Emaztea eta ama, etxean. Horixe frankismoak ia berrogei urtez Hego Euskal Herrian inposatutako emakume eredua. Atzerapauso bat baino gehiago izan zen: Espainiako II. Errepublikak andrazkoei aitortutako eskubideak indargabetu zituen, eta gizarte eredu guztiz patriarkala ezarri zuen diktadurak, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak legeztatzeraino eta gizonezkoen nagusitasuna instituzionalizatzeraino. Amets egiteko aukera ere ezabatzeraino. «Dena zen jasatea eta ugaltzea», laburtu du Gemma Pierola NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialariak. Frankismo garaiko genero diskurtsoak eta emakumeen eguneroko bizimoduak aztertuak ditu, eta andreen erresistentziarako gaitasuna nabarmendu du: «Emakume batzuek eredu hura barneratu zuten, baina beste batzuek ez zuten bete, bizirauteko premiaz, eta beste batzuek aurka egin zioten, borondatez».
Pertsona guztien eskubideetan eta askatasunetan murrizketa nabarmena ekarri zuen Francisco Francoren erregimenak, baina emakumeak, gainera, bigarren mailako herritar bihurtu zituen, gizonen menpeko. Baina Pierolak ohartarazi du: «Francok ez zuen ezer asmatu: haren eredu patriarkala zaharragoa da». Izan ere, XX. mendearen hasieran, zalantzan zeuden emakumeei tradizioz egotzitako rolak: «Adibidez, derrigorrez ama izan behar ote zuten auzitan jartzen hasiak ziren, emakumeak ikastera joaten zirenean eta gizonekiko beste harreman batzuk eratzen zituztenean».
«Errepublikako lorpenak baliatu zituzten emakumeak bekataritzat edo nazkagarritzat jo zituzten, plaza publikora atera zirelako. Haiek guztiak zigortu egin zituzten»
«Emakumeak esaneko izan behar zuen, otzan; prest egon behar zuen senarra etxera iristen zenean haren beharrei erantzuteko, seme-alabak zaindu behar zituen, eta moral oso itxi baten arabera jokatu behar zuen»
GEMMA PIEROLAÂ NUPeko historialaria
Errepublikak eskubide bihurtu zituen aurrerapauso haietako asko, hala nola abortua eta dibortzioa. Beraz, «olde erreakzionario erabatekoa» ekarri zuen Francok. Berehala indargabetu zituzten emakumeen eskubideen aldeko legeak: «Errepublikako lorpenak baliatu zituzten emakumeak bekataritzat jotzen zituzten, edo nazkagarritzat, plaza publikora atera zirelako. Haiek guztiak zigortu egin zituzten, ez soilik haien militantzia politikoagatik, baizik eta modernitate hura ez zetorrelako bat Espainia berriko emakumearen eredu frankistarekin. Kontrol handiagoa ezarri zuten, emakumeak beraientzat markatutako bidetik atera zirelako».
Eredu zurruna
Eta hala birdiseinatu zuten emakumea, singularrean: eredu itxia eta zurruna. Gizonei eman zieten baliabide ekonomikoak lortzeko funtzioa, eta andreei, berriz, etxean egotekoa, seme-alabak izatekoa eta familia zaintzekoa. Legez ere, gizonen guztiz menpeko bihurtu zituzten: aita zuten nagusi lehenik, eta senarra gero, «Jainkoaren aurrean ezkondu» ondotik. Hala, andreek senarraren baimena behar zuten, besteak beste, pasaportea ateratzeko, enplegu bat izateko, bankuan kontu bat zabaltzeko edo kontratu bat sinatzeko.
