Emakundek dio berdintasuna arriskuan egon litekeela krisiagatik

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute hilaren 24an Gasteizen

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Egungo krisi ekonomikoaren eta aurrekontuen akordioen ondorioz, berdintasun politikak «atzerapausoa» eman lezakeela ohartarazi du Emakundek, Beldur barik kanpainaren aurkezpenean.

Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek azaldu du «ideologia neoliberala nagusi den testuingurua» ez dela «berdintasun politikak» bultzatzeko garai egokiena, «ezta azken urteotan lortutako laneko, berdintasuneko, zein gizarteko zenbait eskubide bermatzeko garai egokiena ere». Horrez gain, ohartarazi du «berdintasun politikan» egingo diren aldaketei erreparatu behar zaiela. «Berdintasun politika horiek ez dira soilik apaingarriak», hark adierazi duenez, eta gizarteari eskatu dio ez uzteko aldaketak egiteari.

Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatu Pilar Ardantzak azaldu du «mundua aldatzea» ez dela «utopia bat, ezta erokeria bat ere, baizik eta justizia lortzeko bide bakarra» dela.

Euskal erakunde publikoek, Eudelek eta Emakundekduela hiru urte abian jarri zuten Beldur barik programa; 57 udalerrik parte hartu dute jada. Helburuetako bat da gazteak animatzea egungo «estereotipoak» amaitzera.

Egun esku artean duten kanpainaren xede nagusia da euskal gazteriaren artean indarkeria matxista «saihestea eta garaitzea». Gainera, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, gazteak gonbidatu nahi izan dituzte datorren larunbatean, hilaren 24an, Emakundek Gasteizko Artium Museoan antolatutako topaketan parte hartzera.

Gazteek «isileko indarkeria»

«30 urtez azpikoak dira Euskadin indarkeria matxista jasaten duten emakumeen %33», azaldu du Indarkeria Matxistaren Biktimen Arreta Zerbitzuko zuzendari Maiola Serranok.

Indarkeria fisikoaz gain, gazteek beste indarkeria mota batzuk ere erabiltzen dituzte, Serranoren arabera: «Zenbaitetan, mutilek Whatsapp edo sare sozialen bitartez kontrolatzen dituzte neskak». «Isileko indarkeria» deritzo horri, eta, horri aurre egiteko, zehaztu du beharrezkoa dela jakitea indarkeria mota bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.