Emantzipatzea izan dadin errenta

Gazteek etxe bat eskuratzeko dituzten zailtasunak arintzeko, zortzi neurri aurkeztu ditu Ernaik. Besteak beste, eskatu dute gazteek gehienez beren diru sarreren %15 bideratzea alokairua pagatzera

Ernaiko kideak, atzo, Nafarroako Parlamentuko kanpoaldean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasunez ohartarazi eta oztopo horiek samurtzeko, etxebizitzaren arloko zortzi proposamen egin ditu Ernai gazte antolakundeak. Besteak beste, eskatudute, etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartzeaz gain, hori ezartzeko «neurri zehatzak» hartzeko, etxegabetzeak gelditzeko, gazteon emantzipazioa ahalbidetzeko «politika eraginkorrak eta neurri ausartak» ezartzeko eta parke publikoa handitzeko. Era berean, alokairuaren prezioa mugatzeko neurriak «berehala» hartzea nahi du Ernaik, «merkatua mugatzeko ezinbesteko tresna» gisa, eta okupazioa «despenalizatzea».

Kopuru zehatzak ere proposatu ditu: alokairua ordaindu ahal izateko gazteentzako diru laguntzak ematea, eta gazte batek gehienez bere diru sarreren %15 bideratzea alokairua pagatzera. Azkenik, «bestelako etxebizitza eredu edo proiektuak» sustatzeko beharra azpimarratu du, «bizi eredu komunitarioa oinarri».

Neurriok Gazteok non? Etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamen bat izeneko dokumentuan jaso ditu Ernaik, eta atzo aurkeztu zuten txostena, Gasteizen eta Iruñean. «Gure xedea da hurrengo urteetan erdigunean egongo diren gakoak ondo identifikatu eta kokatzea, eta horiek lantzeko lehenengo oinarriak jartzea», azaldu dutenez.

Antolakundearen arabera, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak eskubide subjektibotzat jo dute etxebizitza, baina «behar edo eskubide gisa definitzen» bada ere, uste du Euskal Herrian behar hori asetzea «jabego pribatuarekin loturan» irudikatzen dela: «Eskuragarriagoa da etxebizitza bat jabetzan izatea alokairuan bizitzea baino». Horren ondorioa da «jabetzaren kultura nagusitzen» ari dela Euskal Herrian, «alokairuzko parkea txikia eta prezioen gorakada handia izanik, merkatuaren logikak etxebizitza jabetzan eskuratzearen aukera indartzen duelako.

«Gehiegizko esfortzuan»

Gazteek etxebizitza baterako duten sarbidearen diagnostiko gordina egin du Ernaik, datu batzuk gogora ekarrita: Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuan emantzipatutako 18-34 urte bitarteko gazteek, batez beste, 615 euroko errenta ordaintzen dute, eta, beraz, gazteen hamarretik ia lau (%38) «gehiegizko esfortzu ekonomikoko egoeran» bizi dira, euren diru sarreren %40 baino gehiago errenta ordaintzera bideratuta. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren datuen arabera, 16-29 urte arteko gazteen artean, soldataren %45 baino gehiago etxebizitza pagatzera bideratu behar dute: «Datuak ikusita, agerikoa da gazteok alokairuaren errenta ordaindu ahal izateko dugun zailtasuna».

Horrek eragin zuzena du emantzipazioaren adinean: horretarako batez besteko adina 30 urtekoa da Hego Euskal Herrian, eta 23koa Iparraldean. «Hego Euskal Herriko emantzipatzeko batez besteko adina, Europakoarekin alderatuz, oso altua da, 26 urteren bueltan kokatzen baita», ondorioztatu du Ernaik: «Hego Euskal Herrian, gazteon emantzipazio berantiarra aspaldiko fenomenoa da, eta azken urteotan areagotu besterik ez da egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.