Izan ere, haien tokia eremu pribatuan zegoen, Pierolak azaldu duenez: «Emakumeak esaneko izan behar zuen, otzan; prest egon behar zuen senarra etxera iristen zenean haren beharrei erantzuteko, seme-alabak zaindu behar zituen, eta eguneroko bizitzan moral oso itxi baten arabera jokatu behar zuen, janzteko modua ere ezarrita baitzeukan». Historialariak erantsi du mundu gerren arteko erregimen totalitario guztiek jokatu zutela antzera andrazkoekin: «Baina Espainian, Alemaniako nazismoan edo Italiako faxismoan ez bezala, balio politiko bat eman zioten: Espainia berri hartako gizon-emakumeen hezitzaileak izango ziren frankismoko amak».

sare bat eratu zuen emakumeak «hezteko». BERRIA
Diskurtso hori gizarteratzeko, «emakumeak mobilizatzeko» hainbat talde erabili zituzten. Batetik, Falangeren Seccion Femenina deitutakoa: «Emakumeak berriro hezi beharraz hitz egiten zuten, aberriarekiko eta tradizioekiko maitasunean hezteaz. Trebakuntza sare bat antolatu zuten, zerbitzu sozialen bidez». Bestetik, erakunde erlijiosoen bidez ere andreak erakarri zituzten. Accion Catolica izan zen nagusietako bat: «Baina gerra ostean jaiotako emakumeekin, ustel atera zitzaien. Jarduera karitatiboen bidez, emakumeak trebatzen hasi ziren, erakundea bera auzitan jartzen, eta bizitza sozialean parte hartzen. Frankismoaren bigarren zatian, hirietan auzo periferikoak eraikitzen hasi zirenean, auzo elkarteen eta langile mugimendu klandestinoaren parte handi bat halako erakunde erlijiosoetatik jaio zen».
Zigortuta
Diktadura, ordea, oso luzea izan zen, eta frankismoak kontrola, zigorra eta bortizkeria erabili zituen bere eredu patriarkala iraunarazteko. Hala, emakume askok gogor ordaindu zuten arautik ateratzea. «Parte hartze politiko aktiboa izan zuten andreak espetxeratu egin zituzten, eta batzuk heriotzara ere kondenatu zituzten. Baina ez zituzten bakarrik zigortu haiek egindakoagatik, baizik eta gizonezko senideek egindakoagatik: hildakoen, presoen edo iheslarien emazteak, alabak edo amak ere zigortu zituzten, bizi osorako».
Pierolak azaldu du bi zigor mota izan zirela. Batetik, sexu errepresioa: «Gerran eta gerraostean bortxaketak eta abusuak izan ziren batez ere, eta diktaduran zehar, torturak». Bestetik, genero errepresioa: «Genero diskurtsoarekin lotuta, feminitate eredu hura urratzen zuen guztia zigortzen zuten». Eta jendaurrean egiten zuten: «Ilea triskilatzen zieten: helburua ez baitzen moztea, baizik eta barregarri uztea, gustu estetikorik gabe, mundu guztiaren aurrean. Akain belarra ere ematen zieten, gainean kaka egin zezaten».

etortzeagatik zigortzen zituzten andreak. Irudian, Saturrarango espetxea:
mezetan parte hartzera behartzen zituzten. SAGRARIO MERODIOREN ARTXIBOA
Moral femenino hartatik irtendako emakume asko, gainera, giltzapetu egin zituzten Emakumeak Babesteko Patronatuaren menpeko komentu, umezurztegi eta erreformatorioetan. Mende hasieran sortu zen instituzio hura, baina diktaduran birformulatu egin zuten, «emakumeen ohiturak berriz moralizatzeko eta kristautzeko». Erakunde erlijiosoek kudeatzen zituzten: «Iruñean, adibidez, 1941ean komentu guztiak zeuden patronatuari lotuta; adoratrizak y oblatuak izan ziren espetxezain nagusiak. Kartzelen moduan funtzionatu baitzuten».
