Nafarroako Kutxaren auzia. Enrique Goñiren agerraldia

Enrique Goñi: «Ez da porrota izan, Nafarroako Kutxa ez da desagertu»

Enrique Goñik «etika arduratsuz» jokatu duela adierazi du, eta finantza sektorearen «tsunamiari» eta krisiari egotzi die erruaHainbat galdera saihestu, eta kutxak Banca Civicarik gabe ez lukeela iraungo esan du

Jose Maria Zarranz, Francisco Javier Martinena, Luis Colina, Jose Luis Erro, Jose Antonio Sarria eta Jose Antonio Asiain Enrique Goñiri entzuten. Bere alboan, Pedro Rascon. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2013ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
On Kixoteren modura, Enrique Goñi mundu osoaren aurka. Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi ohiak atzo Parlamentuko Ekonomia batzordean egindako agerraldian, autokritika oro saihestu du, eta kutxaren desagerpena bera ere ukatu du. «Ez da porrota izan, CAN ez da desagertu». Nahiz eta egun CANek Caixabanken %1,5 baino ez izan, «talderik onenean» dagoela adierazi du. Azken urteetako prozesua «aurrezki kutxa guztiek izandako tsunamiari» eta 2011ko udatik izandako «glaziazio ekonomikoari» egotzi die, eta alderdi batzuen aurka jo du «gertatutakoaren irudi desitxuratua» sortu nahi dutela aurpegiratuz.Bere ustez, huts bakarra egin du:«Kutxak ez du sektorearen moldaketakonplexua azaltzeko eledunik izan. Tsunami horren aurrean iparrorratz publikorik gabe nabigatu du Nafarroak. Batzuk hutsunehori baliatu dute kutxari min egiteko. Akatsa nirea da».

Hamarkada oso batean Parlamentutik igaro gabe egon ostean, Caixabankek Nafarroako Kutxa erosi eta ia urtebetera joan da lehen aldiz Goñi harantz. Azken asteetan Nafarroako Kutxaren auzia agenda politikoaren erdigunean kokatu da eta Goñi zein Miguel Sanz ikerketa judizialpean daude ustez CANen izandako hainbat irregulartasunengatik. Iragan asteburura arte, Goñik adierazpen publikorik ez du egin, eta horregatik ikusmin itzela sortu da. Agerraldia «historikotzat» jo du Pedro Rascon batzordeko presidente sozialistak.

Goñik alboan izan ditu zuzendaritza batzordeko Jose Maria Zarranz, Jose Antonio Asiain, eta Francisco Javier Martinena; auditoria batzordeko azken presidente Luis Colina (Diario de Navarra egunkariko zuzendari nagusia) eta Kontrol Batzordeko azken burua Jose Antonio Sarria (CEN patronaleko burua). Zuzendaritza batzordeko Juan Cruz Allik, Nafarroako lehendakari ohiak, batzordean egotea saihestu du, nahiz eta hainbat lekukok goizean Parlamentuan ikusi. Goizeko saioko azken unera arte ez da batzordean agertu. Ricardo Marti Fluxa kontseilaria, berriz, ez da Goñiren alboan izan, goizean gutxienez.

1. Zabaltze fasea

Gestioaren alde ilunetako bat da.2002tik 2009ra bitartean 255 bulego ireki zituen CANek, horietako gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zabaltze fase hori neurrigabekotzat jo dute oposizioko talde askok etaaurrezki kutxari zer koste ekonomiko eragin zion galdetu diote. Ideia bat egiteko, 2003ko kontuen arabera, CANen aktibo materiala 93 milioi eurokoa zen eta 2008an 530 milioi eurokoa. Alta, Enrique Goñik ez du datu zehatzik eman horri buruz.

Dena den, Goñik ukatu egin du hedatze hori neurri gabekoa izan dela. Bere ustez, kanpora hedatzea ez da hondamendiaren sinonimo. Hala, esan du, 2000. urtean BBK-k edo Caixak bulego asko zituzten euren merkatu nagusitik kanpo, eta gaur egun bi finantza talde handi gidatzen dituztela.

