Ertzaintzak 2004an baino 243 gizonezko gehiago atxilotu zituen iaz, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako delituak egitea egotzita; hala nola, bikotekideak edota bikotekide ohiak jotzeagatik, urruntze aginduak ez betetzeagatik edota mehatxuak egiteagatik. Orain dela bi urte 520 erasotzaile atxilotu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta iaz 763; hau da, %46 gehiago, bi gizon egunero.
Bizkaian egin zituzten atxiloketa gehienak. Herrialde horretan Poliziak iaz 385 gizon atxilotu zituen emakumeei eraso zietelakoan, 2004an baino gehiago (311). Gipuzkoan 169 gizon atxilotu zituzten, 2004an baino 37 gehiago. Araban, berriz, 109, 2004ean baino askoz gehiago, hortaz. Orduan 67 baino ez baitzituzten atxilo hartu.
Salaketei dagokienez, 2.021 emakumek jarri zuten euren bikotekide edota bikotekide ohiaren aurkako salaketa iaz, bost salaketa baino gehiago egunero. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, 2004an baino %0,39 salaketa gehiago izan ziren iaz. 2004ean 2.013 gizon salatu zituzten.
Lau emakume hil zituzten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2004ean baino bat gutxiago. Euskal Herri osoan, baina, emakumeen aurkako indarkeriak 10 emakume hil zituen iaz eta aurten jada beste bat hil da bere bikotekide ohiak emandako jipoiengatik. Ertzaintzaren arabera, iaz 756 emakume zauritu zituzten.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez, une honetan, biktimak eta biktimak izan litezkeen emakumeak artatzeko eta babesteko sistema «egituratzen eta hobetzen» dihardute. Lan egitasmo horren baitan, hainbat ertzain Arkauteko Akademian prestatuko dituzte tankera horretako delituei aurre egiteko gai izan daitezen.
Bost urteko zigorra
Gipuzkoako Auzitegiak bost urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, neska-laguna jotzeagatik eta labanarekin mehatxatzeagatik. Sententziaren arabera, 2003ko maiatzaren 25ean gizonak muturrekoak eta ostikoak eman zizkion eta iletik tiratu zion. Burua aulki baten gainean jarri eta laban batekin mehatxu egin zion. Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen, baina defentsarekin akordioa lortu du eta zigor eskaera bost urtera jaitsi du.
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA. Ertzaintzak 2004an baino 243 gizon gehiago atxilotu zituen iaz
2.021 emakumek jarri zuten salaketa iaz euren bikotekide edota bikotekide ohien aurka; salaketa kopurua %0,39 hazi zen 2004tik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu