INGURUMENA

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala atzera botatzeko tramitea aurkeztu du EH Bizirik-ek

Talde ekologistak salatu du plan horretan jasota dagoela «eskala handiko dozenaka zentral eoliko eta parke fotovoltaiko ezartzea»

Euskal Herria Bizirik-en protesta bat, plan sektorialaren aurka. BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 27a
13:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak jendaurrean ikusgai jarritako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala «ezeztatzeko» eskatu du Euskal Herria Bizirik plataformak, «alegazio herritar» baten bidez. Erakunde ekologistaren arabera, plan horretan jasota dago «eskala handiko dozenaka zentral eoliko eta parke fotovoltaiko ezartzea» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori geldiarazi nahi dute, alegazioak aurkeztuta.

Alegazio orriak eskuragai jarri dituzte, eta «ahalik eta gehiena zabaldu» nahi dituzte. Horiek aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da, eta bi bide daude erregistratzeko: aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, edo Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailera gutun ziurtatua bidalita (Donostia kalea 1, Gasteiz).

Ikusi gehiago:BIDEOA: Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala

EH Bizirik-ek ondutako alegazioak bost puntu ditu:

1. Ingurumen adierazleak, okerrera: EH Bizirik-en arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «lurralde oso urbanizatua» osatzen dute, «metropolizazio eta kolmatazio prozesu gero eta handiagoen» ondorioz. «Hortaz, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean jasotako zentral eoliko eta eguzki instalazio handien garapenak ekarriko du hainbat ingurumen adierazlek okerrera egitea, lurzoruaren artifizializazioari dagozkionak, bereziki». Planaren Ingurumen Azterlan Estrategikoan bertan jasota dago arrisku hori, bertan aipatzen baitira «ingurumen eraldaketa nabarmena» eta «lurzoru natural eta landa guneetako azalera handiak okupatzearen eragin negatiboa». Alegazioaren egileen ustez, «onartezina» da «ustezko trantsizio energetikoaren izenean baliabiderik baliotsuena, urriena eta berriztaezina sakrifikatu nahi izatea: lurraldea».

2. Elikadura subiranotasuna eta landaguneen balioa: Talde ekologistak uste du plan sektorial hau «bateraezina» dela landa eremuaren eta elikadura subiranotasunaren defentsarekin: «Plana garatzeak eragingo duen laborantza lurren galera garrantzi bereziko gaia da». EH Bizirik-ek azpimarratu du, hain zuzen, EAEko Lurraldearen Antolamendurako Gidalerro nagusietakoak direla «lurzoruen gaitasun agrologikoa mantentzea» eta «nekazaritza ekosistemak eta paisaiak babestea». Are: «Gaur egun EAEn kontsumitzen diren elikagaien %4 baino gutxiago ekoizten dira gure erkidegoan». Horrez gain, salatu dute plan sektoriala garatzeak eraginen duela landa eremuen despopulazioa eta pobretze orokorra: «Euskarri hutsak izango lirateke, makro-proiektu horiek ezartzeko».

3. Naturagune babestuak eta fauna: Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak, bestalde, naturaguneak eta basa espezieak arriskuan jarriko dituela gaineratu du EH Bizirik-ek: «Bateraezina da, besteak beste, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearekin eta hegazti nekrofagoak kudeatzeko planekin nahiz biodibertsitatea eta korridore ekologikoak babesteari buruzko foru aginduekin». Ekologisten arabera, planean jasota dagoen Ingurumen Azterlan Estrategikoak berak ere «larritzat» jotzen du instalazio eolikoen eragina, «fauna basatiaren (hegazti harraparien eta saguzarren) hilkortasun tasa zuzenagatik»: «Praktikan, soilik Natura 2000 sarean integratutako Naturagune Babestuak eta herrigune bakoitzaren inguruan 500 metroko erradioko eremu txiki bat hartzen ditu Lurralde Plan Sektorialak zentral eolikoen eta eskala handiko eguzki instalazioen ezarpenetik salbuetsitako bazterketa eremu gisa. Beste edozein tokitan, halakoak jartzeko aukera ematen duenez, eta gaur egun plangintzatik kanpo izapidetzen ari diren proiektuak ahalbidetzen dituenez, gure mendi eta haranen bizitza, kultura eta paisaia galtzea ekarriko luke».

4. Energiaren kontsumo eredua: Talde ekologistaren irudiko, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala baino «neurri eraginkorragoak eta zentzuzkoagoak» daude energia kontsumoa murrizteko eta tokiko autokontsumorako energia berriztagarrien ekoizpen deszentralizatua sustatzeko: «Energia aurreztea jarduera ildo ukaezina da Euskadin, eta energia berriztagarrien hedapena eskala lokaleko ekintzetara bideratutako eredu baten bidez egin behar da, hau da, Lurralde Plan Sektorialean lehenesten diren eskala handiko instalazio eoliko eta fotovoltaikoen ezarpenaren guztiz kontrako eredu baten bidez».

5. Prozedura, zalantzan: Euskal Herria Bizirik-ek ondutako azken alegazioa plan sektorialaren prozedurari dagokio. Ekologisten esanetan, planaren zirriborroa jendaurrean ipini zen maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen kanpainarekin batera, «parte hartze publikoa mugatuz eta udalek eta diputazioek esku hartzeko duten aukerari kalte eginez». «Horri gehitu behar zaio, plana onartuz gero, tokiko erakundeak derrigortuko liratekeela udal plangintzan zentral eoliko eta instalazio fotovoltaiko handiak ezartzeko lurren erreserbak egitera, baita ondorio kaltegarriak jasango dituztela iritzi dutenean ere». EH Bizirik-en aburuz, «udal autonomiaren aurkako erasoa» da hori. Bestalde, uste dute Jaurlaritzaren egitasmoak de facto baliogabetuko dituela eskualdeetako zatikako lurralde planak: «Eusko Jaurlaritzak zuzenean onartu ahal izango ditu zentral eolikoen eta poligono fotovoltaikoen egitasmoak, premiazko prozedura erabiliz; hots, Tapia legea izenarekin ezagun den Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko 10/2021 Legeaz baliatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.