Txostena egin zuten hiru epai medikuek azaldu dute Iñigo Cabacas hil zela "objektu biribil eta trinkoak" buruan jo zuelako, belarriaren atzean hain zuzen, eta kolpe horrek kaskezurra apurtu ziola. Zauriaren ezaugarriak kontuan hartuta, kolpea ""bateragarria" da hipotesi nagusiarekin, hau da, gomazko pilota batek jo ziola buruan. Baztertu egin dituzte hasieran plazaratu ziren beste hipotesi batzuk: harri batek edo botila batek buruan jo zuela, edo makila batekin jo zutela, hipotesi horiek ez direlako bateragarriak zauriaren ezaugarriekin.
Epai medikuek esan dutenez, kolpea "argia" zen, eta horrek esan nahi du tiroa "horizontalean" eginda zegoela eta Cabacasen buruarekin "perpendikularrean" jo zuela. Akusazioaren galderei erantzunez, esan dute pilotak errebotatu ostean saiheska jo izan balu Cabacasen buruan, zauria beste mota batekoa izango zatekeela. Kolpea "hilgarria" zen, adituen arabera.
Basurtuko ospitaleko aditu batek eta Espainiako Polizia Zientifikoko kideek ere deklaratu dute, eta, froga gisa, grabazio eta bideo batzuk ere jarri dituzte. Grabazio horietako bat izan da ertzainek gau hartan irratiaren bidez izan zituzten elkarrizketena. Orain arte, grabazio horretako zati ugari entzungai izan dira epaiketan, baina gaur lehenego aldiz osorik eta etenik gabe jarri dute, gertaeren sekuentzia nolakoa izan zen argitu guran. Cabacasen gurasoak oso hunkituta egon dira grabazioa entzungai egon den bitartean, eta amaitu aurretik joan behar izan dute aretotik.
Bihar txosten eta adituen deklarazio gehiago egongo dira, eta aurreikusita dago aldeek ondorioak aurkeztuko dituztela, hau da, orain arteko behin-behineko eskaerak behin betikotzat joko dituzte. Ikusteko dago zigor eskaera horietan aldaketarik egingo ote duten eta, batez ere, zein izango den fiskaltzaren jarrera. Hasieran akusaziorik ez egitea erabaki zuen, baina epaiketan ikusitakoaren eta entzudakoaren ostean litekeena da hori aldatzea.
Mobilizazioak
Iñigo Gogoan plataformakoek elkarretaratzea egingo dute bihar epaitegiaren aurrean 9;00etatik aurrera. Aurreikusita dago epaiketara etorritako begiraleetako batek adierazpenak egingo dituela. John Finnie izango da: Eskoziako polizia ohia da, Edinburgon Alderdi Berdeko parlamentaria eta Segurtasun Publiko eta Demokratikoaren aldeko ekintzailea -gaur ere egon da epaiketan.
Beste aldetik, ostegunean manifestazioa egingo dute Bilbon, 19:30ean, heriotza gertatu zen kalezulotik abiatuta, "justizia" eskatzeko.