Enrique Villar hil da gaur goizaldean Logroñoko ospitalean (Espainia), minbiziak jota, 70 urte zituela. 1996 eta 2004. urteen artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen, eta Eusko Jaurlaritzarekin harreman garratza eduki zuen -batik bat, Juan Jose Ibarretxeren agintaldian, 1998tik aitzinera-.
1939an jaio zen Villar, Logroñon. UCD Union de Centro Democratico alderdiarekin zinegotzi hautatu zuten Gasteizen, 1979an. Ondoren, Alianza Popular alderdian jardun zuen, eta Gasteizko zinegotzi, Arabako Foru Aldundiko diputatu eta, azkenik, PPrekin legebiltzarkide izan zen Eusko Legebiltzarrean. 1996an, PPk Espainiako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituenean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Espainiako Gobernuaren ordezkari izendatu zuten.
Villarrek Jaurlaritzarekin izandako ika-mikek sona handia izan zuten. 1999an EAJ eta EAri "hiltzaile" deitu zien, biok EHrekin akordioa erdietsi zutelako. Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren bigarren legegintzaldian (2001-2005), Ibarretxe Planaren aurka gogor agertu zen. 2003an Jaurlaritzak Villar kargutik kentzeko eskatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak errespetatzen ez zituela argudiatuta.
politika
Enrique Villar hil da
Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen EAEn 1996-2004an eta Jaurlaritzarekin ika-mikak eduki zituen. Minbiziaren eraginez zendu da, 70 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu