Inkomunikatuta, konfidantzazko abokatuarik gabe, deklaratu dute gaur goizean zehar Guardia Zibilak asteazkenean atxilotutako zazpi lagunek. Haietatik sei baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak, ETAren laguntzaile edo kide izatea egotzita: zehazki,Joseba Lerin, Juan Karlos Herrador, Iñigo Orue, Arkaitz Agote, Itziar Agirre eta Lorea Irigoien kartzelan sartzeko agindu du. Aldiz, Endika Zinkunegi aske lagatzeko agindu du, baina polizia etxera joan beharko du sinatzera bi astean behin.
Sarekada horrekin lotuta, gutxienez beste bi lagun atxilotu nahian ibili dira bart guardia zibilak, Iruñean eta Hernanin (Gipuzkoa). Askatasunak jakinarazi duenez,Iruñean Ugaitz Astizen bila joan dira haren etxera,baina ez dute aurkitu. Hernanin ere jendearen bila ibili dira, eta hiru etxe miatu dituzte. Hala ere, ez dute inor atzeman.
Iturri horren arabera, bart gaueko hamarrak aldera sartu dira Iruñean, Cascante kalean, Astizen etxera eta goizeko lau eta erdiak aldera arte miatzen aritu dira. Bi ordenagailu eta Astizen zenbait gauza eurekin eraman dituzte. Etxea ez ezik, Astizen senitartekoek bi auto eta gazte hori bazkide den elkarte bat miatu dituzte.
Iruñean bertan, Txantrea auzoan, Joseba Gonzalez atxilotutakoaren etxean miaketa egin dute bart.
Hernanin, berriz, hiru etxe miatu dituzte: Jauregi etxea, eta Plaza Berrian eta Sagastialde Berri auzoan beste bi etxebizitza.
Atzo beste hiru lagun atxilotu zituzten: Sergio Lazkano eta Unai Lamariano donostiarrak eta Joseba Gonzalez Pabon iruindarra.
Manifestazioa deialdia
Horren guztiaren harira, gaur 20:00etan manifestazioa egingo da Donostiako Bulebarretik abiatuta, Hau ez da demokrazia! Utzi Euskal Herria pakean. Atxilotuak askatu lelopean. Bihar, berriz, elkarrretaratzea PSE-EEren egoitzaren parean, Bilbo plazan. Torturatuen Asanbladak deitu du bigarren mobilizazio horretara.
Atxiloketak
Endika Zinkunegi aske utzi, eta beste seiak espetxeratzeko agindu du epaileak
Inkomunikatuta deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Guardia Zibilaren azken sarekadan atxilotutako zazpi lagunek. Guardia Zibilaren esku jarraitzen dute atzo atzemandako beste hirurek. Askatasunaren arabera, jende gehiagoren bila ibili dira bart Iruñean eta Hernanin, baina ez dituzte etxean harrapatu. Gaur 20:00etarako manifestazio deialdia egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Donostiako Bulebarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu