Emakumeen %30ek ez dituzte tratu txarrak salatzen

Jaurlaritzak kaleratutako datuen arabera, aurtengo lehen seihilekoan 2.029 indarkeria kasu izan dira, iaz baino %15 gutxiago

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Oraindik ere emakumeak ez dira ausartzen euren erasotzailea salatzera. Izan ere, tratu txarrak jasaten dituzten hiru emakumeetatik batek salaketa ez jartzea erabakitzen du. Datu hori Eusko Jaurlaritzak 2010eko lehen seihilekoari dagokion balantzetik ondorioztatzen da. Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren biktimen bulegoko zuzendariak eman ditu emakumeek «urrats hori» ez egiteko arrazoiak: «Kasu gehienetan emakumea errepresalien beldur da, bera babesteko zer baliabide dauden ez ditu ezagutzen, eta gizonarekiko mendekotasun emozional eta ekonomikoa du». 2010eko urtarriletik ekainera bitarte, 1.763 emakumek jasan dituzte tratu txarrak, gutxienez behin. Horietatik 520k erabaki dute salaketarik ez jartzea, Poliziak atestatua egin badu ere. Horregatik, Serranok nabarmendu du ezinbestekoa dela informazioa eskaintzea, eta kontzientziazio eta sentiberatze zereginekin «tinko» jarraitzea.

Urtarriletik ekainera bitarte,guztira, 2.029 genero indarkeria kasu zenbatu ditu Jaurlaritzak. 1.412 kasutan, salaketa baten bidez izan du horien berri, eta salaketen %88 biktimek berek jarri dituzte; hau da, 1.243 emakumek.

2.029 genero indarkeria kasu horietatik 1.523 bikotekideak edota bikotekide ohiak emandako tratu txarrek eragin dute; 408 etxeko indarkeria kasu izan dira -aitak, semeak edo beste senide batek egina-; eta sexu askatasunaren aurkako erasoak 98 izan dira. Mariola Serranok sexu askatasunaren aurkako delituen jaitsiera nabarmendu du; izan ere, iaz epe berean baino %24,7 eraso gutxiago izan dira aurten. Orotara, %15 egin dute behera genero indarkeria kasuak: 2009an, 2.350 kasu izan ziren. «Datu horrek gizarteko gaitz horren kontra borrokatzen jarraitzera animatzen gaitu, eta, jaitsiera arina izan bada ere, emakume askori eragiten dio», azpimarratu du Mariola Serranok.

Datu negatibo gehiago ere utzi ditu, ordea, lehen seihilekoak. Izan ere, genero indarkeriaren ondorioz, lau emakume hil dira. Horietako bat haren bikotekide ohiak hil du, eta beste hirurak bikotekidea ez zen senideren batek. Batez beste, 48 urte zituzten. Lau emakume horietatik hiruk aldez aurretik salaketa jarrita zuten erasotzailearen aurka. Hala ere, hiru kasu horietan, emakumeak erasotzailearekin bizi ziren. Horregatik, Serranoren ustez, ezinbestekoa da emakumeak euren erasotzaileekin berriz bizitzera joatea saihestea: «Emakumeek konfiantza izatea sustatu behar dugu, eta euren esku utzi behar ditugu ondo koordinatutako baliabideak».

Hilabeteka izan diren genero indarkeria kasuak ere aztertu ditu Jaurlaritzak, eta kasu gehienak udan gertatu dira: ekainean, 393; uztailean, 406; eta, abuztuan, 345. Urtarrilean ere, tratu txar kasu asko gertatu ziren: 349; hau da, 11 eraso eguneko.

Beste datu esanguratsu bat ere kaleratu dute: asteburuetan eraso gehiago gertatzen dira, elkarbizitza ohikoagoa denean, eta batez ere 19:00etatik 23:00etara gertatzen dira. Emakumearen erasotzailea, ia kasu guztietan (%95), harekin bizi den senideren bat da.

Biktimaren adina

Jaurlaritzak egin berri duen datu bildumak agerian utzi du gero eta emakume gazte gehiagok jasaten dutela bikotekide edota bikotekide ohiaren indarkeria: 18 eta 30 urte artean dituzte biktimen %35ek; 31 eta 40 urte artekoak %35 dira, eta 60 urte baino gehiago dituzte %2k. Etxeko indarkeriari dagokionez, 18 urtetik beherakoak dira emakumeen %20, eta 60 urte baino gehiago dituzte %19k. Sexu erasoen jomugan neska gazteak daude batez ere; izan ere, sexu askatasunaren aurkako delituen biktimak diren emakumeen %71 hogeita hamar urte baino gutxiagokoak dira.

Biktimen jatorriari ere erreparatu diote, eta erdiak pasatxo euskal herritarrak dira: arabarrak %6 dira; bizkaitarrak, %31; eta gipuzkoarrak, %18. Hiru emakumetatik bat atzerrian jaio da.

Babes neurriak

Emakumeak duen arriskuaren arabera, babes neurri bat edo bestea ezartzen zaie. Hala, abuztuaren bukaeran zazpi emakumek etengabeko zaintza behar zuten; bizkartzaina jarri zieten. Horietako bi Bizkaian bizi dira, eta bost Gipuzkoan. Bestalde, 13 erasotzailek eta biktimak non dauden zehazteko eskumuturrekoa zuten -11 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan-, eta Ertzaintzak emandako sakelako telefonoa 164 emakumek dute.

Gainerakoan, 2010eko abuztuaren 31n, 4.361 espediente zeuden hasita. Guztira, 4.919 emakumek zuten babesteko polizia neurriren bat.

Diru laguntzak ere izan ditu Jaurlaritzak: uztailaren 31ra arte 286.727 euro eman ditu. Dena dela, diru laguntzak eskatu dituzten emakume guztiei ez dizkiete onartu: hamazazpi eskaera ukatu dituzte. Halaber, bederatzi emakumeri alokairuzko etxeak eman dizkiete.



Zenbakiak

1.535

Genero indarkeriaren telefonoan jasotako deiak. Urtarriletik ekainera, 1.535 dei jaso dituzte genero indarkeriaren biktimentzat 24 orduko telefonoan (900-84 01 11). Hilean, batez beste, 255 dei.

%73,8

Emakumeak berak deitutako kasuetan. Kasuen %73,8an biktimak berak deitu du; deien %20,7 gertukoren batek egin du, eta %5,5 profesionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.