Bere esanetan, 1994tik 2002ra, beste aurrezki kutxa batzuk ez bezala, CANek bere lurraldean kontzentratu zuen negozioa: Nafarroan zuen negozioaren %88a. Hala, Nafarroatik at hedatzeari «berandu» ekin ziotela uste du. Argudiatu du, era berean, unean uneko informazio onenarekin hartzen zirela erabaki guztiak, baina ukatu du zabaltze estrategia testuingurutik kanpo egin zela. Gipuzkoa Donostia Kutxak, kasu, 2001etik 2008ra bere bulego kopurua %86 handitu zuen eta Rural Kutxak %76; epe berean Nafarroako Kutxak, berriz, %44. «Une hartan geneukan informazioarekin estrategia egokia izan zen, eta pena bat izan zen lehenago ez hastea, diru publikorik behar izan ez duten beste kutxa batzuk bezala».

2. Washington

Hedatze estrategia horretan, megalomaniaren sinonimotzat jo da AEBetako hiriburuko Pennsylvania etorbidean egoitza bat irekitzea. 2009ko inaugurazioan Espainiako erregearen alaba, Cristina Borboikoa, eta bere senarra Iñaki Urdangarin egon ziren. Bulego horri eta operazio horri buruzko zehaztasunak eskatu zaizkio, baita Urdangarini zenbat diru ordaindu zitzaion ere, baina ez du argitu. Bulego hark ez zuen finantza arloan jarduteko baimenik lortu.

Aitzitik, Goñik operazio hori defenditu du. Aipatu du beste aurrezki kutxa eta banku askok Floridako hiriburuan, Miamin, egoitzak ireki zituztela, hango zerga abantailez baliatzeko. Bere esanetan, erakunde horiek ez bezala CAN negozioa egitera abiatu zen AEBetara. Washingtonen diren 30.000 Gobernu Kanpoko Erakundeekin lan egineta eurak finantzatzeko negozioan sartzea zen helburua. Baimena lortzeko zailtasunak izan zirela onartu du, baina Estatu Batuetako erreguladoreek garai hartan Europako bankuekin zuten mesfidantzari egotzi dio, eta horren ondorioz baimena lortzeko eskaera hiru aldiz aldatu zietela azaldu du.

Goñik ukatu egin du bulegoaren alokairuak 3 milioi dolarreko kostua eragin diola CANi hilean. Kostua «zortzi aldiz txikiagoa» izan zela dio, eta guztira hilean 40.000 euroko kostua eragin ziola batez beste. Bulegoak 245 metro koadro ditu eta «ez dute inoiz 60 pertsonek lan egin, batez beste seik baizik».

3. Erretiro aurreratuak

Gestioaren beste alde ilun bat. Oposizioko taldeen arabera, 2002tik 2010era izaniko erretiro aurreratu guztiek 180 eta 200 milioi euro arteko kostua eragin diote CANi. Oposizioko taldeek galdetu diote zehazteko zer irizpide erabili ziren bai erretiro aurreratuetarako, bai ondorengo kontratazioetarako. Goñik azaldu du erretiro aurreratu bakoitzak urtean 12.000 euroko aurreztea eragin duela eta lauzpabost urteren buruan amortizatzen zela. Azaldu duenez hamarkada batean 495 erretiro izan dira, eta horietatik ia erdiak, 246, lehen urteetan. Erretiro horien baldintzak aurretik hitzartu zirela gaineratu du.

4. Soldatak, dietak

2002a baino lehen eta ondoren zuzendaritza taldeko kide guztiek jasotzen zuten soldataren inguruan galdetu dio Bilduk. Talde horrek eskatu dio mailakatzeko 200.000 eurotik gorako soldata guztiak eta Goñik zein bere gertukoek jasotako soldataren zenbatekoaren bilakaeraren berri emateko eskatu dio. CANen, zuzendaritza taldeko kideek jasotako soldatak eta gainerako abantailek eragindako kostua zehazteko eskatu zaio. Ez du horri buruzko informaziorik eman. Ukatu egin du 2010etik 2012ra Banca Civicako presidente gisa ia 4 milioi jaso zituela: «3,7 milioi euro baino nabarmen gutxiago jaso ditut, baina jar ezazu nahi duzuna», esan dio ironiaz parlamentari bati.

Goñik ez du ezertxo ere esan 2010etik 2011ko azarora bitartean indarrean egon zen Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrari buruz. Bertatik publiko egin gabeko diru sariak kobratu zituzten Miguel Sanzek, Yolanda Barcinak, Alvaro Mirandak eta Enrique Maiak. Batzorde hori sortzeko erabakia nork hartu zuen galdetu diote, baina ez du erantzun.

