Emakumeei omenaldia emakumerik gabe

Bilboko Udalak, emakume langilearen memoria aitortzeko, bi kale eskaini zizkien emakume zamaketariei eta galletagileei; euskarazko izenean, ordea, ez zegoen emakumearen presentziarik. Ana Morales itzultzailearen borrokari esker, izenak aldatuko dituzte.

Ana Morales Zorrozaurre auzoan, izena aldatzea lortu duen kaleetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ana Morales Zorrozaurre auzoan, izena aldatzea lortu duen kaleetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi mende atzera eginez gero, ohikoa zen Bilbon emakume zamaketariak ikustea. Mantala soinean eta saskia buru gainean, portura bidean joaten ziren. Zorte pixka batekin, bakailao askorekin iristen ziren itsasontziak. Urte batzuk geroago, emakume galletagileak ikus zitezkeen, Artiacheko langileak, zortzietako kanpaikadekin batera Zorrotzako fabrikara bidean. 

Jadanik galduta daude lanpostu horiek. Zamaketariek Bilboko portura heltzen ziren itsasontzietatik merkantzia hartu eta biltegietara eramaten zuten, XIX. mende amaieran. Bakailaoa, minerala edo hondarra garraiatzen zuten; galletagileek, berriz,  Zorrotzaurreko Artiach Galletak fabrikan egiten zuten lan; 1921ean ireki zuten. Mende desberdinak izan arren, biak sektore feminizatuak ziren. Emakumeentzat etxetik kanpo bizitza egitea zaila zen garai horietan, zamaketariek eta galletagileek esparru publikoa hartzea lortu zuten. 

Haien omenez, Bilboko Udalak 2023an haien izena jarri zien Zorrotzaurre auzoko bi kaleri: gaztelaniaz Avenida Galleteras eta Avenida Cargueras; euskaraz, Galletagileen Etorbidea eta Zamaketarien Etorbidea. Emakumearen memoria historikoan aletxoa jartzeko ahalegina. Ez da lehen hiriburua emakume langileei kaleak eskaini dizkiena. Horren adibide da Donostiako Andre Zigarrogileen Plaza. Bilbon, ordea, euskarara itzultzean, hizkuntzak ez duenez genero morfemarik, galdu egin zen emakumeen presentzia, hitzak ez baitzuen zehazten zer ziren langile horiek.

Artiach fabrikako galletagilea izan zen Ana Moralesen (Bilbo, 1969) ama. Amaren lanbideari kale bat eskainiko ziotela jakin zuenean, zuzenean joan zen hura ikustera. «Gaztelaniazkoa ikustean oso pozik nengoen, baina euskarazkoa ikustean berehala konturatu nintzen ez zegoela emakume langileen inolako arrastorik», gogoratu du Moralesek.

«Ahotsak behar dira gauzak salatzeko, baina baita belarriak ere eskaera horiek entzuteko. Sinplea da: kudeaketa egin zuenak ez zuen gogoetarik egin»

ANA MORALESItzultzailea

Bi kolektibori —euskaldunei eta emakumeei— kalte egin zietela ohartuta, Moralesek Bilboko Udalera jo zuen, kaleen izena aldatzeko eskatzeko, berehala zuzenduko zutelakoan. Harrigarriro, baina, ezinezkoa zela esan zioten: «Euskaltzaindiaren kale izendegiaren eskuliburuaren arabera eginda zegoela zehaztu zidaten». Moralesentzat, ordea, ez zen zuzentasun kontua, egokitasun kontua baizik. «Erantzuna sinplekeria hutsa iruditu zitzaidan. Argi dago Euskaltzaindiaren eskuliburuak ez duela genero ikuspegirik eta kasu honetan egokitasuna aztertzen ari ginela, ez zuzentasuna», kexatu da bilbotarra.

Hutsunea instituzioetan

Argumentu gehiago bilduta, beste saiakera bat egin zuen Bilboko Udalean, baina ezezkoa eman zioten berriro ere. «Ahotsak behar dira gauzak salatzeko, baina baita belarriak ere eskaera horiek entzuteko. Sinplea da: kudeaketa egin zuenak ez zuen gogoetarik egin, aldatzeko beldurragatik beharbada», azpimarratu du. 

