Mertxe Larrañaga. EHUko Ekonomia Aplikatuko saileko kidea

«Emakumeak hartzen du gizarte gastua jaistearen ondorioen zama»

Krisi garaietan emakumeen inguruko politikak ez direla lehentasuna gogorarazi du Mertxe Larrañaga EHUko irakasleak.

ainara arratibel gascon
2011ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Emakumeak eta gazteak dira krisiaren ondorioak gehien jasaten ari direnak, EHUko Ekonomia Aplikatuko saileko irakasle Mertxe Larrañagaren ustez. Mugen Gainetik elkarteak antolatuta, hitzaldia egin zuen atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ekonomi krisialdia, emakumea eta garapena izan zen hitzaldiaren izenburua.

Nola ari zaio eragiten krisi ekonomikoa emakumeari?

Orain arte gizonezkoen langabezia azkarrago igo da. Izan ere, eraikuntzan eta gizonezkoei lotuagoa dauden sektoreetan izan du eragina krisiak. Ondorioz, gizonen eta emakumeen langabeziaren artean egon izan den aldea murriztu egin da. Baina urte hasieratik berriro ere igotzen ari da emakumeen langabezia. Zerbitzuen sektorean izandako lanpostu galeragatik eta administrazio publikoan izandako murrizketen ondorioz gertatu da hori, batez ere. Bainahortik harago, gastu sozialetan jaitsiera nabarmena izan da. Hor, kaltetuena beti da emakumea. Batetik, emakumeen aldeko politiketara bideratutako gastua gutxitzen da. Bestetik, gizarte gastuen murrizketen ondorioen zama emakumeak hartzen du. Sortu ez dutenen aurpegia dukrisi honek, baina batik bat emakumeena eta gazteena. Bereziki gazteen etorkizuna da iluna. Hori hala izatea kezkagarria da oso, nire ustez.

Garapen bidean dauden herrialdeeez aritu zara hitzaldian. Zein eragin izan du krisiak herrialde horietako emakumeengan?

Egia esan, finantza krisi honek herrialde aberatsei eragin die batez ere. Baina horren ondorioak garapen bidean dauden herrialdeetan ere antzematen dira. Adibidez, herrialde aberatsek gutxiago inportatzen dute garapen bidean daudenetatik, eta tradizionalki inportaziora bideratutako sektore horietan emakumeek egiten dute lan. Inportazioak gutxitzen diren hainean, herrialde horietako diru sarrerek ere behera egiten dute. Horri lotuta gastu publikoa gutxitu egiten da, eta oso kaltegarria da emakumearentzat.

Gastu soziala murriztearen ondorioen zama emakumeek hartzen dutela diozu. Non islatzen da hori?

Alor askotan antzematen da hori. Baina adibide esanguratsuena zaintza lanetan ikusten da. Adibidez, osasungintzan izan diren murrizketen ondorioz, gaixoek ahalik eta egun gutxien ematen dituzte erietxean. Horren bidez,gastuak murriztea lortu nahi dute. Kasu batzuetan, ordea, gaixoak erabat osatu gabe itzultzen dira etxera. Horiek zaintzeaz emakumeak arduratzen dira, gehienetan. Azken batean, gastuaren transferentzia bat egiten dute, sektore publikotik etxera. Baina hori ezkutuan geratzen da.

Azken urteetan emakume etorkinek egin izan dute maiz zaintza lan hori. Orain, ordea, krisiaren ondorioz hori aldatu egin da, ezta?

Bai. Orain bertakoak arduratzen dira lan horretaz. Etorkinak ez dira joan, baina haien lan baldintzak okertu egin dira. Gainera, gutxitu egin da etortzen direnen kopurua. Etxeko langileen sektorean argi ikusten da hori. Emakume etorkin ugari izan dira sektore horretan lanean. Orain, krisiaren ondorioz, familia askok kaleratu egin dituzte, gastuak murrizteko.

Zein ondorio ditu horrek?

Handiak. Batetik, haien lan baldintzak prekarioagoak direnez gero, bertan duten bizimodua okerragoa da. Bestetik, kontuan izan behar da emakume horiek kasu askotan sorterrian familia bat dutela. Hemendik bidaltzen dieten dirua behar-beharrezkoa dute senide horiek. Langabezian badaude, ezin diete dirua bidali, eta horrek eragin nabarmena du haien eguneroko bizimoduan.

Herrialde txiroetako emakumeen egoera hobetzeko bideratzen den diruan ere murrizketa bat izan al da? Zein ondorio du horrek?

Garapenera bideratutako laguntzak murriztu diren heinean, emakumeen egoera hobetzera bideratutakoak ere gutxitu dira. Gasturik sozialenak jaitsi dituzte. Herrialde horietan ongizate estatua apalagoa dela kontuan hartuta, egoera are kezkagarriagoa da. Horri lotuta, bi alor nabarmenduko nituzke: osasuna eta hezkuntza. Kasu askotan laguntza horiek emakumearen osasun arreta hobetzera eta haien ikasteko aukerak gehitzera daude bideratuta. Beraz,murrizketak daudenean, politika horietan atzerapausoak emateko arrisku handia dago.

Ongizate estatuaren bi zutabe nagusietakoak hezkuntza eta osasuna omen dira. Krisi garaietan zergatik egiten dira askotan murrizketa handienak bi sektore horietan, eta ez azpiegitura erraldoietan, adibidez?

Ziurrenik, errazena delako hori egitea. Badirudi bi esparru horietan ez dela produzitzen, karga bat direla. Baina guztiz kontrakoa da. Bi sektore horiek ekarpen handia egiten diote barne produktu gordinari, eta enplegu asko sortzen dute. Krisi garaietan, ordea, osasuna eta hezkuntza ez dira lehentasuna. Bigarren mailan geratzen dira.

Berdintasun politiketan izan al da murrizketarik?

Krisi garaiak beti dira txarrak halako politiketarako. Osasun eta hezkuntza alorrean gertatu bezala, beti izaten dira murrizketak. Lehentasunak beste batzuk dira agintzen dutenentzat.

Zer egin daiteke horri guztiari aurre egiteko?

Nire ustez, hausnarketa bat egin behar da. Egoera hori zerk eragin duen ondo aztertu, eta neurriak hartu behar dira. Aukera ona izan zitekeen aldaketa bat egiteko, eta finantzak eta politika ekonomikoak beste modu batera antolatzeko. Baina, oraingoz, ez dute egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.