Bortxaketen errudun
Hainbat arrazoirengatik iristen ziren emakumeak halako zentroetara. Umezurtzak izan ziren batzuk, edo familiek zaindu ezin zituzten gazteak. Baina sarri, emakumeengan desegokitzat jotako portaerak egozten zizkieten: «Baziren 15 urteko neskatoak, familiek edo bizilagunen batek salatuak igerilekuan bainujantzi lizun bat janzteagatik, edo dantza egitean gizon batekin hitz egiteagatik». Eta beste askotan, jasandako bortxaren errudun bihurtzen zituzten: «Baziren ezkontzatik kanpo haurdun geratutako emakumeak, promes faltsuak jasotakoak, edo bortxatutakoak, garai hartan oso ohikoak baitziren adingabeen aurkako sexu abusuak. Gizonek bortxatu arren, emakumeen kontra jartzen ziren salaketak, frankismoa ez baitzen inoiz kezkatu gizonen morala zaintzeaz. Eta, gero, umeak kentzen zizkieten emakume haietako askori».

Patronatuan giltzapetutako andreak. BERRIA
Patronatuan egondako emakumeen testigantza gutxi daudela deitoratu du Pierolak. «Izatez, andre batzuek ez dakite patronatuaren zentro batean egon zirenik ere». Baina historialariek dakiten apurraren arabera, «oso bizimodu tristea» izan zuten andreek han, oso baldintza gogorretan: «Neskak berhezten zituzten, baina, aldi berean, lan egitera behartzen zituzten: besteak beste, hotelentzat eta jatetxeentzat mahai zapiak eta izarak josten. Ez zieten uzten elkarrekin hitz egiten, haien izenak ere ez zekizkiten, eta zentro batetik bestera etengabe mugitzen zituzten, sustraitu ez zitezen».
Pierolak uste du frankismoaren genero errepresioak arrasto sakona utzi zuela emakumeengan. Isiltasunean: «Diktaduraz hitz egitean, familietako gizonei zer gertatu zitzaien kontatzen du jendeak: preso egon zela, ihes egin zuela... Baina ez du ia ezer kontatzen geratu ziren emakumeez, haien gaineko kontrolaz eta errepresioaz; eta, horretaz hitz egiten denean, lotsa handi batez hitz egiten da». Frankismoak bortxaz eta krudelkeriaz ezarri zuen bere sistema patriarkala, baina, historialariaren arabera, andreek ez zuten barneratu genero diskurtso hura erregimenak espero zuen bezala: «Emakume asko lanera atera ziren, lan egin beharrean zeudelako, etxera iristen zena ez zelako nahikoa. Eta beste batzuek aktiboki parte hartu zuten erresistentzian edo iheslarien sare klandestinoetan. Eguneroko bizimoduan oposizio eta erresistentzia modu asko izan ziren; batzuk, inkontzienteak edo ikusezinak, baina beharrezkoak».

Orue txaletaren misterioa
Hormez bestaldetik iristen diren doinuek estaltzen dute Solokoetxeko Musika Eskolaren iragana: emakumeen kartzela izan zen XX. mendean; prostitutak giltzapetu zituen hasieran, eta frankismoko presoak gero. Aurrean, gaur egun Solokoetxeko buru osasuneko zentroa dagoen eraikinean, ama etxe bat zegoen: ezkontzatik kanpo haurdun geratzen ziren emakumeak bizi ziren bertan, ezkutuan, erditu arte. Hango leihoetatik Larrinagako kartzela ere ikus zitekeen, eta bertako patioa, zeinetan preso ugari fusilatu zituzten frankistek. Bilboko Santutxu auzoko metro gutxian kontzentratzen da memoria hori guztia. Eta misterio bat ere bai: Zabalbide eta Karmelo kaleen artean, Orue txaletak ere emakumeen kartzela bat hartu zuen 1936ko gerran eta gerraosteko lehen urteetan. Etxe haren arrastorik ez da auzoan, ez bada handik igarotakoen senideen oroimenean. «Eraikinak fisikoki desagertuta, memoria ere desagertu egiten da», esan du Andrea Heuschmidek.
