Emakumeak eta haurrak hil zituzten. 77 hildakoetatik, 51 dira emakumeak, hirutik bi, eta 41 dira 12 urte arteko haurrak. 53 lirateke haurrak eta nerabeak, 17 urte artekoak, aintzat hartuz gero. Hiru baino ez dira 18 urtetik gorako gizonak. Zertarako hil emakumeak eta haurrak? Gizatalde horren etorkizuna zailtzeko eta baldintzatzeko. Deuseztatzeko.
Emakumeen eta haurren kontrako indarkeriaren erabilera selektiboa erakusten du Gomolavako hobi komunak, Serbia iparraldean, Panoniako ordoki erraldoian. Duela 2.800 urtekoa da. Berez, 1970eko hamarkadan induskatu zuten. Orduan ikusi zuten bertan hildako gehienak emakumeak eta haurrak zirela, baina haien heriotzaren arrazoi nagusia gaixotasun infekziosoren bat edo pandemiaren bat izan zela pentsatu zuten.
«Ugaldu ahal diren pertsonak akabatzen badituzu, talde horrek ez du etorkizunik. Gomolavakoa leinu bat, bizitzeko era bat, gizatalde bat bukatzeko asmoarekin egindako krimen bat da guretzat»
MIREN IRAETA ORBEGOZOÂ Biokimikaria
Lau hamarkada geroago, ordea, ikertzaile talde batek, hezur haiek berriro aztertuta, ikusi zuen Gomolavako hobi komunean pilatutako pertsonak hil egin zituztela. Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Miren Iraeta Orbegozo biokimikaria izan zen taldeko ikertzaileetako bat, artikuluaren lehenengo autorea, Linda Fibiger osteologoarekin batera. Aditua da arkeogenetikan, eta doktore tesiaren parte izan zuen ikerketa hori. Kopenhageko Unibertsitateko ikertzailea zen orduan; Lausanako Unibertsitatekoa da gaur egun, Suitzan. Dublingo University Collegerekin batera egin zuten Gomolavako ikerketa.
Hezurrak aztertzen hasi zirenean, ezaugarri batek eman zien atentzioa: hezurrek bortizkeria arrastoak zituzten, heriotza traumatikoa izan zuten. Lesio gehienak heriotzako ordutik gertu egin zizkieten, eta garezurretan daude: alegia, zauri horien ondorioz hil ziren, hezurretan ez baitago sendatu izanaren arrastorik. Kolpeen arrastoak buruan eta sorbaldetan dituzte. Garezurrei dagokienez, zauri gehienak atzeko aldean dituzte, goian, eskuinean. Alegia, ez dirudi borroka batean eta aurrez aurre hil zituztenik. «Ez zen gudu bat izan». Gerta zitekeen ihes egiten ari zirela hiltzea. Garbi dute ez zela exekuzio bat izan.
«Badirudi goitik eraso zietela», zehaztu du biokimikariak. Hiltzaileak haiek baino handiagoak izan zitezkeen. Edo zaldi baten gainetik eraso egin. Kasu batzuetan, besoetako zauriak ikusita, ondorioztatu dute hildakoak beren burua babesten saiatu zirela. Geziek edo lantzek eragindako arrastoak aurkitu dituzte hezur batzuetan.
Aldaketa garaia eta eremua
Duela 2.800 urte inguru hil zituzten, Brontze Aroaren eta Burdin Aroaren arteko trantsizio garaian. Brontze Aroaren amaiera zen, aldaketa handiko garaia. Bizimodu edo bizitzeko estrategia ezberdinak zituzten gizataldeek bat egin zuten Gomolava inguruan: «Alde batetik, sedentarioagoak, nekazaritzatik-eta bizi zirenak; bestetik, nomadak, artzaintzatik bizi zirenak, leku batean denboraldi bat egin eta gero beste leku batera joaten zirenak». Gizatalde ezberdinak eta bizimodu ezberdinak eremu berean, Iraeta Orbegozok emandako azalpenaren arabera. Elkarbizitza? «Lurra eta lurraldea lortzeko lehia zegoen», argitu du.
Neskak eta emakumeak hilda, gizatalde horrek ezin zuen haurrik izan. «Eta ugaldu ahal diren pertsonak akabatzen badituzu, talde horrek ez du etorkizunik», azaldu du Iraeta Orbegozok. «Gomolavakoa leinu bat, bizitzeko era bat, gizatalde bat bukatzeko asmoarekin egindako krimen bat da guretzat». Ez hori bakarrik: emakumeak eta haurrak aukeratzeak haien garrantzi soziala eta ekonomikoa erakusten duela uste dute.