Askok amore emango lukete egoera horretan; Moralesek, aldiz, ez. Emakundera jo zuen. Bertan, espero ez zuen erantzun bat eman zioten: «Sektore pribatuko genero diskriminazioez arduratzen gara, ez sektore publikokoez». EAEko Arartekora jo zuen orduan, eta, berriro ere, ezezkoa eman zioten, «eurek ez zutelako gaitasun teknikorik hori ebazteko». Hainbeste ezezkoren artean, lagun batek aipatu zion aukera zuela Eusko Legebiltzarrean agerraldi bat eskatzeko. Esan eta egin, txostena bidali zuen. Bueltan, eskaera jaso izanaren jakinarazpenak soilik iritsi zitzaizkion. Iazko abendua zen. Morales urte bereko martxoan hasi zen borrokan.

«[Onartutako eskakizuna] Euskal Herriko txoko guztietara hedatu beharko litzateke, herri gisa emakumeei dagokien aitortza egiteko»

GARAZI PEREAEH Bilduko zinegotzia

2025eko maiatza. Moralesek Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidearen dei bat jaso zuen. Harekin elkartu nahi zuten, gaiari buruz hitz egiteko, Garazi Perea EH Bilduko Bilboko zinegotziak eta Etxebarrietak berak. Desesperazioaren artetik argi izpi bat ikusi zuen Moralesek. «Bidezkoa iruditu zitzaigun gaia Bilboko Udalbatzara eramatea, Bilboko kaleetan emakumeen presentzia ikusezina baitzen», azaldu du Pereak. Gehitu du akordio bat lortu zutela Eider Inuntziaga Euskara zinegotziarekin. Hasieran ezinezkoa zena gero posible bilakatu zen. Ekainaren 26an aurkeztu zuten mozioa, eta onartu egin zen. «Izugarrizko emozioa» sentitu zuen Moralesek baiezkoa jaso zuenean. Andre Zamaketarien Etorbidea eta Emakume Galletagileen Etorbidea izendapenak onartu zituzten.

Onartutako eskakizunaren arabera, aurrerantzean Bilboko kale izendegian izendapen zuzenak erabiliko dira, beharrezko baliabide lexikalak erabiliz. Erabakia «eredugarria» izango dela uste du Pereak. «Euskal Herriko txoko guztietara hedatu beharko litzateke, herri gisa emakumeei dagokien aitortza egiteko Euskal Herrian», aitortu du zinegotziak.

Gaur egun, Bilbon ez da ikusten emakumerik bakailaoz beteriko saskia buruan duela, ezta mantal zuridun galletagilerik ere. Kamioiek egiten dituzte zamaketari lanak, eta kultura zentro bat da Artiachen fabrika zena. Zorrotzaurreko kaleetan, baina, bakailao eta galleta usaina sumatzen da oraindik. Kaleen izenei esker da hori, izena duen guztia badelako eta izenik ez duena ez delako existitzen.

Galletagileak eta zamaketariak ez ziren bakarrak

Zorrotzaurreko bi kale horiek ez dira bakarrak emakumeei omenaldia egiten dietenak: Zirgarien Kaia ere existitzen da. Euren gorputzaren indarra erabiliz Bilboko ibaiertzera gabarrak lehorreratzen zituzten emakumeak ziren zirgariak. Lerro batean eta soka lodi bat soinera lotuta egiten zuten lan. Bortitza bezain marjinala zen lana, askotan baliabiderik ez zuten emakumeek egiten baitzuten. Haien omenez, Zirgarien Kaia inauguratu zuen Bilboko Udalak. Baina izen horrek ere ez du adierazten zirgariak emakumeak zirenik. Orain izen horrekin zer gertatuko den galdetzean, aldatzea «administratiboki zaila» dela aitortu du Pereak, etxeak eta helbideak baitaude tarteko. Zirgari denak emakumeak zirenez, udalean ez dute ikusten izena aldatzeko beharrik. Bilbon ez ezik, Erandion ere badute lekua zirgariek, Zirgarien Etorbidean, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.