Ustez emaztea hil eta bere buruaz beste egin zuen gero gizonezko batek lehengo astean Senperen (Lapurdi). Ostiralean aurkitu zituzten bien gorpuak Urguri auzoko gizonezkoaren etxean jendarmeek, auzokoek ohartarazi ostean aspaldi ez zituztela ikusi.
Dominique Idiart Senpereko auzapezordeak atzo jakinarazi zuenez, joan den ostiralean eman zioten herriko etxeari gertakariaren berri. Idiartek argitu du auzotar bat joan zela ostiral eguerdian hildakoen etxera, kezkatuta, aspaldi ez zituztelako ikusi. Kasurik egin ez zutenez, eta telebista piztuta zegoenez, 16:00ak aldera Jendarmeria ohartarazi zuten.
Jendarmeak eskailera baten laguntzaz sartu ziren etxera, eta gela batean aurkitu zuten Binta Keita odol putzu batean. Ondoren, egongelan, ustezko hiltzailea topatu zuten, Robert Roquebert. Gizonaren ondoan hilketan erabilitako eskopeta zegoen.
Hilketaren nondik-norakoak ari da Jendarmeria ikertzen, baina, lehen hipotesien arabera, indarkeria matxista kasu bat izan da Senperekoa. Izan ere, etxekogarajean hildako emakumearen maletak zeuden. Horregatik, Poliziak uste du emakumeak etxetik alde egin nahi zuela, eta hori galarazteko hil zuela gizonezkoak. Gainera, auzotarren artean bildu dituen lehen testigantzen arabera, askotan aritzen ziren senar-emazteak eztabaidan.
SudOuest kazetak egunotan argitaratu duenez, gizonak 85 urte zituen eta Bordelekoa zen jatorriz. Emakumeak, berriz, 42 urte zituen, eta, senegaldarra izan arren, duela hogei urtetik bizi zenFrantziako estatuan. Roquebert eta Keita Bordelen ezkondu ziren duela hiru hilabete, iturri beren arabera.
Ipar Euskal Herriko Bortizkeria Sexisten Aurkako Kolektibo Feministak elkarretaratzea antolatu du bihar, 18:30ean, Senpereko herriko etxearenaurrean. Besteak beste, hautatu berri dituzten diputatuei dei egin diete agertzera. Bestalde, Hego Euskal Herrian ohiko toki eta orduetan antolatu ditu elkarretaratzeak Emakumeen Mundu Martxak, asteazkenean. Erakunde horrek gogor kritikatu du Lapurdiko hilketa, eta gogorarazi du patriarkatua dagoela andreek pairatzen duten indarkeriaren oinarrian.
Lau emakume eta gizon bat
Senperekoa indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian utzitako bosgarren biktima da. Izan ere, orain arte lau emakume eta gizon bat hil dira bortizkeria kasu horien ondorioz.
Martxoaren 25ean Caridad Angeles Rodriguez Arrieta 38 urteko andrea hil zuen bikotekideak, 26 urteko gizonak. Emakumearen etxean, Tolosako (Gipuzkoa) Larramendi auzoan, aurkitu zuten gorpua, labankada arrasto ugarirekin. Bikotekideak aitortu zuen berak hil zuela.
Maiatzaren 5ean Gabriela Arosemena, 22 urtekoa, hil zen Durangon (Bizkaia). Gizon batek atxikia zuen bere etxean, eta leihotik erorita hil zen andrea. Ertzaintzak ez zuen argitu nola erori zen leihotik, baina bahituta eduki zuen gizonari leporatu zion andrea gogoz kontra atxikitzea.
Maiatzaren 25ean Mirella Sierra 42 urteko emakumea hil zuen bizilagun batek, Bilboko Deustua auzoan, labankadaz. Hilketa bizilagun bati egotzi zioten, 37 urteko gizonezko bati. Auzotarrekin liskar handiak izaten zituen gizonezkoak, bereziki emakumeekin, eta 11 salaketa jarrita zituzten bizilagunek haren aurka.
Ekainaren 2an, Bilboko San Frantzisko auzoan, gizonezko batek emazte ohiaren bikotekidea —gizonezkoa hura ere— hil zuen labankadaka. Harreman horren haritik, Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriarekin lotu zuen hilketa hori ere, «zeloek sortutako jokabide matxistek» eragin zutelakoan.
Emaztea hil du gizon batek ustez, eta gero, bere burua
Binta Keita emaztea joan den astean hil zuen Robert Rocquebert 85 urteko gizonak, Senperen; gero tiro egin zion bere buruariIndarkeria matxistak aurten eragindako bosgarren hilketa da, laugarren emakumea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu