Energia burujabetza xede

Euskal Herriko hainbat herritan energia komunitateak sortu dira, herritarren parte hartze zuzena oinarri hartuta. Beste batzuentzako «eredu» izan nahi dute.

Energia komunitateak sortu dituzte hainbat herritan. Irudian, Orexako (Gipuzkoa) frontoia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
edurne begiristain
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Klima, ingurumen eta energia krisien ondorioz, deskarbonizaziorako bidean urratsak egiten hasiak dira herrialde asko. Herritar asko jabetu dira eredua birplanteatzeko garaia dela, eta energia iturriak ez ezik energia kontsumitzeko eta kudeatzeko moduak ere eraldatu behar direla. Euskal Herrian ere, energia komunitateak sortzera animatzen ari dira herritar ugari, merkatuaren atzaparretatik ahalik eta gehien aldendu eta energia burujabearen alde apustu eginez.

Hain justu ere, Euskal Herrian martxan diren energia komunitateak izan ditu hizpide BERRIAko Kinka podcastaren azken saioak. Hiru esperientzia jaso dituzte: Artelan kolektiboarena, eta Sugarai eta Ekiherri kooperatibenak. Hirurek dituzte ezaugarri komunak: tokian tokiko eskala batetik abiatuta eta herritarren parte hartze zuzena ardatz hartuta, energia komunitateak sortu dituzte. Komunitatetik eta komunitatearentzat. Horietxek baitira energia komunitateen funtsa eta zerumuga.

Baina zer ezaugarri dituzte energia komunitateek? Nork arautzen ditu? Nola osatzen dira? Zer pauso eman behar dira halakoak eratzeko? Energia komunitateen inguruko interesa duten herritarrek gisa horretako zalantza asko izaten dituzte maiz, eta laguntza eta aholkularitza ezinbestekoak dituzte. Prozesu guztian bidelagun izateko lanean ari diren elkarteetako bat da Artelan kolektiboa. Nafarroako hainbat herriri laguntza eskaini die tokiko energia komunitateak sortzeko: besteak beste, Garesi, Urrotzi, Obanosi eta Abaurregaineari.

Oihana Lorea Zabalegi Artelan kolektiboko arduraduna da. Azaldu duenez, Europako Batzordeak 2020an arautu zituen energia komunitateak, baina «Euskal Herrian betidanik egon da energia eta baliabide naturalak era kolektiboan kudeatzeko tradizioa». Haren esanetan, urteetan pilatutako eskarmentu hori oso baliagarria da herritarren antolakuntza bultzatzeko eta energia kudeaketari buruzko trebakuntzan kolektiboki jarduteko.

Energia komunitateak sortzerakoan, helburuak finkatzea da lehen pausoa, eta, Lorearen iritziz, herriek edo auzoek erabaki behar dute xedeak zeintzuk diren. «Erabaki dezakete enpresa merkaturatzaile batera pasatzea, tokiko energia sortzea, eraldaketa sozialerako dinamikak sortzea...».

Helburuak finkatzeaz gain, beste hainbat urrats egin behar dira energia komunitate bat sortzeko; adibidez, zer energia iturri erabili nahi den zehaztu. Gaur egun, eguzki energia erabiltzen da gehien Euskal Herrian: «Plaka fotovoltaikoen merkatu sendo bat dago, eta diru laguntza gehienak instalazio fotovoltaikoak jartzera zuzenduta daude; beraz, energia eolikoaren aldeko apustua egitea baino errazagoa izaten da eguzki energiaren alde egitea».

Proiektu biziak

Helburuak ezarri, energia iturriak zehaztu eta komunitatea sortu ostean, proiektua bera bizirik mantentzea izan ohi da lanik nekezena. Lorearen esanetan, proiektua bideragarria da baldin eta herritarrek berek sustatu eta bultzatzen badute. «Zergatik? Bada, proiektua haiena delako, eta haien beharrizan eta nahietatik sortu dutelako».

Energia komunitate bat sortu eta bizirik mantentzea posible dela erakusten ari dira han-hemenka martxan diren energia komunitate anitz. Horietako bat da Sugarai kooperatiba. Hergarai eskualdeko (Nafarroa Beherea) herriko etxeek, biztanleek eta eragileek sortu zuten, 2014. urtean, eta egurraren ustiaketa jasangarria egiten dute. Gaur egun, 104 bazkide dira, tartean ohian jabeak, elkarteak, hamabi herriko etxe eta Euskal Elkargoa bera.

Lau helbururekin ari dira lanean, Peio Harluxet kooperatibako bazkideak azaldu duenez: energia berriztagarrien inguruan lan egitea, basoen kudeaketa irakastea, zirkuitu laburreko ekonomia zirkular bat sortzea —50 kilometro baino urrunago dagoenari ez diote saltzen—, eta bertako enpresa bat eraikitzea eta lanpostuak sortzea. Zirkuitu motzaren bidez, egurra berotzeko erabiltzen dute, bi modutara ustiatzeko: zatika moztutako enborrak etxeetarako eta egur xehatua enpresetarako. Helburua bakarra da, ordea: «Basoaren kudeaketa iraunkor bat sustatu nahi dugu».

«Bertako eragile» bat da Sugarai, eta eredu izan nahi du beste herri batzuetarako, Harluxeten hitzetan: «Sinisten dugu gure eredua erreproduzitu ahal dela, eta nahiko genuke Sugarai bezalako kooperatiba bat sortzea eskualde guztietan».

Faktura merkatzea xede

Errenterian ere (Gipuzkoa) badago komunitatean oinarritutako egitasmorik: Ekiherri kooperatiba. Duela urtebete hasi zen proiektua mamitzen herritar talde baten eskutik, eta aurtengo martxoan aurkeztu zuten ofizialki. Helburu argiekin osatu dute energia komunitatea, Aitziber Gartzia kooperatibako kidearen hitzetan: «Energia kontsumoa murriztu eta energia faktura merkatu nahi dugu, eta hori dena egin nahi dugu berriztagarriei lehentasuna emanez».

Energia subiranotasunaren alde egin nahi dute Ekiherrin: «Gure erabaki propioak hartu nahi ditugu, eta energia burujabearen alde egin». Eremu ezberdinetan sustatu nahi dute erabakitzeko gaitasun hori, eta «gizarte kohesiotik trantsizio energetiko eta ekologikorako jauzia» egin nahi dute, betiere herritarren parte hartzearekin. Gipuzkoako beste herri batzuk eredu hartuta egiten ari dira aurrera; besteak beste, Hernani, Orexa eta Itsasondo dituzte erreferentzia. Gartzia: «Haiek egindako bideari esker iritsi gara honaino, eta guk ere erreferente izan nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.