Hezurrak aztertzen hasi zirenean, ezaugarri batek eman zien atentzioa: hezurrek bortizkeria arrastoak zituzten, heriotza traumatikoa izan zuten
Haiek ikertu zuten hobi komunaren ondoan beste bat zegoen. Badakite hango hildako gehienak ere emakumeak eta haurrak zirela. 1950eko hamarkadan induskatu zuten. Induskatu eta gero, hezurrak ibaian utzi zituzten, eta desagertu egin ziren. Ez dago hezurdurarik ikertu ahal izateko.
Iraeta Orbegozok eta lankideek ikertutako hildakoen arteko ahaidetasun biologikoa oso txikia da: ama bat eta haren bi alaba baino ez. Hortzetatik berreskuratutako hiru isotopo desberdinen analisiak erakutsi die elikadura eta jaioterri geografiko ezberdinak izan zituztela. Eremu berean egon arren, komunitate ezberdinetako kideak izan zitezkeen, edo hilketaren aurretik joan ziren batera bizitzera. Hala ere, ezin dute baieztatu hilketa gertatu zenean elkarrekin bizi ziren edo ez.
Erantzunik gabeko galderak
Nolatan elkartu ziren? Gerta zitekeen hil aurretik elkartzea, erasoetatik babesteko edo «bilera baterako, ospakizun baterako...». Edo hiltzaileek, haien komunitateetan harrapatu eta gero, guztiak Gomolava inguruan hiltzea. «Ez gara gai galdera horiei erantzuteko», onartu du Iraeta Orbegozok. «Gai gara esateko bizitza osoa behintzat ez zutela elkarrekin pasatu».
Gomolavako hobi komunak badu paradoxa bat: hildakoak errespetu handiz lurperatu zituzten. Ez zituzten bertan bota eta pilatu. Hobi komunean ez dituzte hezurrak soilik topatu: badira metalezko apaingarriak, animaliak, janaria eta edaria gordetzeko zeramikazko pitxerren arrastoak... «Hildako bakoitzak du bere lekua; errespetu handia dago, sinbologia bat», nabarmendu du Iraeta Orbegozok. «Memoria gordetzeko leku bat dela uste dugu, monumentu moduko bat». Badakite eraikuntza itxurako egitura bat zuela eta estalia zela.
Gomolavako hobi komunak badu paradoxa bat: hildakoak errespetu handiz lurperatu zituzten. Ez zituzten bertan bota eta pilatu. Paradoxa horrek galdera nagusi bat eragiten du: nork lurperatu zituen?
Zientzian gertatu ohi den moduan, erantzun berriek galdera berriak eragiten dituzte. Gomolavako paradoxa horrek galdera nagusi bat eragiten du: nork lurperatu zituen? Eta galdera horren segidan, galdera gehiago, hipotesiak eta irudimenak elikatutako ideiak. Hiltzaileek lurperatu zituzten? Bortizki hil eta gero, errespetuz lurperatzeko lana eta ardura hartu zituzten? Hala izan bazen, zergatik? Ez dakite. «Gerta zitekeen hiltzaile horiek hobiratzea, leku hori haien nagusitasunaren ikur gisa baliatzeko, jendeari abisu emateko; baina gerta zitekeen haien komunitateko kideek hobiratzea», azaldu ditu hipotesietako bi Iraeta Orbegozok. «Batzuetan polita da imajinatzea eta espekulatzea, baina ez gara gai izango hori zientifikoki azaltzeko», onartu du.
Badakite behintzat hil eta denbora gutxira lurperatu zituztela. Hezurren bioerosioa aztertu dute horretarako: hezurretan eragiten duten bakterioak aztertzen dituzte; bakterio horiek ezberdinak dira aire librean eta lurpean, eta horrela jakin dezakete zenbat denbora pasatu zen hil zituztenetik lurperatu zituzten arte.
Emakumeak eta haurrak dira Gomolavako hobi komunaren ikerketaren protagonistak. Haiek ikertzea bada erabaki bat, aukera bat. Iraeta Orbegozok gogoan du hildakoen sexuari eta adinari buruzko informazioa bildu zutenean, ikusi zutenean gehienak emakumeak eta haurrak zirela, askok galdetu zutela: «Non zeuden gizonak?». Hori ikusirik, «erabaki bat izan zen historia kontatzea, ez gizonen hutsune horrek baldintzatuta, baizik eta hezur eta pertsona horien arabera».