Alerta egoeran dago euskal kostaldea. Meteorologoek enbata latza iragarri dute; gaur eguraldiak okerrera egingo duela diote, eta haize bortitza eta olatu handiak ibiliko direla, zortzi metro artekoak. Bai Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baita Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ere neurriak hartu dituzte denboralearen ondorioak saihesten saiatzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, olatu handien beldur, alerta gorria ezarri dute, dagoen alerta maila gorena. Haizeak gogor joko duela eta, berriz, alerta laranja ezarri zuten atzo. Nafarroa ere alerta horian dago haizeagatik.
Itsasgora gaur 06:00etan eta 18:00etan izango da. Orduan bereziki adi ibiltzeko abisua eman dute larrialdi zerbitzuek. Atzo bertan hainbat prebentzio neurri hartu ziren: Donostiako Udalak, esaterako, Pasealeku Berria itxi egin zuen. Getxon (Bizkaia) eta kostaldeko beste hainbat udalerritan ere itsaso bazterreko hainbat lekutan neurriak hartu zituzten.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako aholkuei jarraituta, haize boladak gogorrak izango direla eta, adi ibiltzeko gomendioak eman dituzte hainbat udalek .
Bilboko Portuko Agintaritzak ere hainbat neurri hartu ditu enbatari aurre egiteko. Esaterako, portuan lotutako itsasontziek itsaso zabalera edo Ibaizabal ibaiaren babesera joan beharko dute. Atzo arratsalde hasieran jarri zuen indarrean neurrihori Bilboko portuko aginte gorenak.
Igandean, Donibane Lohizunen (Lapurdi) 28 urteko gizon bat hil zen kitesurfean ari zela. Ezbeharra haize bolada handi batek eraginda izan zela adierazi zuten. Aurrerago zehaztu zuten kirol hori egiteko egoki den tokitik gehiegi urrundu zela, itsasertzetik oso hurbil zebilelako. Hainbat lekukoren arabera, gizona ohol gainean hondartzatik aldendu zuen haizete bortitzak, eraikin bat jo zuen eta hamabost metroko altueratik erori zen. Adrien Monnoyeur izena zuen hildakoak, Okzitaniako Tolosan sortu zen, baina Donibane Lohizunen bizi zen.
Eguraldia gaiztotzearekin batera, elurra beherago agertzen hasi da Nafarroan. Erronkarin lehendik elurra eginda zegoen, eta atzo zuri agertu ziren Ibañetako gaina eta Aralarreko zenbait bazter ere. Errepideetan, arazoak hasi direla eta, kontuz ibiltzeko aholkua eman dute larrialdietako zerbitzuek.Atzo, esate baterako, kateak beharrezkoak ziren Belagua, Abodi eta Iturzaetako gainetatik igarotzeko.
Enbata zital oldartuko dela eta, alerta gorrian dago Euskal Herriko itsasertza
Zortzi metro arteko olatuak izango dira; itsasgoran, 06:00etan eta 18:00etan, adi ibili beharko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu