Endometriosia eta eguneroko produktuak: lotura posible bat

Ondorioztatu dute litekeena dela endometriosiak plastikoekin, elikagaiekin eta kosmetikoekin zerikusia izatea. Hormonatzen ez diren emakume endometriosidunen bila ari dira, gaixotasuna ikertzen jarraitu ahal izateko.

Amaia Irizar, Iraia Garcia eta Zihara Alonso ikertzaileak, EHUko Leioako Campusean. EGOI MARKAIDA
Amaia Irizar, Iraia Garcia eta Zihara Alonso ikertzaileak, EHUko Leioako Campusean. EGOI MARKAIDA
2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

190 milioi. Hori da gaur egun munduan endometriosia duten emakumeen kopurua. Beste hitz batzuetan: ugaltzeko adinean diren emakumeen artean hamarretik batek dauka. Endometrioko ehun normala umetokiko mukosaz kanpo hedatzen denean gertatzen da endometriosia. Gaixotasunak min ematen du hilerokoa izatean, baita erlazio sexualak izateko orduan ere, eta nekea eta goragalea izatea ohikoa da hilerokoa izatean, beste sintoma batzuekin batera. Pairatzen duten askorentzat, bizimodu normala egiteko oztopoa da.

Ikerketa batean, ondorioztatu dute eguneroko produktu batzuek, hala nola gorputzerako kremek eta makillajeak, zerikusia dutela endometriosiarekin. Zihara Alonso Erizaintzako eta EHUko Osasun Publikoko Masterrean graduatuak (Bilbo, 1997), Iraia Garcia EHUko irakasle eta IIS Biobizkaia taldeko ikertzaileak (Zalla, Bizkaia, 1986) eta Amaia Irizar EHUko irakasle eta IIS Biogipuzkoa taldeko ikerlariak (Oñati, Gipuzkoa, 1985) egin dute ikerketa. 

«Eguneroko produktuen eta elikagaien eta endometriosiaren arteko lotura aztertu dugu», esan du Alonsok. Zartagin itsasgaitzak, alfonbrak, goretexa duten produktuak eta kosmetikoak daude produktu horien artean. «Produktuen disruptore endokrinoen kopurua da gaixotasunaren diagnostikoari eragiten diona», azaldu du Alonsok. Eta zer dira disruptore endokrinoak? Irizarrek azaldu duenez, gorputzetik kanpo dauden konposatu kimiko batzuk dira. Haien egitura kimikoa gizakien hormonen oso antzekoa denez, hormonekin mimetizatzen dira, eta, hori dela eta, gorputzak ulertzen du disruptore endokrinoentzat ikusgai dagoela eta mekanismo batzuk jartzen ditu martxan. 

Produktu horiek ez ezik, zenbait janarik ere badituzte disruptore endokrinoak. «Koipeetan metatzen dira hormona hauek. Metatu eta, ondorioz, gugana oso kontzentratuta iristen dira», argitu du Irizarrek. Adibidez, haragi gorria eta azukre prozesatuak dira elikagai horietako batzuk, koipe eraldatua duten elikagaiak. Eta alderantziz, arrain urdinak, frutak eta barazkiek disruptore endokrino gutxi dutenez, halakoak jateak murriztu egiten du endometriosia izateko arriskua.

Diagnostikoa erraztea helburu

Dena dela, oraindik goiz da produktu eta janari horiek endometriosiari zenbateraino eragiten dioten esateko. «Oraingoz ez dakigu zein den maila, baina jakingo dugu», aurreratu du Garciak. Izan ere, orain arte ateratako ondorioak ikerketa handiago baten parte txiki bat dira.

«Endometriosia nola garatzen den ulertzea dugu helburu, tratamendua zertan zentratu beharko litzatekeen jakiteko»

AMAIA IRIZAR EHUko irakaslea eta IIS Biogipuzkoa taldeko ikertzailea

Ikerketaren helburua endometriosiaren prebentzioa eta diagnostikoa erraztea da, betiere hipotesia izanik endometriosiak zerikusia duela disruptore endokrinoekiko esposizioarekin. «Gaixotasuna nola garatzen den ulertzea dugu helburu, tratamendua zertan zentratu beharko litzatekeen jakiteko», laburtu du Irizarrek.

Gaur egun, endometriosia diagonostikatzeko, ekografia egiten da, baina askotan ez du detektatzen. Horrelakoetan, erresonantzia egin behar izaten da, baina ez dute eskatzen. «Behin betiko diagnostikoa egiteko laparoskopia egin behar da, baina ebakuntza inbaditzailea da, eta jada ez du inork egiten», azaldu du Garciak. Horregatik, diagnostikatzeko prozesua errazteko, beste helburu bat biomarkatzaile «ez-inbaditzaileak» aurkitzea dela azpimarratu dute Garciak eta Irizarrek.

Endometriosia duten emakumeen bila

Ikerketa garatu ahal izateko, 18 eta 45 urte bitarteko 87 emakumerekin elkartu dira —batzuek endometriosia dute, eta beste batzuek ez—, aipatutako disruptore endokrinoek bi taldeei nola eragiten dieten ikusteko. Endometriosia dutenek, ordea, hormonarik hartzen ez duten emakumeak izan behar dute, eta horrek zailtasunak ekarri dizkie. «Arraroa da kontsulta batean endometriosia izan eta hormonarik hartzen ez duen emakume bat topatzea. Hormonek ez dute gaixotasuna sendatzen, mina arindu baino ez. Ez hartzeak esan nahi du hilabetean behin, behintzat, min handia izango duela emakume horrek», nabarmendu du Alonsok. 

«[Endometriosirako errezetatutako] Hormonek ez dute gaixotasuna sendatzen, mina arindu baino ez»

ZIHARA ALONSO EHUko Osasun Publikoko Masterrean graduatua  

150 emakume inguru elkartzea litzateke ikerketa egiteko lagin egokia. Kopuru hori lortzeko bidean jarraitzen dute. «Oraindik hormonarik hartzen ez duten endometriosiodun emakumeak behar ditugu», eskatu du Garciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.