Enplegu politikei buruzko akordioa, gertuago

Ortuzarrek eta Mendiak baieztatu dute «datozen orduetan» lortuko dela EAJren eta PSOEren arteko ituna

Erredakzioa
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Lortzear dago enplegu politika aktiboen inguruko akordioa. Hala baieztatuzuten atzo Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarrekopresidenteak eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak bide onetik doazela adierazi zuten biek ala biek, eta «datozen orduetan» lortuko dela akordioa. Hala, «baikor» agertu ziren itun hori lortzeko aukeraz. Adostasuna lortzen badute, Espainiako aurrekontuen inguruan negoziatzen hasiko dira jeltzaleakZapateroren gobernuarekin, Ortuzarren esanetan.

Enplegu politika aktiboei dagokien alor «oso zehatzak eta teknikoak» zehaztea baino ez dela falta azaldu zuen EAJko buruak. Transferentzia ereduarekin eta kopuruarekin zerikusia dute xehetasun horiek, eta Ortuzarrek nabarmendu zuen Kontzertu Ekonomikoak zehaztutakoari jarraituta egingo dela akordioa: «Oso garrantzitsua da gaur egun Euskadik duen gaitasun ekonomiko eta finantzarioak eman digun kopuru magikoa, %6,24koa, hain zuzen, argi eta garbi egotea».

EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioen garrantzia nabarmendu zuen Ortuzarrek. Haren esanetan, Espainiako Gobernua ez da sekula «hain urrun» iritsi transferentzia horretan eta Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoaren errespetuan.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearentzat ere «oso albiste ona» izango da enplegu politiken inguruan adostasuna lortzea. Bereziki, langabezian daudenentzat izango da ona, haren esanetan. Nahiz eta Espainiako Gobernuarekin EAJ ari den negoziatzen, Jaurlaritzak «uneoroko informazioa» daukala adierazi zuen Mendiak atzo, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Jaurlaritzaren eledunarentzat oso pozgarria da jeltzaleak Gernikako «Estatutuaren bidera itzuli izana», eta indarrean dagoen «esparru juridikoa gainditzeko» apustuari uko egin izana. Gainera, enplegua eta formazioa sustatzeko hobariak eskumenean sartzea begi onez ikusi du Mendiak, baldin eta Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra hausten ez bada.

«Salerosketa kontua»

EAko idazkari nagusi Pello Urizar, berriz, kezkatuta agertu da Estatutua eta eskumenak «salerosketa kontu bat» bilakatu direlako. Estatutua lege organikoa denez eskumen guztiek eskualdatuta egon beharko luketela uste du, eta, beraz, onartezin iritzi dio eskubide bat negoziazio mahaian jartzeari. Hala, Madrilek nahi izanez gero eskubideak «murrizten» jarraituko duen beldur da EAko idazkari nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.