hautua. Hori erabakitzeko eta egunerokoari aurre egiteko, ordea, «oso indartsua» izan behar dela nabarmendu du, «espetxe sistemak ez dielako eskaintzen presoei gizarteratzeko inolako bitartekorik». Adibide gisa jarri du Martutenen hezitzailearekin egoteko ia hiru hilabete behar direla eta bi gizarte laguntzaile baino ez daudela 450 presorentzat. Martinezek argi du: «Kartzelan ez du ezerk ondo funtzionatzen. Espetxezain gutxiago behar dira, eta profesional gehiago».
Preso gehienak bakarrik daudela dio, eta horrek osasun arazo ugari eragiten dizkietela: «Zoramenaren atarian daude». Ia ez dute loturarik kalearekin: ez familiarik, ez ezer. Gainera, Martinezen irudiko, familiarekin harremana mantentzeko aukerak ere ez dira ugariak: astean 5 minutuko 10 telefono dei eta 40 minutuko bisita, kristal batek bananduta. «Inoiz ez nuen nire alabekin bisitarik egin mintzatokian, beti aurrez aurrekoetan. Lotsa ematen zidan alabek kristalaren beste aldean eta giltzapean ikusteak».
Hirugarren gradua, gogorra
Hogei hilabete egin zituen preso Martutenen, eta espetxean izandako «jarrera onarengatik», hirugarren gradua aurreratu zioten. Lehengo astean bukatu zuen, baina 2011ko abendura arte ez du bukatuko zigorra. Astean bitan joan behar du orain espetxera sinatzera. Beste hainbat deliturengatik zigor alternatiboak jarri dizkiote. Sistema judizialaren «pribilegiatu» sentitzen da, baina argi du inork ez diola ezer oparitu.
Zortzi hilabete egin ditu hirugarren graduan: goizeko zazpietan ateratzen zen espetxetik, eta 23:00etan itzultzen zen lotara, astelehenetik ostiralera. Martutenen, baina, ez dago 3. gradua betetzeko instalazio «egokirik». Horren lekuko da lehen lau hilabeteak garai batean zigor ziegak ziren lekuan pasatu behar izan zituela. Ziega oso txikiak ziren, hotzak eta zikinak. Lo egiteko bi ohe, leiho txiki bat eta urik gabeko komun bat. «Etsigarria da. Lo egiteko baino ez da, baina ez da egokiena presoak gizarteratzeko». Langraitzen ere ez dago tokirik 3. gradurako, eta hango presoak moduluetara itzultzen dira gauean.
Fase horretan gorabehera dezente izan dituela aitortu du Martinezek. «Psikologikoki oso gogorra da. Senideekin familia giroa hasten denean, espetxera itzuli behar duzu. 3. gradua onartu izanaz ere damutu izan naiz sarri».
Orain Loiolaetxean bizi da, eta aurrera egin nahi du. Lan bat nahi du. «Bizitzeko oinarrizkoa eskatzen dut. Espetxean horixe ikasten duzu: oso gauza gutxirekin bizitzen». Atzean utzi nahi du «pasarte ilun» hori: espetxea.
EMAKUMEA ETA ESPETXEA. «Espetxezain gutxiago behar dira»
Ia bi urte egin ditu Toñi Martinezek Martutenen, eta lehengo astean bukatu zuen hirugarren gradua. «Oso gogorra» izan da, baina «indartsu» izaten ikasi du. Preso asko «zoramenaren atarian» daudela dio: «Espetxezain gutxiago eta profesional gehiago behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu