Enpresak lehiakorrago egiteko aldagai gisa aurkeztu nahi dute euskara

Eusko Jaurlaritzak eta Garapen elkarteak Hizkuntzak Kudeatzen egitasmoaren bigarren faseari ekin diote. Helburua da garapen agentziek enpresei transmititzea hizkuntzen kudeaketa egokiak eta bertan euskara txertatzeak lehiakorrago egingo dituela.

'Hizkuntzak Kudeatzen' egitasmoaren bigarrren fasea aurkeztu dute Barakaldoko Udalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 7a
15:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Hizkuntzak Kudeatzen egitasmoaren bigarren fasea aurkeztu dute gaur Barakaldoko Udalean (Bizkaia). Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Garapen elkarteak jarri zuten martxan proiektua urte hasieran; hizkuntzen kudeaketa lehiakortasun aldagai gisa lantzeko asmoarekin. Hau da, erakutsi nahi dute hizkuntzen kudeaketa egokiak enpresak lehiakorragoak egin ditzakeela. Azaldu dutenez, «gure ingurunean», euskara hizkuntzen kudeaketa horretan «kontuan hartu beharreko hizkuntza da». Izan ere, euskara erabiltzea bezeroak «asebetetzeko» zein langileak «motibatzeko» faktorea izan daiteke. Baita «gizarte erantzukizunaren adierazle» ere.

Horretarako, proiektuaren bigarren fasean, bost garapen agentziatan proiektu pilotu bana jarriko dute martxan. Proiektuaren helburua da agentziek enpresei transmititzea hizkuntzen kudeaketa egokiak eta bertan euskara txertatzeak lehiakorrago egingo dituela. Xede horrekin, bi formakuntza saio egingo dituzte bost garapen agentziatako teknikariekin.

Garapen elkartea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tokian tokiko erakundeek sortutako garapen agentzien elkargunea da. Elkartearen barruan daude proiektuak gauzatuko dituzten bost agentziak; zehazki, hurrengoak izango dira: Amurrio Bidean, Bermeoko Udala, Barakaldoko Udala-Ingurualde, Goieki eta Urola Kostako Udal elkartea. Garapen agentzien helburua enpresei laguntzea da, beren kudeaketa ereduak lehiakorrago eta produktiboago egiteko asmoz egungo merkatuaren eskaerei begira.

Fernando Nebrada Garapen elkarteko presidenteak hizkuntza kudeaketa egokiaren garrantzia nabarmendu du egungo mundu «globalizatuaren» testuinguruan: «Bezeroei, erabiltzaileei, hornitzaileei eta, jakina, langileei eurek nahi duten hizkuntzan jardutea erraztu eta ahalbidetu behar die enpresa lehiakorrak». Miren Dobaran Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuordeak ere hartu du hitza: «Hizkuntzen kudeaketak duen balio ekonomiko zein soziala bultzatzea urrats handia litzateke eremu sozioekonomiko pribatuan euskarak ere lekua izan dezan».

Lehen fasean lortutakoarekin «gustura» agertu dira Jaurlaritza eta Garapen. Fase horren barruan, hizkuntzen kudeaketak enpresen lehiakortasunean duen eraginaz hausnartu zuten garapen agentzietako teknikariekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.