Oihane Ugarteburu. Sexu hezitzailea

«Entretenitzea da ipuinen helburua, baina umeak beti jasotzen du zerbait»

Haurrentzako ipuinek balio batzuk transmititzeko orduan duten garrantziaz mintzatu da Oihane Ugarteburu sexu hezitzailea Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen lehenengo egunean.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Eibar
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ipuinen funtzio pedagogikoa: balioak transmititzeko eta harremanak lantzeko ikastaroaren barruan, saio bat eskaini zuen atzo Oihane Ugarteburu (Durango, 1986) psikologian lizentziatu eta sexu hezitzaileak, Garazi Urdangarin psikologoarekin batera. Ipuinek sexualitatearen eta generoaren ikuspegitik zer balio transmititzen dituzten aztertu zuten.

Mendeetan kontatu izan dizkiete gurasoek ipuinak ume txikiei. Jakitun izan dira guraso horiek balio eta ideia batzuk transmititzen ari zirela?

Bereizi egin behar dira ipuina sortu duen pertsona eta gero ipuina kontatzen duena. Ipuinak idazten dituenak zerbait transmititzeko gogoa izan dezake, balio eta ideia batzuk. Gurasoak, berriz, batzuetan balio horien jakitun izango dira, baina ez beti. Eta ipuinek, gainera, hainbat interpretazioizan ditzakete. Ez dituzte berdin irakurriko ipuin bera egileak, gero ipuina kontatzen duenak edo haurrak berak. Azken batean, ipuinen balio edo funtzioak sinbolismoaren ikuspegitik daude landuta. Kolore gorria, adibidez, sexualitatearekin lotzen da garbi, baina Txanogorritxuren ipuina kontatzen diogunean umeari, horrek jasotzen du hori? Beharbada, beste interpretazio bat egingo du.

Ipuin guztiek transmititzen dituzte balio batzuk?

Bai, nik uste dut baietz. Agian, ipuinen helbura entretenitzea da, baina umeak beti jasotzen du zerbait. Eta hori nabarmena da emakumeen eta gizonen rolen banaketan. Ipuinean ikusten badugu emakumea dela etxeko lanak egiten dituena edota besteen zerbitzura dagoena, eta beti polit-polit egon behar duela gero printzeak aukera dezan... hori dena jaso egiten du haurrak. Ume eta hain ume ez direnak beren printze urdina bilatzen saiatzen dira gero.

Gaur egun idazten diren ipuinak gizartearen isla dira?

Azken urteetan aldaketa handia gertatu da, eta gaur egun beste ikuspegi batzuk ere kontuan izanda idazten da. Familia eredu berriak lantzen dira, homosexualitatea...Orain dela 30 urte hori pentsaezina zen.

Hala ere, ipuin ezagunenak betikoak dira, behin eta berriz kontatzen direnak. Balio berriak transmititzen dituzten horiek ematen dira ezagutzera?

Ez dira ipuin ezagunenak, eta bilatu eta aurkitu egin behar dira, bestela beti bukatzen dugulako Txanogorritxu kontatzen. Beti bezala. Baina egia da gero eta jende gehiagok ematen diola garrantzia ipuinen funtzio pedagogikoari, eta batik bat hezkuntza arloan gero eta gehiago irakurtzen direla balio berrietan oinarritutako ipuinak. Izan ere, irakaskuntzan gero eta jende gehiago dago kualifikatua, eta ipuinak, betikoak izan arren, beste modu batean ere irakur daitezke.

Txanogorritxu edota Mari Errauskin kaltegarriak dira balio aldetik?

Ipuinak momentu jakin batzuetan kontatzen dira, eta momentu horietan jasotakoaz gain, gero hausnartzera eraman dezakete umea. Ipuinen helburuetako bat entretenitzea da, eta batzuetan ez diogu buelta gehiago eman behar. Azken batean, otsoa beti da gaiztoa? Bada ez. Baina, agian, lau urteko ume batentzat inportantea da figura negatibo hori, aurre egiteko figura delako. Orain arte ez da txarto ikasi. Eta ipuinekin batera, ideiak eta balioak jasotzeko beste hamaika bide ditugu.

Gaur egungo gurasoak kontziente dira ipuinen bitartez transmititzen dituzten balioez?

Pentsatu nahi dut baietz, baina egia da ipuin bat kontatzen dugunean ez gaudela gogoeta egiten. Telebista ikusten dugunean ere ez gaude gogoeta egiten. Baina gurasoek badakite ipuinek balio batzuk transmititzen dituztela.

Zer moduzko ipuinak idazten dira gaur egun?

Sexistak ez dituzten balioak dituzten liburuak bilatu ditugu guk, eta egia da asko argitaratzen dela. Baina ez dakit horiek diren haurrei oparitzen zaizkienak edota eskoletan irakurtzen direnak. Baina, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izugarrizko lana egiten ari dira esparru horretan. Eta ipuinak, gizartearen isla direnez, aurrerantzean ere aldatuz joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.