5. Inbertsio polemikoak

Uneotan, Enrique Goñi eta Miguel Sanz ikerketa judizialpean daude. Maria Paz Benito epaile instruktorea CANek Goñiren agintaldian egindako hainbat inbertsio ikertzen ari da. Goñik Parlamentuko agerraldia baliatu du azaltzeko ikerketapean dauden inbertsio horietako gehienak irabaziak eragin dizkiotela CANi: Aunan eta Quiero TVn 2,5 milioi; Anca Corporaten 13,4 milioi euro;

Camponoble eta Guascorren 41,6 milioi euro; Angel Iglesiasen Ikusi enpresaren kasuan, 11,4 milioi. Marco Polo funtsak soilik izan zuen 2,1 milioi euroko galera, Goñiren azalpenen arabera. Txentxo Jimenezek gogorarazi dio funts hori Ricardo Marti Fluxa kontseilariarena zela eta berau CANeko Inbertsioen batzordeko burua zela. Bere enpresan inbertitzea baimendu zuen.

Oposizioko taldeek 2007 eta 2009 artean enpresen partaidetzetan inbertitzen duen Corporacion Industrial negozio adarraren kapitalaren balorazio aldaketa esanguratsuak egon direla kritikatu dute, eta horren inguruko azalpenak eskatu dizkiote. Goñik ukatu egin du epe horretan «birbaloraziorik» egon zela, debekatuta dagoelako. CANen kontuetan ikuskaritza independenteak egon zirela azaldu du.

Era berean, CANek 2008 eta 2009 urteetan Iruñerrian eta Nafarroatik kanpo eraikuntza enpresei lur sailak erosi zizkieten. Kontuz!-en arabera, 144 milioi gastatu ziren erosketa horietan, hain justu ere, etxebizitzaren merkatuaren gainbehera hasi zenean. Horren gainean ez du azalpenik eman.

6. Banca Civica

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek eskatu dio argitzeko Banca Civicara sartu aurretik zenbateko arriskua zuen higiezin sektorean. Goñik ez dio galdera erabakigarri horri erantzunik eman, baina Banca Civicaren operazioa erabat defenditu du. Bere esanetan, CANek ez zuen beste erremediorik, bakarrik bere bideragarritasuna ere kolokan geratuko litzatekeelako. «Ziurrenik CAN ez litzateke bideragarria», esan du.

Banca Civicaren operazioa hasieratik bukaeraraino defenditu du. 2011ko udan, burtsara irten zenean, Goñi konbentzituta zegoen onik aterako zen taldeetako bat izango zela.Goñiren arabera, burtsaren irteera arrakastatsua izan zen, baina 2011ko abuztuan, finantza merkatuetan mesfidantza handia sortu zen, besteak beste Espainiako arrisku saria igo zelako. «Ulertzen dut nafarrek ez dutela zertan ulertu zer gertatu den, baina hemen inork aurreikusi ezin zezakeen ekaitza erreguladore bat egon da eta ondoren ekonomiaren erorketa».Bere esanetan, egun haietan Frantziak eta Alemaniak Espainiari baldintza zorrotzak ezarri ez balizkiote, Banca Civica onik legoke. «Gaur ez ginateke hemen egongo. Hilabete haietan inork ikusi gabeko gauzak gertatu ziren».

Caixabank-ek oso prezio merkean erosi zuen Banca Civica. Enrique Goñiren arabera, «ekonomia gaizki doanean» gertatu ohi da salmenta prezioak jaistea, erosleak (Caixabank) hornidura gehiago jarri beharko dituelako. Goñik defenditu du aukera on bakarra zela Caixabank. «Zorionez talde hoberenean gaude». Bere gestioa erabat profesionala dela nabarmendu du. Irregulartasunak eta ilegalitateak egon direla ukatu du, eta «etika arduratsuaz» jokatu dutela azpimarratu. «Gure helburua izan da erakunde honi mesede egitea». Goñik berretsi du CAN ez dela desagertu. «Etorkizunari begira bide luzea du egiteko Caixabanken barruan». Txaloak eskatzea falta zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.