Gizartea

Enaitz Iriondoren kasua berriro ez irekitzea erabaki du Logroñoko Auzitegiak

Maiatzean erabaki bera hartu zuen Haroko epaile batek, Fiskaltzak kasua zabaltzeko eskatu arren. Auto batek harrapatuta hil zen Enaitz Iriondo, 2004an.

2008ko irailaren 17a
16:42
Entzun
Fiskaltzak hala eskatzen bazuen ere, Enaitz Iriondoren kasua berriro ez irekitzea erabaki du Logroñoko (Espainia) Auzitegiak. Gauza bera erabaki zuen maiatzean Haroko (Espainia) lehen auzialdiko lehen auzitegiko epaileak, Fiskaltzak ere orduan kasua zabaltzeko eskatu zuen arren. Fiskaltzak Haroko epailearen aurkako helegitea jarri zuen Logroñoko Auzitegian, baina honek ez du aintzat hartu.

2004ko abuztuaren 26an auto batek harrapatu eta hil egin zuen Enaitz Iriondo (Durango, Bizkaia; 17 urte). Haroko kanpinera itzultzen ari zen ilunabarrean bizikletan. Tomas Delgado gidariaren autoak azpian hartu zuen. Guardia Zibilaren txostena aipatu zuen geroago epaileak: Iriondo izan zela stop seinale bat errespetatu ez zuena. Auto gidaria, 90 kilometrora orduko mugatutako lekuan 140-160 kilometrora zihoala zioen Guardia Zibilak.

2006ko martxoan salaketa jarri zuen Delgadok: Enaitzen gurasoei 20.000 euro eskatu zizkien autoan izandako matxurak eta autoa konpondu bitartean erabilitako autoaren alokairua ordaintzeko. Horri buruzko epaiketa aurtengo urtarrilean izan zen eta gidariak atzera egin zuen. Epaiketaren ostean Fiskaltzak beste ikerketa bat zabaldu zuen.

Ikerketaren datuak eskuan, joan den apirilaren 29an kasua berriro irekitzeko eskatu zion Fiskaltzak epaileari, eta Tomas Delgado deklaratzera deitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.