Baskale elkarte eusko-alemaniarreko kide da Heuschmid. Besteak beste, memoria historikoko proiektuetan aritzen dira, eta hala izan zuten Orue txaletaren berri, 2017an: «Emakume batzuek aipatu ziguten, haien senideren bat han egon zelako, baina non zegoen ere ez genekien». Auzokoekin hitz eginda, ikerketa bat abiatu zuten, eta bisita gidatuak egiten dituzte orain, deskubritu zutena gizarteratzeko.
1937tik 1942ra erabili zuten etxea kartzela moduan, Larrinagako espetxearen menpe: bertan itxitako andre gehienak epaiketaren zain zeuden. Haietako 11 fusilatu zituzten.
Gaur egun etxebizitza bloke handiak daude leku horretan, baina oso bestelakoa zen duela ehun urte: «Lursail handi bat zegoen, eta erdian, etxe handi bat, lau solairukoa. Orue familiarena zen, eta bazuten tokia seme-alaba guztientzat eta zerbitzuarentzat. Bada, 1940an 497 emakume egon ziren han preso», azaldu du Heuschmidek. Frankistak Bilbora sartu zirenean hutsik geratu zen txaleta, eta 1937tik 1942ra erabili zuten kartzela moduan, Larrinagako espetxearen menpe: bertan itxitako andre gehienak epaiketaren zain zeuden; gero beste kartzeletara eramaten zituzten. Haietako 11 fusilatu egin zituzten.
Gainerakoa, ordea, «misterio bat» da: auzoan gutxik dakite kartzela bat egon zela hor, eta kartzela barruko bizimoduaz ere oso informazio gutxi dago. Baskaleko kideek bildutako testigantzen arabera, oso baldintza gogorretan bizi ziren han: emakume asko pilatzen zituzten logeletan, koltxoiak etxetik eraman behar izaten zituzten, ura ere errazionatzen zieten...
Errepresioa konpromisoaren ordainetan
Oruen giltzapetutako andreetako bat izan zen Victoria Zarate Zurita. «Nire amaren izeko», Maite Zaratek kontatu duenez: «Gauza asko egin zituen: maistra izan zen, errepublikanoa, sindikalista, ezkerrekoa, ekintzailea. Asko konprometitu zen, eta garesti ordaindu zuen». Birritan atxilotu zuten: lehen aldian, Bilbon; bigarrenean, Madrilen. «Atxiloketetako batean tortura izugarriak jasan zituen. Elektrodoak jarri zizkioten eskuetan; muskuluak erreta utzi zizkioten, eta eskuak deformatuta. Eta maistrentzat eskuak ziren lanerako tresna nagusiak».
«Gogoratzen naiz etxe handi harekin: alboan bidexka bat zuen, harrizko hormekin. Gure amak kontatzen zuen hormara igotzen zirela barrukoekin komunikatzeko»
MAITE ZARATEÂ Preso izandako baten senidea
Sortzez madrildarra zen Zarate, baina, 1940an atxilotu zutenean, Bilbora etorria zen bere neba hemen kartzelatu zutelako. «Gerrako epailearekin hitz egin nahi zuen, neba askatu zezan. Identitate faltsuarekin etorri zen, baina berdin harrapatu zuten. Kargu pila bat egotzi zizkioten, eta hasieran bizi guztiko zigorra eskatu zuten harentzat, baina gerora eskaera murriztuz joan ziren, kartzelak oso beteta zeudelako».
Ia hiru urte egin zituen Zaratek Orue txaletean, eta 1946an utzi zuten baldintzapean aske. Garai hartan Santutxun bertan bizi zen Maite Zarate, haurra zelarik: «Gogoratzen naiz etxe handi harekin: alboan bidexka bat zuen, harrizko hormekin. Gure amak kontatzen zuen hormara igotzen zirela barrukoekin komunikatzeko». Izekoren kartzelako egonaldiaz ez du informazio handirik, «baina garai hartan analfabetismo handia zegoela kontuan hartuta, seguruenera maistra lanak egiten ibiliko zen barruan ere, gutunak idazten laguntzen-eta».